Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Urriak 3

Lurralde erreformak eztabaidagai Analisi Politikoko Ikasgela Parlamentarioan

César Colino UNEDeko Politika Zientzien Saileko irakasle titularrak lurralde egokitzapenerako zenbait ikusmolde ebaluatu ditu, horien eraginkortasunean eta bideragarritasunean oinarrituta

Iritzi Publikoko eta Berrikuntza Sozialeko Katedra 2017ko ekainean jarri zen abian. Beraren bidez sortutako lankidetzari esker, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Parlamentuak “Estatu autonomikorako lurralde erreformak” hitzaldia antolatu dute. UNEDeko Politika eta Administrazio Zientziaren Saileko César Colino irakasle titularra izan da hizlaria.

 

Colinok, Espainiako estatu autonomikoaren ereduari eta “krisi nazional bat ekarri duten azken gertaerei” buruz labur hitz egin ondoren, lurralde erreformarako zenbait proposamen azaldu ditu, konponbide instituzionaletara iristea helburu dutenak. “Orain arte horiek ez dira inoiz erabili Espainian, baina egungo agenda publikoan eta eztabaida akademikoan sartu dira”.

 

Colinok eztabaida horretan nabarmentzen diren bi jarrerak identifikatu eta ebaluatu ditu. Lehenengo ikusmoldea, azaldu duenez, Konstituzioa erreformatzean datza, erreforma nazionalistak txertatzeko, “identitatearen aitorpenean oinarritutako egiturak dituen eredu asimetrikoa eskainiz, eleaniztasuna indartuz edo autodeterminazioari buruzko erreferenduma itunduz. Bigarren ikusmoldeak lurralde sistemaren funtzionamendua hobetu nahi du, baliabide egokiagoak emanez, eskumenak argituz, finantzaketa hobetuz eta kultura berezitasunak aintzat hartuz”.

 

Proposamenak identifikatu eta sor daitezkeen eragozpenak zehaztu ondoren, ikertzaileak esan du hartu beharreko neurriek eraginkorrak izan behar dutela batetik, eta bideragarriak bestetik. “Erreforma horiek guztiak autonomia erkidegoen eta haietako biztanleen laguntzaz egin behar lirateke; beraz, jarreren bideragarritasuna oso urrun dago. Bi jarreretatik ere osagaiak jasoko lituzkeen erreforma batek bakarrik aurki lezake adostasun gune bat, magiazko formula bat Kataluniaren berezitasuna bideratu ahal izateko sistemaren eraginkortasuna kaltetu gabe, gainerako erkidegoentzat onargarria eta Euskal Autonomia Erkidegoarentzat erabilgarria izan litekeena”.

 

César Colino Cámara irakasle titularra da UNEDeko Politika eta Administrazio Zientziaren Sailean, eta “Politika eta Demokrazia” masterra koordinatzen du bertan. Gainera, irakasle aritu da hainbat erakunde akademikotan, ikerketa proiektu askotan parte hartu du, eta konferentzia zein unibertsitateetan 80 txosten baino gehiago aurkeztu ditu zazpi herrialdetan. Bere ikerlan eta argitalpenetan aztergai izan ditu politika publiko eta administrazio konparatuak, sistema nazionalen europartzea, eta eskualde-gobernuak, demokrazia eta herritarren parte-hartzea toki mailan. Beste gai hauek ere jorratu ditu: federalismo konparatua (batez ere aniztasunaren kudeaketa), gobernu arteko harremanak, ondare historikoak, federazioetako konstituzio-erreforma, federalismo fiskala eta egungo krisiak sistema federaletan duen eragina, bereziki Espainiako, Alemaniako eta Kanadako kasuetan.

 

Iritzi Publikoko eta Berrikuntza Sozialeko Nafarroako Parlamentua Katedraren barnean antolatu da hitzaldia. Katedra hori Nafarroako Unibertsitateak eta Foru Legebiltzarrak sinatutako urteko lankidetza-hitzarmenaren barneko azterketa- eta ikerketa-programa bat da, zenbait jarduketa-modalitate biltzen dituena; besteak beste, lehen aldiz 2016ko abenduan argitaratu zen Iritzi Publikoaren Barometroa. Jardunaldiaren aurkezlea Beatriz Acha izan da. Zuzenbideko eta Zientzia Politikako doktorea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko Soziologia Saileko irakaslea.