Publicada el Martes, 28 de Junio de 2016

Nafarroako Kutxaren Ikerketa Batzordeak abuztuaren 31ra arte luzatu du informazioa jasotzeko epea

Gobernuak eta Can Fundazioak eskatuta, epealdi horretan eskari berriak egin ahal izango dira eta ukatu den dokumentazioa berriz eskatu ahal izango da, arrazoiak emanez

Nafarroako Kutxaren desagerpenaren inguruko arrazoiak bilatzeko eta erantzukizunak argitzeko eratutako Ikerketa Batzordea gaur bildu da lanerako plan bat diseinatzen aurrera egiteko. Plan horretan, erregistratuta dauden 298 informazio-eskariak jasotzeko epea amaituta, beste epe bat ireki da (abuztuaren 31ra artekoa) dagoeneko bidalita dagoen dokumentazioari lotuta eskari berriak egiteko eta jasotzeko.


Ikerketa Batzordea irailetik aurrera bilduko da berriz, eta ukatu den dokumentazioa erreklamatu ahal izango du berriz, horretarako arrazoiak emanez.


Fundación Caja Navarrak eta Nafarroako Gobernuak eskatuta ireki den epe berria abuztuaren 31n amaituko da.


Aurretik erregistratuta dauden 298 informazio-eskariak, PPN izan ezik gainerako taldeek erregistratu dituztenak, honela xehakatzen dira.


UPNk egindako 22 dokumentazio-eskarietatik, 15 Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei zuzendu zaizkie, eta arauak, txostenak eta argitalpenak dira; 2 Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioari (CECA); 3 Espainiako Bankuari, eta 2 Entzutegi Nazionaleko 6. Epaitegi Zentralari.

Geroa Baik 159 dokumentazio-eskari egin ditu: 65 Nafarroako Kutxa Fundazioari zuzendu dizkio; 67 Caixabanki; 10 Espainiako Bankuari; 8 Nafarroako Gobernuari; bat Balore Merkatuko Batzorde Nazionalari; 2 Caja Canarias Banku Fundazioari; 2 Caja de Burgos Banku Fundazioari; 2 CajaSol Banku Fundazioari, eta 3 Gaztela-Leongo, Kanariar Uharteetako eta Andaluziako gobernuei, hurrenez hurren.

EH Bilduk 81 dokumentazio-eskari egin ditu: 69 Nafarroako Kutxa Fundazioari eta Caixabanki; 8 Nafarroako Kutxa Fundazioari; 3 Nafarroako Gobernuari, eta Espainiako Bankuari.

Podemos-Ahal Duguk 8 eskari egin ditu: 7 Caixabanki eta Nafarroako Kutxa Fundazioari eta bestea Nafarroako Gobernuari

PSNk 15 dokumentazio-eskari egin ditu, guztiak Nafarroako Gobernuari, Caixabanki eta Nafarroako Kutxa Fundazioari zuzenduak.

Azkenik, Izquierda-Ezkerrak 13 informazio-eskari egin ditu: lehenengoa bankuak gainbegiratzeko zenbait erakunderi; beste bat Ekonomia Ministerioari eta Nafarroako Gobernuari; eta gainerakoak Nafarroako Kutxa Fundazioari eta Caixabanki.

Onetsitako arauei jarraituz, Ikerketa Batzordearen helburua izanen da jakitea eta zehaztea Nafarroako Kutxaren eta haren Enpresa Korporazioaren nahiz lotutako gainerako enteen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, eta argitzea zein den desagertzeren ondorengo ondare-multzoaren gaurko egoera.

Unai Hualde (Geroa Bai parlamentu-taldea) buru izan duen bileran honakoek hartu dute parte: Luis Casado eta Luis Zarraluqui (UPN parlamentu-taldea), Koldo Martínez (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz eta Arantza Izurdiaga (EH Bildu parlamentu-taldea), Carlos Couso eta Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Guzmán Garmendia eta Inma Jurío (PSN parlamentu-taldea), Ana Beltrán (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).