Hezkuntza diabetologikoari buruzko mintzaldia Parlamentuan
Cristina Criado, Maite Galdeano eta Arantxa Bujanda erizainek azpimarratu dute hezkuntza terapeutikoak garrantzi handia duela diabetikoa bere tratamendua kudeatzeko gaitzeari begira
Datorren ostegunean, hilak 14, ospatuko den Diabetesaren Nazioarteko Egunaren karietara, Nafarroako Parlamentuan hezkuntza diabetologikoari buruzko hitzaldi bat izan da arratsalde honetan. Bertan, ANADIren ekimenez, Cristina Criado, Maite Galdeano eta Arantxa Bujanda erizain espezializatuek prebentzio-pedagogiaren garrantziaz ohartarazi dute.
Cristina Criado eta Maite Galdeano diabeteseko erizain hezitzaileak dira Nafarroako Ospitalegunean eta nabarmendu dutenaren arabera “hezkuntza terapeutikoan oinarritu behar dira farmakologia, elikadura eta ariketa, horiek baitira gaixotasunari aurka egiteko hiru zutabeak. Helburua da gaixoa gaitzea, behar dituen tresnak eta trebeziak eskaintzea gai izan dadin bere tratamendua kudeatzeko”.
Ildo horretatik, Arantxa Bujanda ANADI-Diabetesaren Nafarroako Elkarteko erizainak zehaztu duenaren arabera “diabetikoak etxean egunean zehar hainbeste erabaki hartu behar duenez, prestakuntza etengabe eta eguneratua funtsezkoa da autokontrola hobetu eta balizko konplikazioei aurrea hartzeko”.
ANADIn betetzen duen eginkizunari dagokionez Bujandak elkarteak duen zeregina azpimarratu du, “eremu horretan ea aktiboagoan partekatzen baitira ikaskuntzak eta esperientziak, baita adin txikikoekin ere. Nafarroako Ospitalegunean errefortzu asko dago, ez hainbeste osasun etxeetan ordea, baina erizaintzak, oro har, eginkizun garrantzitsua betetzen du diabetikoei eta senideei laguntza espezializatu eta hurbila emateko”.
Teknologia berrien eta gaixotasunaren tratamendu eta kontrolean duten eragin handiaren inguruan, aitortu du aurrerapen horien garrantzia eta, halaber, diabetikoen bizi-kalitatean hobekuntzan duten eragina, baina ohartarazi duenez “etengabeko birziklatzea eskatzen dute, etengabeko lana, egokitzeko eta hezkuntza arloan txertatzeko”.
Saioa, Iñaki Lorentek moderatua, Parlamentu Irekia interes sozialeko herritarren ekimenak bideratzeko programan kokatzen da.
ANADIk Nafarroako Parlamentuaren lankidetzarekin antolatu duen zikloan badago bigarren hitzaldi bat, Eredu dietetikoak diabetesa helburuen arabera tratatzerakoan izenburukoa. Asteazken honetan, hilak 13, izanen da (erabilera anitzeko gelan, 18:30ean) eta Nafarroako Ospitaleguneko endokrinologo-nutrizionista Ana Zugasti izanen da hizlaria.
Diabetesaren Nafarroako Elkartea (ANADI) 1983an sortu zen, gaixotasun hori duten pertsonen bizi-kalitatea osasun-laguntza egoki baten bidez nahiz hezkuntza diabetologiko egoki baten bidez hobetzeko xedez, gaixo horien erabateko gizarteratzea lortzera bideratutako prozesu baten baitan.
Nafarroan 36.000 pertsona daude diabetesaren diagnostikoa jaso dutenak, gehienak osasungarria ez den bizimodu bati lotutako 2. motako diabetesarekin, zeina kasuen % 70ean ekidin baitaiteke. Gainerakoek, 1. motako diabetesa dutenek, intsulinaren bidezko tratamendua behar dute. Estimazioen arabera, beste 14.000 pertsona inguru egon daitezke diagnostikatu gabe.