Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Maiatzak 28

Gobernuak dio Nafarroa trantsizio energetikoan "lerrokatuta" dagoela Europako eta Estatuko esparruekin

PSNren interpelazio bati erantzunez, energia garbien aldeko apustua indartu nahi du, klima-aldaketa arintzeko, enpresa-sarea indartzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik ziurtatu duenez, Foru Komunitatea Europako eta Estatuko esparruarekin "lerrokatuta" dago trantsizio energetikoari dagokionez, eta Foru Gobernuko departamentuen "konpromiso osoa" azpimarratu du.

 

Ayerdik, kontroleko osoko bilkura mistoan (presentziala eta telematikoa), PSNk trantsizio energetikoaren inguruko politika orokorrari buruz egindako interpelazioari erantzun dio, eta adierazi du "Nafarroarentzat aukera handia den esparru europarra" dugula. Horren harira, honako hau adierazi du: "Guztiongan eragina duten energia garbiaren politikak birpentsatzea gure gizartearen eraldaketa globala da".

 

Bigarren esparrua osatzen dute, haren esanetan, energia eta klimaren plan nazional integralak eta Kongresuan dagoen lege proiektuak: "Europako esparruarekin bat egiten duen esparrua. Norabide berean goaz denok ", berretsi du.

 

Ayerdik azaldu duenez, "trantsizio energetikoak orain arte imajinatu ezin izan diren espazioak irekitzen ditu, digitalizazioaren eta energia berrien eskutik doazenak. Nafarroak badu desberdin egiten duen ezaugarri bat: trantsizio energetikoaren bidean joan nahi izateaz gain, gaur egun enpresa, industria, ikerketa eta ezagutza ekosistema oso garrantzitsua dugu jada. Nafarroak, hartara, beste modu batera aurkezten du bere burua. Trantsizio energetiko egokia aprobetxatu behar dugu ", esan du.

 

Ayerdi kontseilariak adierazi duenez, "energia, berrikuntza eta prestakuntza uztartuz, inbertsio pribatu handia eginen dugu, eta horrek efektu konbinatu interesgarria sortuko du. Aldaketa hau gure artean geratzeko etorri da eta hoberako izanen da ", gaineratu du.

 

Interpelazioa defendatzeko txandan, Virginia Magdalenok (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa) zera adierazi du: "egun hauetan ikasi dugu gehiago ekoiztuz gero, gutxiago egonen garela besteen mende, eta etorkizunerako enpresa-sare indartsua sortuko dugula. Egungo krisiaren ostean, hobeki berreraiki behar dugu Nafarroa".

 

Europako eta Estatuko esparruei begiratuta, Nafarroak "aukera handia" duela gaineratu du Magdalenok. Egindako lana aprobetxatu behar dugu eta, laguntzekin batera, aldaketa energetikoaren buru-buruan egon". Horren harira, Nafarroako Gobernuak lau ardatz jarraitzea defendatu du: neurri zehatzak jasoko dituen legedia; berrikuntzaren aldeko apustua; ezagutzaren eta talentuak erakartzearen aldeko apustua, eta proiektu estrategikoen aldeko apustua.

 

Amaitzeko, Magdalenok esan duenez, "gauzak ondo eginez gero, aldaketa energetikoak aldaketa klimatikoa arinduko du, baina, gainera, gure enpresa- eta industria-sarea indartuko du, eta horrek enplegua sortuko du, eta kalitatezkoa gainera. Nafarroak teknologia garbiak ditu eta horiek aprobetxatu behar ditugu”.

 

Elena Llorentek (Navarra Suma) Gobernuari eskatu dio “mugikortasun elektriko eta jasangarrirako trantsizioa bizkortzeko”, uste baitu ez dela benetako apustua egiten ari. Era berean, uste du biraktibazio ekonomikoaren ondorioz "emisioei dagokionez koronabirusaren aurreko egoerara itzultzeaz gain, okerrera egingo duela, garraio publikoa gutxiago erabiliko delako”, hausnartu du.

 

Mikel Asiainek (Geroa Bai) aurreko legegintzaldian ingurumenaren arloan egindako jarduerak baloratu ditu, eta gaur egungo egoera bizimodu ekologikoago baterantz joateko aukera gisa interpretatu du; izan ere, “kolpatu gaituen osasun-krisiak gizabanako eta gizarte gisa zalantzan jartzen gaitu”.

 

Adolfo Araizek (EH Bildu) zalantzan jarri du energia-trantsizio bat egiten ari dela, “ez baita egia energia berriztagarrien sorkuntza handitzen ari denik”, eta, aldi berean, “gero eta energia fosil gehiago erabiltzen ari da”.

 

Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) hainbat proposamen egin ditu trantsizio energetiko eta ekologikoa lortzeko, eta Navarra Sumaren jarrera zentsuratu du, uste baitu autoetatik egin dituzten “goratze faxistek”, auto bakoitzeko pertsona batekin argi uzten dutela “ez dutela ezer ulertu”.

 

Marisa de Simón (G-Mixto Izquierda-Ezkerra) bat etorri da Araizekin: "errealitatearen interpretazio okerra" dugu abiapuntu. “Energia berriztagarriei kalte egin zaie. Berotegi-efektua eragiten duten emisioak gehitzea kezkagarria da”, eta gehitu du "areagotze hori bat datorrela AHTren obrekin".