Parlamentuak ez ditu onartu UPNk eta PPNk 2017rako Aurrekontu Orokorren proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak
Abenduaren 12tik 16ra bitartean zuzenketa partzialak aztertuko dira, eta 22an Batzordearen irizpena Osoko Bilkurara eramanen da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin ditu 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari UPNk eta PPNk aurkeztutako osoko zuzenketak. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerrak zuzenketen aurka bozkatu dute.
UPNk eta PPNk osoko bi zuzenketen alde bozkatu dute.
Orain, lege proiektua Gobernuari atzera itzultzea baztertu ondoren, zuzenketa partzialak aztertuko dira Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean, abenduaren 12tik 16ra bitartean (zuzenketa partzialak aurkezteko epea atzo amaitu da), eta batzorde horren irizpena abenduaren 22an Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.
2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua azaroaren 2an onartu zen izapidetzeko eta egun berean argitaratu zen Parlamentuko Aldizkari Ofizialean. Proiektuan jasotako aurrekontua 4.024.180.181 eurokoa da.
Jasotako 4.024.180.181 euro horietatik 3.693.754.658 dagozkio gastu ez-finantzarioari (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua) eta gainerako 330.425.523 euroak finantza-gastuetarako dira.
Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 5,35 igo da 2016ko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 3.506,16 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 187,5 milioiko aldea dago.
Osoko zuzenketa argudiatzeko, UPN parlamentu-taldeak esan du kontuak “jarraipen hutsa” direla, “erreforma fiskaletik aurrera izandako zerga-igoera orokorraren emaitza” direla eta haietan islatzen dela “inbertsio publikoa falta izatea eta osasun arloko nahiz hezkuntzako zerbitzuen hobekuntzarik eza”, hori guztia “ikuspuntu identitarioa duten jarduketak” egiten diren bitartean.
Talde gehiengodunaren iritziz, “gizarte politiken arloan ere ez da aurrerapenik ikusten, Errenta Bermatuak soilik egin baitu gora eta subsidio horrekin zerikusirik ez duen beste guztia abandonatu baita. 2017an enplegua sortzeko aurreikuspena Espainiako gainerakoaren azpitik dago, eta esan daiteke, oro har, Aurrekontuak gora egin duela baina sistemak ez duela aurrera egiten eta hazkundea ez dela azkartzen”.
PPNko foru parlamentarien elkarteak proiektua atzera itzultzeko eskatu du sinetsita dagoelako hura “errealitate sozioekonomikoari egokitzen ez zaion proiektu zuhurtziagabea eta arduragabea” dela, abiapuntutzat hartzen baititu “diru-sarrera irrealak eta egiterik izanen ez duten gastuak”.
Ildo horretan, salatzen da erreforma fiskala “bidegabekeria” dela eta haren bidez diru-bilketan lortu nahi diren emaitzak urrun daudela; Errenta Bermatuak aurrekontuan behar baino diru gutxiago duela eta horrek eraginen duela “kontu-sailak urtearen erdian blokeatu behar izatea”. Gaitzetsi egiten da Estatuarentzako ekarpenaren murrizketa, “Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmena arautzen duen legea urratuz kontuak koadratzeko modu bat”.
Gainera, “euskara sustatzera bideratutako kontu-sailen igoeraren” aldean, faltan ematen dira “funtzionarioek kobratu gabe duten aparteko soldataren % 25a ordaintzeko eta sare itunduko irakasleei soldata % 1 igotzeko” diru kopuruak, besteak beste.
PSN parlamentu-taldeak ez ditu osoko zuzenketak babestu “aurrerapen txiki batzuk” ikusi dituelako Aurrekontuetan, oro har, alde batera utzita “gabeziak eta hobetu beharreko alderdiak”. Azken horiei Batzordean ekin nahi die, aurkeztu dituen 125 zuzenketa partzialetatik abiatuta. “Gure lehentasun nagusiak dira —funtzionarioen aparteko paga eta sare itunduko irakasleentzako % 1eko igoera barne— enplegu politikak, garapen ekonomikoa, I+G+Ba, gardentasuna, zerbitzu publikoak, mendekotasuna, toki entitateak, eta azpiegitura eta proiektu estrategikoak”.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak proiektuaren indarguneei erreparatuta egin diete aurka osoko zuzenketei. “Gizarte arloak dira proiektuaren oinarri, guztizko gastu ez-finantzarioaren % 56,7 egiten baitute (2016an baino % 6,6 gehiago), inoiz izandako portzentajerik handiena”.
Atalka, eta adostu dituzten 98 zuzenketa partzialak, 10 milioi egiten dutenak (beste 11 zuzenketa egin zaizkio artikulatuari), albora utzita, Osasun arloko inbertsioa nabarmendu dute, 1.000 milioitik gorakoa baita, eta inbertsioaren gehikuntza Eskubide Sozialetan (% 12,55), Hezkuntzan (% 5,71), Garapen Ekonomikoan (% 17,89) eta Landa Garapenean, Ingurumenean eta Toki Administrazioan (% 10,86).
Gobernuari eusten dioten taldeen esanetan, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuan ere apustu egin da “hezkuntza eta osasun arlo publikoen, zerga politika progresiboaren eta gizarte eskubide bermatuen alde, etxebizitzaren arloan aurrera egiteaz gain”.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru Lege proiektua (127. NPAO, 2016-11-02koa)
• Akats zuzenketa (136. NPAO, 2016-11-18koa)
• Osoko zuzenketak (136. NPAO, 2016-11-18koa)