2018ko urriaren 1eko bilkura
NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, URRIAK 1, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, urriak 1–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:
FORU LEGE PROPOSAMENAK:
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ados dagoela Finantza-ikuspuntutik jasangarriak diren inbertsioei buruzko Plana onesten duen Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.
Alderdi Sozialista talde parlamentarioak foru lege proposamenari buruzko txosten juridiko bat egin dadin eskatu du, baina eskaria ez da aintzat hartu, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta Izquierda-Ezkerrak aurkako botoa eman dutelako. UPNk, PSNk eta PPNk, aldiz, aldeko botoa eman dute.
- Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzekoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
MOZIOAK:
- Eskaria, Osoko Bilkuran eztabaidatu dadin honako mozio hau: Nafarroako Gobernua premiatzen da Nasuvinsaren alokairu-poltsan sartzen diren etxebizitzen baldintzak alda ditzan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Eskaria, batzordean eztabaidatu dadin honako mozio hau: Nafarroako Gobernua premiatzen da Etxebizitza partekatuko Belaunaldiarteko Programa bat sor dezan, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Eskaria, Osoko Bilkuran eztabaidatu dadin honako mozio hau: Hezkuntza Departamentua premiatzen da Nafarroako ikastetxeetako irakasleen eta langileen aurkako erasoei aurre egiteko jarduketa plan bat abian jar dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako eta Espainiako Gobernuak premiatzen dira Konstituzioan hezkuntza dela-eta ezarritako askatasunak bermatu eta handitu ditzaten. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da ikastetxe publikoei behar adina baliabide ekonomiko eman diezaien, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan sartzen diren curriculum-jarduerak egiteko nahiz eskola-material suntsikorrak lortzeko zailtasunak dauzkaten ikasleen beharrizanak konpentsatze aldera. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
AGERRALDIAK:
- Erretiratzea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak egin beharreko agerraldia, zeinean azaldu behar baitzuen ea zer eginen duen Foruzaingoaren lanaldi eta ordainsariak arautzen dituen irailaren 28ko 79/2016 Foru Dekretuari buruzko epaiak ikusita. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.
- Erretiratzea honako bi agerraldi hauek: Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena, azal dezan nola okupatu ahal izan zen berriz ere, hustu ondoren, Rozalejoko Markesaren Jauregia, eta Gobernuko lehendakariarena, azal dezan Nafarroako Gobernuak epaileari zergatik eskatu dion bertan behera uztea Rozalejoko Markesaren Jauregiaren hustuketa . Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren menpeko erakunde autonomoetako Mahai Orokorrean soldatak hobetzeari dagokionez sindikatuei helarazitako proposamena azaldu eta zehaztu dezan. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Rubén Velasco Fraile jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako Gobernuaren 2018ko irailaren 26ko Erabakia, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita Focke Meler Gluing Solutions SAk sustatutako enpresa-inbertsioaren proiektua. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
- Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariarena, Kanpoan bizi diren nafarrendako Estrategiaren zirriborroa aurkez dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
- Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariarena, azal dezan ea Nafarroak gastu-araua bete ote zuen 2017ko aurrekontu-ekitaldia itxi zenean. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK:
- Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Nafarroako ordezkariekin, balorazio bat egin dezaten Nafarroako hezkuntza-sisteman txistuaren irakaskuntzak bizi duen egoerari buruz. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.
- Kolonbiako Emakumeen Herri Erakundearen ordezkari María Cristina Obregón andrearekin, azal dezan zertan diren bake-akordioen ezarpena eta EZLrekiko negoziazio-prozesua eta zer erronka dituzten erkidegoek –bereziki, emakumeek– gatazkak suntsitutako lurraldeetan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- UNICEFen ordezkariekin, azal dezaten haurren eskubideen arloan eta garapen jasangarriaren helburuak lortzearren 2008tik egindako lana, urte horretan hasi baitzen Nafarroako Gobernuarekiko lankidetza; eta UNICEFen Peruko ordezkariaren ondoko Olga Izaza andrearekin, labur azal dezan herrialde horretan egindako lana. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.
- Nafarroako Erizaintzako Laguntzaile Teknikoen Sindikatuaren ordezkariekin, lanbide-karrerari dagokionez bizi duten egoera azal dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- Rozalejoko Markesaren Jauregira. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.
AHOZKO GALDERAK:
- Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Foru Dekretuan aipatzen diren planak osatzeko prozesuari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Dabid Anaut Peña jaunak aurkeztu du.
- Jakiteko ea gurasoek beren seme-alabentzat onena dela uste duten ikastetxea aukeratzeko askatasuna errespetatzen duen Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Espainiako Gobernuak LOMCEren 109. artikulua aldatzeko asmoaren aitzinean Nafarroako Gobernuak duen jarrerari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Jakiteko ea Nafarroako Gobernuak nola jarriko dituen abian Hezkuntzaren arloan Espainiako Gobernuak iragarritako neurriak. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Hezkuntza arloko itun nazionalari dagokionez Nafarroako Gobernuak daukan jarrerari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Motibazio politikoko arrazoiak direla medio giza eskubideen urraketen biktimentzako errekonozimendua eta erreparazioa arautzeko lege proiektu bat aurkeztu ahal izateari Gobernuaren bazkide gehienek ezetza eman izanari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.
- Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak finantzatzeko hitzarmenak 2019rako berritzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Nuria Medina Santos andreak aurkeztu du.
GALDERA IDATZIAK:
- SOS Nafarroak Kasedako tiroketan izandako jokabideari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.
- Ribaforadan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu berri bat eraikitzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- 2017aren amaiera aldean Ilundain Fundazioarekin sinatutako adingabeentzako laguntza-kontratuari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.
- Behaketa eta Harrera Zentroetan egun eskainitako lanpostuei eta deribatutako babes-espedienteei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Domenech Linde andreak aurkeztu du.
- Beren inbertsioak “foru erkidegoaren intereseko” inbertsioak direla deklaratzeko enpresek erregistratutako eskariei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.
KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:
- Mahiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eginiko aurrekontu-aldaketei buruzko legezkotasunezko txostena. Aldaketa horiek 2018ko ekainean eta uztailean igorri ziren Parlamentura.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Kontuen Ganberaren 2019ko ekitaldirako aurrekontu-proiektua, zeina 2.645.654 eurokoa baita.
BESTELAKO GAIAK:
- Eledunen Batzarrak Nafarroako Parlamentuaren 2019rako aurrekontu-proiektua onetsi du, zeina 14.535.020 eurokoa baita.
- Eledunen Batzarrak Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren 2019rako aurrekontu-proiektua onetsi du, zeina 789.490 eurokoa baita.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen baitu euskara batuak euskararen historian eta normalizazioan izan duen garrantzia. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta Izquierda-Ezkerrak; Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Popularrak bigarren puntuaren aurka bozkatu dute, eta abstenitu egin dira lehenengoan eta hirugarrenean; Nafarroako Alderdi Sozialistak, berriz, lehenengo eta hirugarren puntuen alde bozkatu du eta bigarrenean abstenitu egin da.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“- Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen du euskara batuak euskararen historian eta normalizazioan izan duen garrantzia; izan ere, ezinbesteko tresna izan da euskara bizitza sozialaren esparru asko eta askotara hedatzeko.
- Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen ditu eta azpimarratu egin nahi ditu euskara batuak euskararen etorkizunean eta garapenean izan behar duen garrantzia eta zeregina, eta berretsi egiten du batuaren erabilerak zer-nolako balioa duen gizartearen esparru orotarako, hainbestekoa non ezinbestekoa bilakatu baita hizkuntzaren normalizazio prozesurako.
- Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen ditu eta eskertu egin nahi ditu Euskaltzaindiak egindako bidea eta lan akademiko eta historikoa; eta une honetan preseski eskerrak eman nahi dizkio euskararen batasunari begira egindako lanagatik eta ekarpenagatik”.
- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten baitu Espainiako Konstituzioarekiko eta Espainiaren batasunarekiko konpromisoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
Adierazpenaren alde bozkatu dute UPNk, PSNk eta PPNk, eta aurka, berriz, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta Izquierda-Ezkerrak.
Baztertutako erabaki proposamenak honako hau zioen:
“1.- Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du Espainiako Konstituzioarekiko –Espainiako lege gorenarekiko– konpromisoa, zeinak ezartzen baitu Espainiako herrian datzala nazioaren subiranotasuna eta oinarri hartzen baitu Espainiako nazioaren batasun ezin hautsizkoan, hura izanik espainiar guztien aberri erkide eta banaezina.
2.- Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du Espainiaren batasunari amaiera eman nahi dion estatu-kolpe bat emateko iraganeko nahiz etorkizuneko saiakera oro.
3.- Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen du beharrezkoa dela alderdiek bat egitea Konstituzioaren, legezkotasunaren eta Espainiaren batasunaren inguruan”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten baitie lan-istripuetan hildakoen familiei eta hurbilekoei. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik. UPNk 1. eta 5. puntuen alde eta 2. eta 3. puntuen aurka bozkatu du, eta abstenitu egin da 4.ean. PSNk eta I-Ek 1., 2., 3. eta 5. puntuen alde eta 4. puntuaren aurka bozkatu dute. PPNk 1. puntuaren alde eta 2. 3. eta 4. puntuen aurka bozkatu du, eta abstenitu egin da 5.ean.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die lan-istripuetan hildakoen familiei eta hurbilekoei, eta lan-istripuren bat pairatu duten guztiei ere helarazi nahi die elkartasun hori.
2. Nafarroako Parlamentuak bere arbuiorik erabatekoena adierazi nahi dio estatuko lan arloko legeriari; bereziki, 2012ko lan-erreformari, ondorio ezin kaltegarriagoak eragin dituelako enpleguaren kalitateari eta lan-baldintzei dagokienez, eta laster indargabetu dadin exigitzen du.
3. Nafarroako Parlamentuak Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua Lan Osasuneko Ekintza Planaren esparruan egiten ari den lanaren balioa azpimarratu nahi du; bereziki, lan-istripuen kopuruari aurre egiteko xedez enpresa txiki eta ertainetara egindako bisita- eta prebentzio-kanpaina. Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela ekintza horiek Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langileekin sendotzea eta indartzea, eta konpromiso hori hartzen du.
4. Nafarroako Parlamentuak argi ikusten du Lan Ikuskaritzaren lana, zeina Estatuaren eskumena baita, behar ez bestekoa dela inondik ere; hortaz, Nafarroako Parlamentuak dio eskumen hori eskualdatu ahal izateko hartu beharreko neurriak har daitezen nahi duela, hartara Nafarroak neurri eraginkorragoak hartu ahal izanen bailituzke.
5. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du laneko segurtasunaren arloko kontzientziazioan eta sentsibilizazioan parte aktiboa izateko bere konpromisoa, eta orobat berresten du lan-prekarietatearen eta -istripuen salaketa; hartara, konpromisoa hartzen du lan-istripuak salatzeko elkarretaratzeak egiteko, istripu hilgarri bat gertatzen den bakoitzean”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten baitie Boro LHri eta bere adierazpen eta informazio askatasuna baliatzean egindako ekitaldiengatik prozesu judizial bidegabeak pairatzen ari diren pertsona guztiei. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta Izquierda-Ezkerrak. UPNk 1. eta 3. puntuen alde eta 4. puntuaren aurka bozkatu du, eta abstenitu egin da 2.ean. PSNk 2., 3. eta 4. puntuen alde eta 1. puntuaren aurka bozkatu dute. PPNk 1. eta 4. puntuaren aurka bozkatu du, eta abstenitu egin da 2. eta 3. puntuetan.
Adierazpenak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bere elkartasuna adierazten die Boro LHri eta bere adierazpen eta informazio askatasuna baliatzean egindako ekitaldiengatik prozesu judizial bidegabe, neurrigabe eta berme gutxikoak pairatzen ari diren pertsona guztiei.
2. Bere babesa helarazi nahi die beren jarduera –eta, horrenbestez, prentsa-askatasuna– erreprimitzen ari zaien hedabideetako profesionalei, horrela herritarren informazio-eskubidea ere ari delako mugatzen.
3. Berretsi egiten du kazetaritza kritikoarekiko eta adierazpen eta informazio askatasunaren balio konstituzionalekiko konpromisoa, demokraziaren oinarri baitira eta iritzi publiko aske bat osatzeko funtsezkoak”.
4. Espainiako Gobernua eta Diputatuen Kongresua berriz ere premiatzen ditu “Mozal Legea” indargabetu dezaten eta aurrerabidea egin dezaten askatasun publiko eta herritar-askatasun erabatekoak ezartzeko”.