Kultura eta Kirol Batzordeak Iratxeko monasterioa bisitatu du
Eliza erromanikoan egindako indusketen nondik norakoak ezagutzeko, gutxienez ere beste bi tenplu zaharragoren hondarrak aurkitu baitira, X. eta XI. mendeetakoak
Kultura eta Kirol Batzordeak gaur bisita egin du Iratxeko monasteriora, monumentu multzo horretako XII.-XIII. mendeetako eliza erromanikoan argiztapena eta zorua berritzeko obrekin batera egin diren indusketen norainokoa ezagutzeko. Han lehenago gutxienez ere beste bi tenplu izan zirela berresten duten hondarrak aurkitu dira, X. eta XI. mendeetakoak.
Batzordeko kide hauek izan dira bisitan: Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Miguel Bujanda (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), Jabi Arakama (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu).
Iratxeko monasterioan (Aiegi) Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Susana Herreros Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak, Javier Sancho Nafarroako Gobernuko arkitekto eta obraren zuzendariak, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Jesús García eta Jesús Sesma arkeologoek, eta obraren arkeologia arduradunak, Trama kabineteko Merche Unzuk.
EH Bildu taldearen proposamenez egin da bisita. Talde horretako eledun Maiorga Ramírezek azaldu duenez, helburua izan da “aurkikuntza arkeologikoak gertutik ikustea, zenbateko garrantzia duten jakitea, eta Departamentuari galdetzea zer plan dituen zabalkundearen edo ustiapenaren bitartez haien balioa agerrarazteko”.
Jarraian, parlamentarioek ibilbide gidatua egin dute indusketa gunean (eliza erromanikoa). Susana Herrerosek azaldu duenez, “hemen aurkitutako hondarrek erakusten dute gutxienez ere bi eliza izan zirela lehenago, bat IX. mende amaierakoa edo X.aren hasierakoa eta bestea XI. mendekoa”.
XI. mendeko elizaren aztarnak, besteak beste abside hirukoitz bat, gurutzadura aldean eta erdiko habeartearen aurrealdean daude (beste eliza atzerago dago). “Iratxeko Teudano abadearen hilobiaren estalkia ere agertu da, Erdi Aroko idazkera bisigotikoan egindako inskripzio batekin. 971eko data duen Villatuertako San Migelekoaren berdina da. Itxuraz estalki hori XI. mendeko beste elizakoa da, baina dena delakoagatik X. mendeko elizaren aztarnen artean agertu da. Han botako zuten nonbait”, zehaztu du Herreros.
Testuinguru horretan, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak esan du Obraren Oroitidazkia osatu arte itxaron beharko dela aurkikuntzaren garrantzia neurtzeko. “Datuak bildu eta aztertu behar dira. Hilobiaren estalkiari dagokionez, NUPen bitartez txostena eskatu zaio Leongo Unibertsitateko epigrafista bati. Dosier dokumentala ere gehituko zaio, eta hori guztia Oroitidazkian jasoko da”.
Jesús García arkeologoak adierazi duenez, “ikertzen jarraituz gero, ziur aski oso antzinako okupazio baten zantzuak aurkituko dira, erromatarren garaikoak edo lehenagokoak. Beste kontu bat da zer kontserbazio egoeratan aurkituko diren”.
Amaitzeko, Maiorga Ramírez Susana Herrerosi zuzendu zaio eskaera hau egiteko: obrak amaitutzat eman baino lehen jakitun jar dezatela Kultura Batzordea, beste bisita bat egin eta indusketaren xehetasunak ezagutu ahal izateko.
Iratxeko monasterioa Nafarroako monumentu multzo garrantzitsuenetakoa da. XII. mendeko eliza erromanikoa, klaustro platereskoa eta dorre herreratarra nabarmentzen dira. Donejakue Bidearen ondoan dago, Jurramendi pean. Bere historia luzean hainbat erabilera izan ditu, hasierako erromes ospitaletik paradoreraino (1985az geroztik); halaber izan da unibertsitatea (1569-1824), odol ospitalea karlistaldietan eta Eskolapioen ikastetxea (1885 eta 1984).