Publicada el Jueves, 2 de Junio de 2016

Benjamín de Tudela BHIrako sarbideak egokitzeko kreditu berezia onetsi da

Gehienez 1.378.683 eurokoa, 2016ko Toki Inbertsioen Planaren kargura emanen da, aurretik Udalarekin hitzarmena eginda, hark bere gain hartuko baitu obraren kostuaren % 15

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen foru lege baten bidez, Benjamín de Tudela BHIrako sarbidea (Camino del Rape izenekoa) egokitzeko obraren kostuaren % 85 finantzatzeko kreditu berezi bat emanen da, gehienez 1.378.683 eurokoa.


Kreditu berezi hori 2016ko Toki Inbertsioen Planerako ezarritako Hornidura eta saneamenduko toki sareak kontu-sailaren kargura finantzatuko da, eta aldez aurretik hitzarmena izenpetuko da Tuterako Udalarekin, zenbateko berdina edo handiagoa duten lanak planean sartzeari uko eginen baitio.


Zioen azalpenean zehazten denez, Tuterako hirigunean barna eskolako autobus gehiegi ibiltzen dira, eta arazo hori konpondu nahi da obraren bidez. Trafikoa A-68 autobiarantz azkar bideratu ahal izanen da Huertas Mayores etorbidearen eta Tarazonako errepidearen arteko loturari esker.


Tuterako Institututik A-68 autobiara sartzeko bidea segurtasun arrazoiengatik itxi ondoren, Tuterako Udalak proposatutako konponbide hori onartu du Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak, Tuterako erdigunean ibilgailuen trafikoa arintze aldera.


Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, foru lege bidez arautuko dira Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Horrekin guztiarekin, 2016ko aurrekontuan ezarritako kreditua nahikoa ez dela ikusita, bidezkoa da lege hau onestea, kasu honetan irakurketa bakarrean.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (78. NPAO, 2016-05-27koa)