Hezkuntza Batzordeak Beriaingo ikastetxe publikoa bisitatu du
Ikastetxeko zuzendaritzak eta Udalak aurrekontu babesa eskatu dute birmoldatzearen azken faseari ekiteko, arotz-lanak berritzea barne
Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak Beriaingo ikastetxe publikoa bisitatu du gaur, horrela eskatu baitute Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu Nafarroako foru parlamentarien elkarteak eta Mistoa-Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak. Beriaingoa eskualde-ikastetxea da, eta A eta IIP hezkuntza ereduak eskaintzen ditu. 340 ikasle ditu, eta 35 irakasle.
Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Pedro González, Iñaki Iriarte (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Duguko foru parlamentarioen elkartea) eta Marisa de Simón (Mixto-Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioa).
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Joxe Iribarren ikastetxeko zuzendariak, José Manuel Menéndez Beriaingo alkateak, Santiago Marcos, Ana Llamas eta Solangel Quintana zinegotziek, hainbat irakaslek eta guraso elkartearen ordezkariek.
Bisitaren helburua, hura proposatu duten taldeek azaldu dutenez, “ikastetxearen energia- eta segurtasun-egoera hobetzeko orain arte egindako esku-hartzeak egiaztatzea” izan da.
Parlamentariek bisita egin dute ikastetxeko instalazioak ikusteko, zuzendariak gidaturik, eta azken urteetan egindako esku-hartzeak egiaztatu dituzte.
Jarraian bilera egin da, eta bertan Joxe Iribarrenek azaldu du nola egiturazko kalteek bultzatu zituzten ikastetxea eta Udala hobekuntza integraleko plan bat eskatzera aho batez. Halaber, orain arte ekin zaien faseen nondik norakoak azaldu ditu.
Adierazi duenez, saneamenduko eta segurtasuneko esku-hartzeak egin dira, komunak eta aldagelak zaharberritu eta handitu dira, berritu egin dira argindar instalazioa eta teilatua (uralitazkoa zen), eta eraikinaren energia-efizientzia hobetu duten obra batzuk egin dira, hala nola inguratzaile termikoa, hodiak berritzea, berogailuak berritzea eta arotz-lan gehienak aldatzea.
Bestalde, Iribarrenek eskerrak eman dizkie Parlamentuko ordezkariei, “zazpi urtean, inplikatutako alderdi guztien konpromisoari esker, buelta eman zaiolako ikastetxearen egoerari, egiturazko akats larriak konponduz. Dirua eraginkortasunez gastatu da eta gaur halaxe egiaztatu ahal izan duzue. Dena den, oraindik jarduketa batzuk egin behar dira eta azken faseari heldu behar diogu, hau da, arotz-lanak aldatzeari; beharrezkoa eta bidezkoa da zaharberritze osoa bukatzea”, nabarmendu du.
José Manuel Menéndezek bere egin du zuzendariaren balorazioa, eta parlamentuko talde guztien presentzia eta laguntza eskertu ditu. Bisita baloratu du: “horrela in situ ikusten ahal dituzue onetsi dituzuen obrak. Ikastetxea asko hobetu da, baina ez dugu amaitu oraindik. Aurrekontu babesa eskatzen dugu, hartutako konpromisoari jarraipena emateko”.
Udalak 285.000 euroko inbertsioa behar dela kalkulatu du, ikastetxearen segurtasuna eta energia-efizientzia bermatzea xede duten zaharberritze lanak burutzeko. “Jabeturik gaude Udalari dagokiola ikastetxea mantentzea, baina obra hauek mantentze lanetatik harago doaz eta Udalak ez du halako obrei ekiteko baliabide ekonomikorik”.
Hitz egiteko bere txandan, Pedro Gonzálezek (Navarra Suma) esan du Nafarroako Gobernuak jarduketa plan bat eduki behar lukeela ikastetxeetan esku hartzeko, haietako bakoitzaren premien eta inguruabarren arabera, udal guztiak kontuan har daitezen eta aurrekontu-zuzenketen menpean egon ez daitezen.
Jorge Aguirrek (PSN talde parlamentarioa) hau azpimarratu du: “Premia garrantzitsuak dituzten ikastetxeen zerrenda luzea dago eta lehentasunak ezarri behar dira, kostuari ez ezik eskola bakoitzaren ezaugarriei eta inguruneari ere erreparatuz. Aukerak aztertuko ditugu”.
María Solanak (Geroa Bai talde parlamentarioa) dirulaguntzen deialdietan parte hartzeko aukera aipatu du, eta nabarmendu du ikastetxeak azken urteetan “funtsezko aldaketa” izan duela, energia-efizientziari, segurtasunari eta erosotasunari dagokienez.
Bakartxo Ruizek (EH Bildu talde parlamentarioa) esan du azken urteetan ahalegina egin dela “Nafarroako ikastetxeak hobetzeko eta akatsak zuzentzeko, 2011-2015 bitarteko murrizketen ondoren. Ikastetxe asko daude egoera berdinean eta eskertzekoa da ikastetxe honen hobekuntza ikustea”.
Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Duguko foru parlamentarien elkartea) hau azaldu du: “Badaude borondatea eta konpromisoa prozesuan aurrera egiteko, eta horregatik ekinean jarraituko dugu eta aurkezten den zuzenketa babestuko dugu”.
Ildo beretik, Marisa de Simónek (Mistoa-Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioa) “hasitako konpromisoa bukatzeko” hitzeman du, eta hau zehaztu du: “Obra hauek ez dira Udalaren konturako mantentze lan horietakoak, eta ez da bidezkoa honelako zaharberritzeen zama udalei ezartzea”.