Publicada el Jueves, 15 de Diciembre de 2016

Etxebizitzaren alorrean laguntzak emateko legea onetsi da

2017ko martxoaren 1etik aurrera hasten diren etxebizitzen adjudikazio-prozedurei aplikatuko zaizkie lege horren ondoriozko baremoa eta erreserbak

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak etxebizitzaren alorrean herritarrentzako laguntza-neurriak ezartzen dituen foru legea onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin. PSN abstenitu egin da.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako foru lege horren xedea da “etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea gauzatzea, babestutako alokairuak sustatuz eta herritar guztien beharrei erantzunen dien birgaitzea eginez.

Eskubide Sozialetako Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuak ere parte hartu du lege hori sortzen. Bada, horren bidez, egungo legeria aldatu nahi da, pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubidea sustatzeko, babestutako alokairua bultzatzeko, egungo prezioak jaitsiz, eta etxebizitza berrien sustapenak egiteko; era berean, bestelako jarduerak ere egin nahi dira, esaterako eraikinak birgaitzea, horretarako baldintzak malguago eginez eta diru-laguntzak hobetuz.

“Higiezinen burbuilaren eredutik ihes egiteko” beste neurri batzuk ere hartuko dira aintzat: etxebizitza berrien sustapena bultzatzea kooperatiben bidez; erabilera-lagapena, edukitzeko formula berri bat, arautzea; etxebizitza politiken diseinuan parte-hartze publikoaren alde egitea eta higiezinen eraginkortasun energetikoa hobetzea.

Babestutako alokairua sustatzeari dagokionez, legeak aurreikusten du errentak % 8,05 eta % 14,67 bitartean jaitsiko direla 2015eko prezioen aldean. Zenbateko horiek, 2017an zehar izoztuta egonen direnak, KPIaren arabera eguneratuko dira.

Hala, Iruñerriko Mankomunitatean babes ofizialeko etxebizitzen alokairu-kontratu berriei ezarri ahalko zaien gehieneko hasierako prezioa etxebizitzaren m2 erabilgarri bakoitzeko 5,40 eurokoa izanen da, 60 eurokoa garajearen azalera osoarentzat, eta 2 eurokoa trasteleku eta gainerako eranskinetako m2 erabilgarri bakoitzeko. Nafarroako gainerako udalerrietan, alokairuaren gehieneko prezioa etxebizitzaren m2 erabilgarri bakoitzeko 5,10 eurokoa izanen litzateke, eta garajeari eta trastelekuei dagokien zenbatekoa ez litzateke aldatuko.

Era berean, diru-laguntzak ezartzen dira, % 23 eta 30 bitartekoak babestutako alokairuko etxebizitza berriei dagokienez, eta % 50eko diru-laguntzak alokairuan jartzeko asmoz etxebizitza hutsak birgaitzen dituzten toki erakundeei laguntzeko.

Bestalde, testuan ezarri da etxebizitza babestua errentan ematen duten pertsonek zenbait betebehar izango dituztela, errentariei komunitateko gastuen eta antzekoen inguruan eman beharko dieten informazioa kasu. Aldiz, Administrazioak etorkizuneko errentariari dagozkion epaiei buruz dagoen informazio guztia eman beharko dio etxebizitzaren jabeari, etxebizitza alorrean (ez ordaintzeagatik edo zerbait hondatzeagatik) eta bizilagunen elkarbizitzaren inguruan.

Era berean, adierazten da etxebizitzak babes ofizialeko alokairua izaten jarraitu ahalko duela, hasierako kalifikazioan esleitu zitzaion babeserako epea bukatutakoan ere. Horretarako, zortzi hilabeteko epea ezartzen da kalifikazio hori berritzeko.

Alokairu-poltsan sartu ahal izateko, etxebizitzek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte, kontserbazio-egoerari nahiz instalazio elektrikoei eta gainerako hornidurei dagokienez. Hala ere, berme-klausula mantendu egiten da, jabeak konponketa horiek egiteko baliabide ekonomikorik ez badu ere; hala izanez gero, aurretiaz birgaitzea itundu ahalko litzateke, eta birgaitze horren zenbatekoa jaso behar diren hileko ordainketetatik deskontatuko litzateke.

Beste alde batetik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio finantza-erakundeekin eta bankuen berregituraketatik eratorritako aktiboak kudeatzeko sozietatearekin (SAREB) lankidetzan aritzeko akordioak bultza ditzala, hipoteka ordaintzeari uzteagatik arazoak dituzten familia eta pertsonak ez kanporatzeko, baldin eta etxebizitza alorreko alternatiba propiorik ez badute eta babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko parametroen barruan edo bazterketa jasateko arriskuan badaude.

Horretarako, hipoteka betearazpenerako edo ez ordaintzearen ondoriozko utzarazpenerako demanda judiziala jarri aurretik edo aurreko arrazoi horietakoren batengatik etxebizitza bat eskuratu aurretik, banku-erakundeak alokairu sozialerako edo berriro ostatu emateko arrazoizko proposamena egin ahalko du.

Babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaileentzako diru-laguntzei dagokienez, legeak ahal dela eskaririk ez dagoen edo etxebizitzen parke handia dagoen lekuetan halakorik ez du emanen. Horregatik, udalerri bakoitzean gutxienez 100 alokairu-eskari egon beharko dira “salbu eta etxebizitzen sustatzailea udalerria bera edo sozietate publiko bat bada, edo alkateak espresuki baimena ematen badu”.

Sustapen bakoitzean, irabazteko asmorik gabeko pertsona juridikoei errentan emandako etxebizitzak gehienez % 6 izanen dira, baina etxebizitza gutxiko sustapenetan (16 etxebizitza edo gutxiago) etxebizitza bat baimenduko da.

2020ko abenduaren 31tik aurrera eraikin berri guztien energia-kontsumoa “hutsaren hurrengoa” izatera behartzen duen Europako Zuzentaraua dela-eta, legeak eskakizun hori betetzeko betebeharra 2017ko urtarrilaren 1era arte aurreratzen du, sozietate publikoek sustatutako etxebizitza babestuen kasuan.

Estatuan kontsumoa hutsaren hurrengoa duen eraikinaren definiziorik ez dagoenez, energia-behar oso txikiak egiaztatzen dituzten estandar edo ziurtapen ohikoenak betetzea onartuko da, Europan dauden definizioetan jasotzen diren beharrekin parekatzeko.

Nolanahi ere, behin-behineko kalifikaziorako 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren etxebizitza babestuen proiektuetarako, gutxienez energia-egokitasunaren A maila lortu beharko da. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, Zuzentarauarekin bat etorriz, dagoeneko bete beharko dituzte energia-kontsumoa hutsaren hurrengoa duten eraikinak izateko baldintzak.

Era berean erabaki da etxebizitzen ezaugarriei, zerbitzu eta instalazioei eta eskuratu eta errentatzeko baldintza juridiko eta ekonomikoei buruzko informazio eta publizitatean ez direla funtsezko datuak isildu behar, eta kasu guztietan, “proiektu-fasean dagoen zehaztu beharko dela”. Gainera, interesdunek proposatzen den eskuratze-kontratua aurretiaz eta patxadaz aztertu ahal izateko gutxieneko epea bi egunetik bostera luzatzen da.

Legeak, era berean, bultzada eman nahi dio eraikin eta etxebizitzen birgaitze babestuari, eta helburu horrekin % 5 eta % 40 bitartean igoko ditu horretara bideratutako laguntzak. Aldi berean, aurreikusten da baliorik gabe utziko dela beste etxebizitzarik ez edukitzearen baldintza etxebizitzak birgaitzeko eta hobetzeko laguntzak jaso ahal izateko. Eta ohar bat egiten da: nahitaezkoa izanez gero, jarduketa babesgarri gisa kalifikatzeko, Eraikinen Ebaluazioko txostena eduki beharko da.

Era berean, inguratzaile termikoak nahiz instalazio termiko zentralizatuen efizientzia hobetzeko egindako obrak nahiz irisgarritasunaren alorrean egindako jarduerak ere finantzatzeko aukera ezartzen da. Hain zuzen ere, irisgarritasunari dagokionez zehazten da kabinarik gabeko plataforma jasotzaileek eta 70 zentimetroko zabalera bider 90eko sakonera baino dimentsio txikiagoak dituzten igogailuek ez dutela eskubiderik izanen laguntzarik jasotzeko.

Horri dagokionez, instalazio termikoak eta irisgarritasuna hobetzeko lanak baliteke Europar Batasunaren egiturazko funtsekin finantzatzea, erkidegoari emandako diru-laguntzaren ehunekoa % 50etik beherakoa izan arren.

Bestalde, talde jakin batzuei zuzendutako diru-laguntzak hobetzea aurreikusten da, 65 urtetik gorako pertsonak eta gazteak kasu. Bai eta mugimen-desgaitasun larria dutenak, familia ugariak, terrorismoaren biktimak eta genero-indarkeriaren biktimak ere. Azken horiei, emakumeenganako indarkeriaren aurka egiteko 14/2015 Legearekin bat etorriz, etxebizitza eskuratzeko modua bermatuko zaie.

Era berean, Legearen asmoa obretan gastatuko den zenbatekoa ahalik eta gehien gutxitzea da (6.000 eurotik 2.000 eurora), diruz laguntzeko modukoak izan daitezen, eta laguntza espezifikoen lerro bat sortuko da, gizarte barneratzearen programaren barruan jasotako etxebizitzen edo gizarte barneratzeko errenta jasotzen duten familien jabetzako etxebizitzen kasuan, horien baldintzak egokiak direla bermatzeko.

Gainera, beste aldaketa batzuk ere aurreikusten dira, besteak beste, bi etxebizitza gehitu edo bakarra banatu ondoren sortutako etxebizitzen gehieneko azalera 120 metro karratukoa izanen dela.

Bestalde, arauak gutxienez azken urtean zehar udalerri berean bizi izan diren pertsonek osatutako kooperatibak sortzea aurreikusten du, horrela babestutako etxebizitzak sustatzeko. Etxebizitza horiek ez lirateke eskatzaileen zentsu bakarraren bidez esleituko, betiere 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan eraikitzen badira (orain arte 3.000 biztanle baino gutxiagokoetan zen) eta Iruñerriko Mankomunitatetik kanpo badaude.

Beste berrikuntza bat irabazteko asmorik gabeko elkarteek babes ofizialeko etxebizitzak erabilera-lagapenaren bidez sustatzea da. Higiezinaren jabetza elkartearen esku geldituko litzateke modu mugagabean eta bazkideek erabilera eskubide mugagabea izanen lukete, heriotza gertatuz gero eskualdatzeko aukerarekin. Beharrezkoa izanen da sarrera kuota ordaintzea eta hileroko kanona ordaintzea. Babes araubidearen iraupena mugagabea izanen da eta etxebizitzak ez dira zertan zentsu bakarraren bidez esleitu beharko.

Beste alde batetik, legeak Nafarroako Etxebizitza Plana eta Nafarroako Etxebizitzaren Kontseilua sortzeko aukera ezartzen du, parte-hartze publikoarekin. Organo hori aholkularia litzateke eta bertan sektoreko enpresa eta elkarte nagusiek hartuko lukete parte.

Arauak kolektibo behartsuei etxebizitza eskuratzeko aukera erraztuko dieten zenbait neurri jaso ditu. Esaterako, baremoan puntu gehiago ematea etxegabetzeak jasan dituzten pertsonei edo irabazi-asmorik gabeko elkarteei etxebizitzak lagatzea, sor daitezkeen beharrei aurre egin diezaieten.

Ezarrita dagoenaren arabera, udalerrian erroldatuta egondako urteek jada ez dute punturik emanen babestutako etxebizitza bat esleitzeko orduan, dela erosteko zein alokatzeko. Argudiatzen da etxebizitzarako eskubidea bermatu egin behar dela leku jakin batean bizitzen emandako urteak direnak direla, izan ere Nafarroan erroldatutako pertsona guztiek tratu berdina jaso behar baitute.

Azkenik, jasorik uzten da 2017ko martxoaren 1etik aurrera hasten diren etxebizitzen adjudikazio-prozedurei aplikatuko zaizkiela foru legea indarrean jarri ondoren sortuko diren baremoa eta erreserbak.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan bi in voce zuzenketa onetsi dira aho batez. Parlamentuan ordezkaritza duten talde guztiek sinatu dituzte.

Lehenbizikoa alokairurako babes ofizialeko etxebizitzen esleipenari buruzkoa da, eta adierazten du erreserbak egin ahalko direla gizarte integrazioko etxebizitzen beharra duten pertsonentzat eta etxebizitzaren arloko bitartekotza zerbitzuak zehazten dituen pertsonentzat. Hala, bada, sustapen gehien-gehienak 10/2010 Foru Legean jasotako baremoaren araberako adjudikazioa baino lehenagokoak direnez, edozein momentutan (hutsik gelditzen den hurrengo etxebizitzari aplikatzekoa) ase ahalko dira presa handi samarra duten beharrak (etxegabetze edo maizter-kaleratzeak), baita premia bereziak dituzten familien kasuan ere.

Osoko Bilkuran onetsitako bigarren in voce zuzenketak sei hilabeteko epea ematen du, legeak indarra hartzen duenetik aurrera, behin betiko kalifikaziorik jaso ez duten eta irisgarritasun unibertsalerako berariazko araudirako egoikitzapen partzialeko jarduketak barnean dituzten birgaitze-espedienteek eskatu ahal dezaten emandako diru-laguntzen aldaketa, arauan ezarritako tolerantzia balio onargarriak (DA DB-SUA/2) betetzen badituzte.

Azaltzen denez, aurreikuspen horrek 30 espedienteri eraginen lieke, hau da, guztira 272 etxebizitzari, eta gehienez 648.000 euroko gastua ekarriko luke.
 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru Lege proiektua (100. NPAO, 2016-09-07koa)
• Zuzenketak (142. NPAO, 2016-11-30ekoa)
• Irizpena (147. NPAO, 2016-12-09koa)