Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Uztailak 1

2019ko uztailaren 1eko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, UZTAILAK 1, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, uztailak 1–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Eledunen Batzarraren 2019ko uztailaren 1eko bilkuran Mikel Buil García jauna izendatu duela Talde Mistoaren eledun.

- Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Legebiltzarreko zuzendaritza organoei informazioa eman die Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako inbestidurarako hautagai bat proposatze aldera ekainaren 26an eta 27an egindako kontsulta-errondari buruz. Legebiltzarreko lehendakariak adierazi duenez, Parlamentuan ordezkatutako alderdi politikoen eledunekin kontsulta egin ondoren, ezin du Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaritzarako hautagairik proposatu, eta beste kontsulta-erronda bat egiteko konpromisoa hartu du, erronda hori egiteko bete beharreko baldintzak betetzen diren unean.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Kontuen Ganberari 2018ko Nafarroako Kontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua igorriko diotela, txostena egin dezan.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren 2019ko ekainaren 18ko erabakia, zeinaren bidez erabakitzen baita Etxarri Aranazko udalerriko toponimo txikien izendapen ofiziala.

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, eratutzat eman du, Aznárez andreak eta Buil jaunak hala eskatuta, Ahal Dugu Foru Parlamentarien Elkartea; horrenbestez, De Simón andrea izanen da Talde Mistoko foru parlamentari bakarra. Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, De Simón andreak hala eskatuta, talde mistoaren izena Izquierda-Ezkerra Talde Mistoa izatea erabaki du.

Unai Hualde Iglesias lehendakariak, Inma Jurío Macaya lehen lehenengo lehendakariordeak eta Maiorga Ramírez Erro bigarren idazkariak erabaki horien aldeko botoa eman dute; Yolanda Ibáñez Pérez bigarren lehendakariordeak eta Juan Luis Sánchez de Muniain lehenengo idazkariak, berriz, aurkako botoa eman dute. Eledunen Batzarraren eztabaidan, NA+ Navarra Sumaren eledunak aurkako botoa eman die Lehendakariaren 2007ko Ebazpena aplikatzeari eta, hortaz, Mahaiak gaur hartutako erabakiak hartzeari; PSNren, Geroa Bairen eta Mistoaren eledunek, berriz, aldeko botoa eman dute, eta EH Bildu Nafarroaren eleduna abstenitu egin da.

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, X. Legegintzaldirako eserlekuen banaketa onartu du.

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, talde parlamentarioen bulegoen eta aparkalekuen banaketa onartu du.

- Mahaiak erabaki du % 0,25 igotzea foru parlamentarien eta Legebiltzarreko langileen ordainsariak, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariak oinarri hartuta eta 2019ko uztailaren 1etik aitzineko indarrez.

Izan ere, Sektore publikoaren esparruko ordainsarien arloan premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege-dekretuak ezarri zuen soldata % 0,25 igotzea 2019ko uztailaren 1etik aitzineko indarrez, 2019ko urtarrilaren 1eko indarrez egindako % 2,25eko igoeraz gain, baldin eta prezio konstantetako Barne Produktu Gordina % 2,5ekoa edo hori baino handiagoa bazen 2018an. Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu duen Kontabilitate Nazionaleko azken zenbatekoak % 2,6ko urteko tasan ezarri zuen BPGaren aurrerapena.

- Eledunen Batzarrak Nafarroako Arartekoaren Erakundearen 2018ko kontu orokorra onetsi du.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2019ko maiatzean egindako aurrekontu-aldaketak.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztutako adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak sakonki deitoratzen du Raúl Andrés Cuestaren heriotza, zeina Arbizun izandako lan-istripuan hil baitzen, eta bere babes eta elkartasuna adierazten dizkie haren familiari eta lagunei.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak sakonki deitoratzen du Raúl Andrés Cuestaren heriotza, zeina Arbizun izandako lan-istripuan hil baitzen, eta bere babes eta elkartasuna adierazten dizkie haren familiari eta lagunei, bai eta laneko istripuren bat pairatu duten pertsona guztiei ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela eragile guztiak lankidetzan aritzea laneko istripuak ekiditeko prebentzioan. Halaber, enpresei exigitzen die onar dezaten beren ardura dela arau indardunak betearaztea eta prestakuntza eta informazio egokia ematea”.

 

- Eledunen Batzarrak Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Alderdi Popularreko eta VOXeko eledunen salaketa onartezina, “ETAren zuritze-ahalegina”rena, eta Foru Parlamentuak pertsona guztien giza eskubideen alde egindako lan etengabea erreibindikatzen du.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Talde Mistoak aldeko botoa eman dute; NSk, berriz, aurkako botoa eman du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Alderdi Popularreko eta VOXeko eledunek “ETAren zuritze-ahalegina” dela-eta egindako salaketa onartezinak, eta Foru Parlamentuak pertsona guztien giza eskubideen alde egindako lan etengabea erreibindikatzen du.

 

Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du indarkeriaren biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa bilatzeko beharrizan etiko eta politikoa, alde batea utzita biktimaren ideologia eta biktima-testuingurua.

 

Nafarroako Parlamentuak elkarrizketaren alde egiten du, desdostasun politikoak konpontzeko esparru gisa, zenbait talde politikok politika sistematikoki judizializatzearen alde egiten duten hautuaren aldean”.

 

Aurkeztutako adierazpenak onetsi ez den beste puntu bat ere bazeukan –Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Talde Mistoak alde bozkatu dute; Navarra Sumak auka bozkatu du, eta PSN abstenitu egin da–, honako hau zioena:

 

“Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legearen aurka Alderdi Popularrak eta VOXek Konstituzio Auzitegian aurkeztutako errekurtsoak foru autogobernuari begira dakarren erasoa”

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak Nafarroako Iritzi Publikoaren 2019ko Barometroaren galdetegia jaso dute, aztertzeko eta proposamenak aurkezteko.

- Mahaiak erabaki du aurreko legegintzaldiko foru parlamentari José Miguel Nuin, Virginia Alemán, Consuelo Satrústegui, Fany Carrillo eta Luis Casadori beren agintaldia bukatutakoan dagokien prestazio ekonomikoa onartzea, Legebiltzarreko Kideen Ordainsariei buruzko Arauaren 5. artikuluan jasotzen denari jarraiki; izan ere, artikulu horrek ezartzen duenez, “Legebiltzar berria eratu ondoren eta, beraz, ordainsariaren sortzapen-aldia amaituta dagoenean, lanaldi osoan aritutako foru parlamentariek hileko bati dagokion zenbatekoa jasoko dute karguan segitzekoak ez badira, eta eskubidea izanen dute karguan aritu diren urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsariaren adinako diru-kopurua jasotzeko. Kopuru horri dagokionez, kontuan hartzen den gutxienekoa urtebeteko epea da, eta gehienekoa, lau urte”.

- Mahaiak erabaki du zerbitzariak ostatatzeko espazio tekniko bat errentan hartzea, segurtasun-kopia bat edukitzeko Nafarroako Parlamentuaren egoitzatik kanpo.

- Mahaiak erabaki du Artxiboko 1291 DVD Parlamentuaren sistema informatikoaren disko gogorretan kopiatzea eta biltegiratzea, gero haren ikus-entzunezkoen sisteman sartzeko.