Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 20

Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2021eko maiatzaren 20an

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak foru lege bat onetsi du, zeinak aldatu egiten baitu 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legea. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta Navarra Sumak aurka bozkatu du.

 

Nafarroako Gobernuaren ekimeneko lege hori irakurketa bakarrean onetsi da, eta helburutzat du Suspertzerako Europako Bitartekotik (Next Generation EU) heldutako funtsen kudeaketa ahalik eta hoberen egitea. Kudeatze-lan hori Nafarroako Gobernuak egin beharko du 2021etik 2026ra bitartean, pandemiatik eratorritako krisiak eragindako kalteak arintzeko, helburu horrekin kudeaketa pribatuari bultzada emanez, zailtasunak dituzten enpresei lagunduz eta trantsizio ekologiko eta digitala azkartuz.

 

Horretarako, Europar Batasunetik heldutako kapitala ahalik hobekien bideratzeko moduak taxutzearren, aurrekontu-araudia bi arlotan egokitzea sustatzen da.

 

Alde batetik, eta salbuespen gisa, zorpetze-mailaren igotzea baimentzea aztertzen zen, baina azkenean uko egin zaio horri, artikulu bakarraren ordez zuzenketa bat aurkeztu baita, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdiek sinatua. Zuzenketa horretan xedatzen denez, REACT funtsak gauzatzeko behar diren kredituen finantzaketari 2021ean aurre egingo zaio, diruzaintzako gerakinarekin.

 

Hortaz, 20/2020 Foru Legeko 15. artikuluaren 4. bis apartatua ezabatzen da, xede zuena REACT-UE programan jasotako Europako funtsen erabilera arintzea eta aurreratzea. Beraz, ez da aginduzkoa izanen Europar Batasunarengandiko baliabideak jaso arte itxarotea zenbait neurri hartzen hasteko, ongizatearen estatua indartu, zerbitzu publikoak blindatu eta ekonomia suspertzekoak.

 

Bigarren arloan, zeina Legeak zehazten duen, aurrekontu-partiden artean funts-mugimenduak egitearen inguruko zuhurtzia-neurriak malgutzen dira.

 

Ildo horretan, kontuan izanik Europako funtsen parte bat –Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismotik datozenena– Estatuko Aurrekontu Orokorretan zuzkidura duten kredituek osatua dela, xedatzen da ezin izanen direla exekutatu beren araubidearen arabera aukeragarri diren jarduketak finantzatzeko beste ezertarako.

 

Kreditu horiek, zehazten denez, juridikoki atxikita daude Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean integratzen diren proiektu edo ekintza-ildoak finantzatzera. Gastua egin gabe geratuz gero, Nafarroako Gobernuak Altxorrari itzuli beharko dizkio jasotako funtsak, Ogasun Ministroaren agindu bidez arautuko den itzulketa-prozedura baten bitartez.

 

Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoko proiektu bakoitzaren gastu-partidak horretarako sorturiko atributu-moduluaren bidez identifikatuko dira kontabilitate-zereginetarako, haien jarraipena ahalbidetzeko. Eta, urteko kontuen prestaketan, jarduketa horietarako diruzaintza-gerakina bereizi eginen da.

 

Horretarako, 20/2020 Foru Legeari 62. artikulua gehitzen zaio, halaber aprobetxatua 2021erako gastu-aurrekontuko bost partidaren izendapenean aurkitutako oker batzuk zuzentzeko.

 

Onetsiriko aldaketaren ondoren, abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legeak, Nafarroako 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, 62. artikulu berria ere jasotzen du. Honako hau dio:

 

“62. artikulua. Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren kredituak kudeatzea.

 

Funtsen mugimenduak egin ahal izanen dira Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoan Estatuko Administrazioko organo eskudunak onartutako proiektu bakoitzari dagozkion partiden artean, eta, nolanahi ere, kudeaketa agintaritzak abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 46. artikuluan aipatzen den identifikazio-kodea esleitzen dionean.

 

Ukitutako partidak zer departamenturi dagozkion, haren titularrak izanen du funtsen mugimendu horiek baimentzeko eskumena. Departamentu bati baino gehiagori badagokie, eskumena Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariarena izanen da, ukitutako departamentuek adostasuna eman ondoren. Funtsen mugimendu horiek Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Next Generation Bulegoko titularraren adostasuna izan beharko dute”.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, aipatutako zuzenketaz gain, beste bi zuzenketa eztabaidatu eta onartu dira, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk sinatuak. Lehenengoak legearen zioen azalpena aldatzen zuen, eta bigarrenak lege-proiektuan hasiera batean zuzentzen ziren gastu-aurrekontuko sei partidetako baten izena zuzentzen zuen. Zuzenketak Villafrancako haur-parkean egindako ekintza bat jasotzen du, parkearen estalkiari lotuta.

 

Hiru zuzenketak PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin onetsi dira.

 

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

 

www.parlamentodenavarra.es
• Foru lege proiektua (60. NPAO, 2021-05-11koa)