Publicada el Jueves, 6 de Octubre de 2016

Nafarroako Kutxari buruzko Ikerketa Batzordeak azaroaren 30era arte luzatu du informazioa jasotzeko epea

Fundación Caja Navarrak aurkeztu ez duen dokumentazioa Foru Gobernuari eskatu ahal izateko, eta Babesletzak ematen dizkion eginkizunak betez

Ikerketa Batzordea apirilaren 27an eratu zen, Nafarroako Kutxaren desagerpenaren inguruko arrazoiak bilatzeko eta erantzukizunak argitzeko; bada, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerra alderdiek eskatuta, gaur bertan erabaki du informazioa eskatzeko epea azaroaren 30era arte luzatuko dela. UPNk ezezko botoa eman du.


Ikerketa Batzordea eratu zenetik hirugarren luzamendua da hori, eta honako helburu honekin egin da: “Fundación Caja Navarrak aurkeztu ez duen informazioa Nafarroako Gobernuari eskatzea, erakunde horren Estatutuetako 52.d) artikulua betez.


Epigrafe horrek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari ahalmena ematen dio "beharrezkotzat jotzen duen informazioa eskatzeko", ekonomiako departamentu eskudunaren bitartez edo Fundación Caja Navarraren babesletza egiteko zeregina arauz ezarri zaion departamentuaren bitartez.


Azken saioan, irailaren 6koan, Ikerketa Batzordeko presidentea den Unai Hualdek adieraz zuen abuztuaren 30ean Fundación Caja Navarrako ordezkariekin bilera egin zela; eta ondoren, fundazioko ordezkariek eskatu zaien informazioaren zati bat ez emateko azaldu zituzten argudioak (Datuak Babesteko Legeari lotutakoak) eman zituen aditzera.


Nafarroako Parlamentuko abokatuek fundazioaren motibazioak aztertu dituzte; beraz, orain, Batzordeak patronatuaren Estatutuetan xedatutakoari heltzen dio babesletzak Foru Komunitatearen Administrazioari ematen dizkion eginkizunak erabili ahal izateko.


Nolanahi ere, aldi berri honetan Ikerketa Batzordeko kideek egokitzat jotzen duten dokumentazio osagarria eskatzen jarraitu ahal izango dute eta, horretarako, hilaren 21ean bilduko dira berriz.


Onetsitako arauei jarraituz, Ikerketa Batzordearen helburua izanen da jakitea eta zehaztea Nafarroako Kutxaren eta haren Enpresa Korporazioaren nahiz lotutako gainerako enteen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, eta argitzea zein den desagertzearen ondorengo ondare-multzoaren gaurko egoera. Luzamendu berririk ez badago, lanak amaitzeko azken eguna abenduaren 31 da.


Gaurko bilkuran, Unai Hualde (Geroa Bai parlamentu-taldea) buru zutela, honako hauek izan dira: Luis Casado, Luis Zarraluqui (UPN parlamentu-taldea), Koldo Martínez (Geroa Bai parlamentu-taldea), Arantza Izurdiaga, Maiorga Ramírez (EH Bildu parlamentu-taldea), Fátima Andreo, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Guzmán Garmendia (PSN parlamentu-taldea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).