Publicada el Jueves, 15 de Diciembre de 2016

Onartuta 8/2008 Foru Legetik kanpo utzitako osasun arloko langile diplomadunen lanbide karrera

2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin esleituko da osagarri hori, zeina 2008tik ordaintzen baita Osasun Departamentuan eta horren erakunde autonomoetan

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi du osasun arloko langile diplomadunei aplikatu beharreko lanbide karreraren sistema ezartzen duen Foru Legea, Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikita dauden langileak alde batera utzita, maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak aipatu gehigarria aitortu baitzien jada.

Lanbide karrerak aitorpen publikoa, berariazkoa eta banakakoa dakar, laguntza-, irakaskuntza- eta ikerketa-lanetan zein atxikitako unitatearen xedeak betetzeko orduan eskuratutako ezagutzei eta esperientziari dagokienez.

Arauak xedatzen duenaren arabera, lau maila daude lanbide karreraren sisteman, ordaindutakoak horiek, merezimenduak egiaztatu ondoren, 14 hiletan ordaindu beharreko osagarri bat esleituz. I. maila (1.766,80 euro urtean) eskuratzeko bost urte egin behar dira zerbitzuan, II. maila (3.533,88 euro) eskuratzeko 14 urte, III. maila (5.300,68 euro) eskuratzeko 22 urte, eta IV. maila (7.067,76 euro urtean) eskuratzeko 29 urte egin behar dira zerbitzuan. Hasierako maila emanda, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin eginen da ordainketa.

Urtero eginen da artapen-jardueraren ebaluazioa, osasun arloko langile diplomadun bakoitzaren xedeen eta emaitzen gainean, ekitaldia amaitzean. Xede horretarako, Ebaluazio Batzordea eratuko da. Lau kidek osatuko dute; Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Orokorrak izendatuko ditu bi (lehendakaria eta idazkaria), lanbide-elkargoak bat eta langileen batzordeak beste bat (batzordekideak). Bi kasuetan, osasun arloko langile diplomadunen artetik hautatuta.

Langilea langile finko bihurtzen denean hartuko dira aintzat osasun arloko langile diplomadunak aldi baterako kontratuaren mende emandako zerbitzuak; baita 8/2008 Foru Legearen eremuan egindakoak ere, hau da, Osasunbidea - Nafarroako Osasun Zerbitzuan egindakoak.

Aldi berean, Osasun Departamentuko eta horren erakunde autonomoetako osasun arloko langile diplomadunek ere, Administrazioan langile finko gisa aritu badira zerbitzuan eta haien lanpostuetan lanbide karreraren sistema ezarrita egon ez bada, aipatu zerbitzuen aitorpena eskatu ahalko dute.

Eskaera aurkeztu eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak esleitutako maila berriaren araberako diru kopuruak jasotzeko eskubideak.

Lege horren xedea da ekitaldi honi dagokion ordainketa gauzatzea; izan ere, 8/2008 Legetik baztertutako osasun arloko langile diplomadun finkoek demanda asko aurkeztu ondoren, ordainketa egin zen iaz, Nafarroako 2016ko Aurrekontu Orokorretan kontu-sailak handituz edo kontu-sail berriak sortuz (286.466 euro, guztira).

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru Lege proiektua (135. NPAO, 2016-11-15ekoa)