Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Urriak 16

Kultura eta Kirol Batzordea Tuterako Hiria Udal Estadioa ikustera joan da

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu futbol zelaia “berehala birgaitzearen” alde agertu dira, eta Udalak lau faseko jarduketa bat planteatu du, 2,6 milioikoa

Kultura eta Kirol Batzordeak gaur bisita egin du Tuterako Udal Estadiora; instalazio hori 1966an eraiki zen eta egun “segurtasun, osasungarritasun eta irisgarritasun” aldetik dituen akatsek berehalako jarduketa bat eskatzen dute. Estadioaren egituran antzeman diren kalteen larritasuna dela eta, jarduketa horretan eraikinaren ingurua birgaitzea lehenetsi behar da, nahiz eta instalazioak berak ere oso hondatuak egon.

 

Batzordeko kide hauek joan dira bisitan: Maribel García Malo, Alberto Bonilla, Javier García, Raquel Garbayo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko delegazioari harrera egiteko bertan izan dira Alejandro Toquero Tuterako alkatea, Zeus Pérez Hirigintzako zinegotzia, Irune García Kiroleko zinegotzia, José Luis Sangüesa Udaleko kirol teknikaria, Eduardo Erro Udaleko Lurraldearen Antolamenduko zuzendaria, Jesús Zubieta Kalitate, Bizitza eta Hirigintza Arloko burua, Efrén Munárriz arkitektoa, estadioa zaharberritu eta baloratzeari buruzko txostena egin duena Udalak eskaturik, eta Jesús Miranda C.D. Tudelano klubeko presidentea.

 

Bisitaren xedea izan da, proposamena egin duen taldearen eledun Maribel García Malok (Navarra Suma) adierazi duenez, “instalazioen egoera in situ ezagutzea eta estadioa birgaitzeko beharra nabarmentzea” bestelako konponbideen aldean, izan ere aurreko gobernu taldeak proposatu baitzuen futbol-zelai bakar bat egitea egungo Luis Asarta futbol-zelaiaren gainean (hori ere Udalarena da eta C.D. Lourdes klubak erabiltzen du).

 

Jarraian, parlamentariek Tuterako Udal Estadioan zehar ibilbidea egin dute, eta, arkitektoaren azalpenak entzun bitartean azpiegiturako hainbat elementu “ia erortzeko zorian” daudela ikusi dute; tribuna nagusiaren estalkia (zurkaiztuta dago) eta hilerri aldeko hondoko harmailak erabat ezgaituta daude.

 

Efrén Munárrizek adierazi duenez, “arrakalek eta iragazgaizte-arazoek lur jotzeko arriskuan jartzen dute estalkiaren egitura, eta, horrenbestez, instalazioak publikoarentzat itxita dira, baita hilerriaren alboko hondoko harmailak ere, erabat hondatuta baitaude mendi-hegaletik datozen uren metaketagatik. Harmailen hondatze prozesuak eta elementu askoren eraikuntzaren prekarietateak hainbat irisgarritasun eta segurtasun arazo ekarri dituzte, eta izugarrizko mantentze falta baten ondorioa da hori”.

 

Hori horrela, segurtasun defizitak estadioaren egiturari ez ezik hainbat gela eta ekipamenduri ere eragiten diela azpimarratu ondoren, Kultura eta Kirol Batzordeak Tuterako Udal Estadioko txokoak ikuskatu ditu, hala nola instalazio elektrikoa, zeinaren urritasunak (ezin da argi artifizialarekin jokatu) harmaila baten azpian sorgailu bat erabiltzea ezinbesteko egiten duen.

 

Jesús Miranda C.D. Tudelano klubeko presidenteak ohartarazi duenez, “egunen batean estadioa itxiko diguten arriskuan gaude. Oraingoz Espainiako Futbol Federazioak bertan jokatzen uzten digu. Rubiales presidenteak zelaia ikusi du. Birgaitze bat egingo dugula agindu diogu eta hau guztia konpontzeko denbora emateko konpromisoa hartu dute. Umiltasun osoz, Gobernuari eta Udalari eskatzen diet estadio enblematiko hau mantentzen laguntzeko. 50 urte iraun duen utzikeria ahaztu eta estadioa birgaitu behar dugu”.

 

Adierazitakoaren harira, Mirandak esan du Tuterako Udal Estadioa “Nafarroa hegoaldeko klub batek futbol profesionalean gora egiteko aukera izan dezan ezinbestekoa” dela. Bigarren edo lehen mailara igotzeak, esparru sozioekonomikoan, inbertsioa aise itzultzea ahalbidetuko liguke. Horretarako, ezinbestekoa da estadio hau berreskuratzea. Nafarroaren eta Erriberaren isla da, eta, gaur egun, ez digu harro egoteko aukerarik ematen, ezta gutxiago ere”.

 

Udalak eskatutako azterlanean proposatzen den lau faseko birgaitzearen alde hitz egin du Alejandro Toquero Tuterako alkateak; birgaitze horrek 2,6 milioi euroko kostua izanen luke. Lehenengo faseak irisgarritasuna, segurtasuna eta azpiegiturak ditu xede, eta bi hondoak kenduko ditu; 1,5 milioi eurotan baloratu da. Hurrengo hiru faseek barnealdea egokitzea izanen dute helburu (aldagelak, komunak etab.), eta baita joko-zelaia eta argiteria egokitzea ere, guztira 1,1 milioi euroko kostuarekin (500.000 + 300.000 + 250.000).

 

Udalak, Kultura eta Kiroleko kontseilariari azterlana helarazirik, datorren asterako “tribuna nagusiko kalteen azterketa berri eta sakonago bat” izatea espero du. Eraberritze osoaren aurreproiektua urte amaierarako egonen da prest. Zelai honek ezin du adabaki gehiago jasan, irtenbideak berehalakoa izan behar du eta Udalaren eta Gobernuaren eskutik etorri behar du; Gobernuari eskatzen diogu 2020. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan partida handi bat ezar dezala”, adierazi du Toquerok.

 

Luis Asarta futbol-zelaia handitzeari buruz galdetu zaionean, alkatea irmo agertu da honako hau adieraztean: “Tudelano eta Lourdes klubek estadio bana izan behar dute. Ez dugu egingarri ikusten, adierazi dudan moduan, oso garrantzitsua baita hiriarentzat Tuterako Udal Estadioaren historia mantentzea”.

 

Hitza hartzeko txanda izan dutenean, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bilduko eledunak bat etorri dira Tuterak berriz ere kirol ekipamendu duinak izateko presako jarduketa bat egiteko beharra aitortzean.

 

Maribel García Malok (UPN talde parlamentarioa) “larrialdi” egoera aipatu du, eta foru gobernuari eskatu dio 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan estadioa zaharberritzeko “konpromisoa” har dezala. “Hala bada, eta ziur naiz hala izanen dela, denbora soberan izanen da legealdi honetan amaitzeko proiektu hau. Jarduketa presaz egin behar da”.

 

Jorge Aguirreren (PSN talde parlamentarioa) hitzetan, bere taldeak Tudelanorekin eta Tuterako kirol-instalazioekin duen konpromisoa “argia da eta beti izan da hala. Hau ez da klubak eta hiriak merezi duten estadioa. Haren egoera denboraren iraganaren eta administrazio askoren utzikeriaren isla da. Ez ditu profesionaltasun eta segurtasun baldintzak betetzen, ezta beste deus ere. Sakonki aztertuko dugu txostena”.

 

Mikel Asiainek (Geroa Bai talde parlamentarioa), berriz, honako hau adierazi du: “argi geratu dira 50 urteko historia duen eta eraberritze gutxi izan dituen estadio baten hutsuneak eta beharrak. Premiazkoa da estadioa birgaitzea. Tudelano kluba erreferente bat da Erribera osoarentzat. Kirol profesionalerako eta oinarriko kirolerako egokiak diren instalazioak izan ditzan nahi dugu. Txostena aztertu eta gure iritzia azalduko dugu”.

 

Ildo beretik, Txomin Gonzálezek (EH Bildu talde parlamentarioa) bere taldearen “babesa eta erabateko konpromisoa” azaldu du, Tuterak “merezi duen estadioa izan dezan. Lehen inbidia ematen zuen, orain, aldiz, pena. Lurralde guztien premiei erantzun behar diegu, baina 2020rako aurrekontuetan birgaitzearen aldeko apustu argia ikustea espero dugu”.

 

Tuterako Udal Estadioa 1966tik dago zabalik. 1969ko abuztuaren 17an inauguratu zen, Luis Zardoya presidente zela. Hasieran José Antonio Elola jarri zioten izena (1956an Espainiako Batzorde Olinpikoko burua izan zen, eta Falangean hainbat kargu izan zituen). Zortzi-bederatzi mila ikuslerentzako lekua zuen, baina heren bat baino gehiago galdu du, tribuna nagusia eta hilerri aldeko hondoko harmailak ixtearen ondorioz. Batez beste 1.000 eta 2.000 ikusle bitarte hartzen ditu.