Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Maiatzak 5

Gobernuari Andre Maria Erregina auzoko txaboletan bizi direnentzako ordezko bizitokia eskatzen zion mozioa baztertu da

PPk uste du lurzati horretako garbiketa eta egokitze lanek arazoa iraunarazi baino ez dutela egiten, ukitutako pertsonen nahia bete gabe

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, gaur atzera bota duen mozio batek Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “neurriak har ditzan konponbide bat aurkitze aldera Andre Maria Erregina auzoko txabola-kokalekuan bizi diren herritarren higieneko, osasungarritasuneko eta segurtasuneko gizapetiko baldintzetarako, haiek etxebizitza duin batean birkokatuz”.

Baztertutako mozio horren bigarren puntuan, PSNren abstentzioarekin, Iruñeko Udala premiatzen zen “ukitutako alde guztien mesederako izanen den konponbide bat bila dezan (txaboletan bizi diren pertsonak, Andre Maria Erregina eta Lezkairu auzoetako bizilagunak eta merkatariak eta Tenis Kluba), eta Eskubide Sozialetako Departamentuarekin lankidetzan jardun dezan txabola-kokalekua kentzeko”. UPNk eta PPNk aldeko botoa eman dute berriro, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E berriro agertu dira aurka.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerrak ordezteko zuzenketa aurkeztu dute, eta PPNk, ekimenaren titularrak, ez du onartu. Bertan Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “bere esku dituen baliabideak eta laguntzak eskain diezazkiola Iruñeko Udalari, Andre Maria Erregina auzoko kokalekuan bizi diren familiak eta gizarte bazterkeria larria jasaten duten pertsona eta familia guztiak gizarteratzeko eta laneratzeko”.

PPN foru parlamentarien elkarteak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean gogorarazten da Andre Maria Erregina auzoko txabola-kokalekuaren inguruan sortutako arazoei buruzko lan saioa egin zela Tenis Klubeko ordezkariekin eta Lezkairuko bizilagun eta merkatariekin, eta, horri dagokionez, txabola-kokalekua dagoen lurzatiaren mantentze eta garbiketa lanak (komun kimikoak jartzea barne) eginez inolaz ere ez dela arazorako konponbiderik lortuko uste du, “aitzitik, lortzen dutena da arazoa iraunkor bihurtzea eta finkatzea, eta horrek ez du aseko inplikatutako aldeetako bat ere”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (60. NPAO, 2016-05-03koa)