Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 28

Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru legea aldatzen duen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko otsailaren 28an

Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru legea aldatzen duen Foru Legea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPN aurka bozkatu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurkeztutako foru legearen xedea arloko esparru juridikoa gaurkotzea da, hartara, izandako eskarmentuaren nahiz Estatuko araudi berriaren argitan, larrialdietarako arreta eta larrialdien kudeaketa Nafarroako lurralde eremuan gertatzen diren arriskuei egokitzeko.

 

Horretarako, Nafarroako Babes Zibilaren Alarma eta Alerta Sarea sortzen da, larrialdi egoeren aurreikuspenerako, detekziorako eta jarraipenerako sistema eta, horrekin batera, agintariei, zerbitzu eskudunei eta herritarrei larrialdi-abisuak emateko komunikazio sistema izan dadin. Larrialdien Kudeaketarako Zentroari dagokio haren kudeaketa. Zentro horrek, lankidetza-hitzarmenen bitartez, beren sareak eta sistemak egokitzeko baldintzak zehaztuko dizkie departamentu eta sektore publikoko erakunde eskudunei, daukaten informazio guztia “denbora errealean eman” ahal izateko.

 

Hala, ezbehar-atalase desberdinen arabera, abisuak bideratuko dira eta informazioa emanen da, bai modu prebentiboan bai erreaktiboan, eta prebentzio, informazio, zabalkunde eta sentsibilizazio kanpainak eginen dira arriskuei aurre egiteko eta arriskuen aurrean nola jokatu jakiteko.

 

Ildo horretan, desgaitasunen bat duten pertsonek arriskuak eta autobabeserako nahiz prebentziorako neurriak ezagutzen dituztela ziurtatzeko berariazko neurriak hartuko dira, eta babes zibileko planetan parte hartu ahal izateko aukera emanen zaie. Horri dagokionez, ohiko lankidetza honakoen bidez bideratuko da: babes zibileko talde eta erakundeen, suhiltzaile boluntarioen talde eta erakundeen eta oinarrizko jarduketak bermatzeko behar diren beste guztien bidez.

 

Babes zibileko boluntarioen elkarteek erregelamenduz ezartzen den erregistroan izena eman beharko dute. Aurretiaz lankidetza-hitzarmena sinatu beharko dute Administrazioarekin, eta bertan honako hauek jasoko dituzte, besteak beste: beren baliabideak haren eskura jartzea, laguntzeko modua, eta legozkiekeen konpentsazioak. Boluntario gisa parte hartzeko beharrezkoa izanen da curriculum-gaitasun egokiak edukitzea, eta departamentu eskudunaren ardura izanen da hori egiaztatzea.

 

Larrialdien Kudeaketarako Zentroak bere gain hartuko ditu larrialdi arrunten koordinazioa eta zuzendaritza eta aparteko larrialdien koordinazioa. Horrez gain, haren inguruan egituratuko da aginte-postu nagusia, Foru Komunitatearen intereseko edo esparruko planen zuzendaritzaz arduratuko dena.

 

Protokolo operatiboak zentro horrek taxutuko ditu eta babes zibilaren arloaren eskumena duen zuzendari nagusiak onetsiko ditu, parte hartzen duten baliabideen titularrekin adostu ondoren.

 

Larrialdietako osasun garraiatzeei dagokienez, uretako, ur azpiko eta mendiko salbamendua berariaz sortuko diren laguntza-talde berezien ardura izanen dela xedatzen da.

 

Larrialdien Kudeaketarako Zentroarekin zerikusia duten gorabeheren grabazioak eta erregistroak gutxienez ere sei hilabetez eta gehienez ere bi urtez gordeko dira, agintaritza judizialak besterik agindu ezean.

 

Larrialdien Kudeaketarako Zentroa larrialdien eta babes zibilaren kudeaketaren arloko departamentu eskudunari atxikiko zaio. Zentro horretako organo arduraduna fitxategien erantzulea izanen da, bai eta datuen konfidentzialtasun, segurtasun eta osotasunarena ere.

 

Foru Gobernuari dagokio, kontseilari eskudunak proposaturik eta Babes Zibileko Batzordearen txostena eginik, Nafarroako babes zibileko lurralde plana eta plan bereziak onestea, eta lurralde plan hori lurraldearen antolamendurako baliabidetzat joko da. Plan bereziek ezarriko dute, kasua baldin bada, zer udalerri dauden behartuta arrisku jakin batzuei erantzuteko udal-jarduketa planak edukitzera.

 

Plan berariazkoak plangintzarako oinarrizko jarraibiderik ez duten eragin bereziko arriskuei aurre egiteko tresnak dira. Plan berariazkoetan sartzen dira oinarrizko zerbitzuetarako kontingentzia planak, zeinak koordinatu eta osatu egin beharko baitira azpiegitura kritikoak babesteko planekin.

 

Arloan graduatutako langileek idatzi beharko dituzte autobabeserako planak. Horrelako plan bat eduki behar duten enpresen eta entitateen titularrak behartuta egonen dira, babes zibileko zerbitzu publikoen arloko agintari eta arduradunek hala eskatzen badiete, lan prebentibo edo operatibo guztietan parte hartzera.

 

Testuinguru horretan, baina Babes Zibileko eta Larrialdien Kudeaketarako Zerbitzuetako langileen araubideari dagokionez, erabaki da irizpenetik kentzea klausula bat, baimena ematen zuena segurtasun arloko goi mailako funtzionario teknikoei “esklusibotasun araubidean eta arduraldi, erabilgarritasun eta lan-ordutegi bereziarekin lan egin dezaten errekeritu ahal izateko, beren ardurapeko zerbitzuak urteko egun guztietan 24 orduz etenik gabe funtzionatzen dutela bermatzeko xedez”. PSNren zuzenketak argudiatzen du gai horrek “beste erregulazio bereziago bat” behar duela, “eta negoziatua”. UPNk eta Podemos-Ahal Duguk ere zuzenketa horren alde egin dute.

 

Esparru berean, baina basozainei buruz, langile horiek babes zibileko larrialdietan esku hartzeko eta laguntzeko zerbitzuetan sartzea erabaki da. Hala xedatzen duen in voce zuzenketa aurkeztu dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek, eta aurrera egin du, PSNren babesa ere jasota.

 

Azkenik, Babes Zibileko eta Larrialdien Kudeaketarako Zerbitzuetako langileen araubidea erregulatzeaz gain, aurreikusten da Babes Zibilaren eta Suhiltzaileen zerbitzuen Mahai Sektorial berekia sortzea, bai eta Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuetako lanpostuak betetzeko ezartzen diren proba fisikoetan genero-berdintasuna zaintzeko neurri egokiak hartzea ere.

 

  • Zuzenketak (21. NPAO, 2019-02-14koa