Publicada el Jueves, 26 de Mayo de 2016

Parlamentuak Hezkuntzari buruzko osoko bilkura monografikoa eginen du ostiralean

Eledunek 20ko minutuko txanda bana izanen dute eta bost ebazpen proposamen aurkeztu ahal izanen dituzte gehienez, eta Gobernuak ere jarrera hartzeko txanda izanen du

PPN foru parlamentarien elkarteak eskaturik, Parlamentuaren Osoko Bilkurak ostiralean (09:30) eztabaida monografikoa eginen du: Nafarroako hezkuntza sistema. Eztabaida sorta bateko laugarrena izanen da ostiralekoa. Aurretik eztabaidagai izan dira erabakitzeko eskubidea (EH Bildu parlamentu-taldea), enpleguaren sustapena (PSN parlamentu-taldea) eta gizarte politiken egoeraren azterketa (PPN).


Mahaiak onetsitako arauei jarraituz, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, PPN foru parlamentarien elkarteko eledunak emanen dio hasiera eztabaidari, talde horrek proposatu baitu monografikoa. Gehienez 20 minutuz hitz eginen du.


Jarraian gainerako parlamentu-talde eta parlamentari elkarteetako eledunek jardunen dute, horiek ere 20 minutuz gehienez. Eserleku kopuru handiena duen taldea izanen da lehena eta eserleku gutxien dituen taldea azkena.


Txanda hori bukatutakoan Nafarroako Gobernuaren ordezkari batek hitz egin ahal izanen du eztabaidagaiei buruzko bere jarrera azaltzeko, 20 minutuz.


Eztabaida amaitu eta gero, bilkuran ordubeteko etenaldia eginen da, ebazpen proposamenak aurkez daitezen Mahaiaren aurrean. Talde bakoitzak gehienez bost ebazpen proposamen aurkeztu ahal izanen ditu. Proposamenen baterako defentsa eginen da 10 minutuz, gehienez ere, handienetik txikienera. Gainerako taldeek aurkeztutako proposamenei buruzko iritzia ere azaldu beharko dute eledunek.


Aurretik egindako eztabaida monografikoei buruzko arauak direla eta, Mahaiak iragan maiatzaren 16ean erabaki du posta elektronikoz aurkeztu behar direla ebazpen proposamenak, eta eztabaida egin bitartean in voce zuzenketak aurkezteko aukera ere izanen dela, betiere erroreak edo akats tekniko, terminologiko nahiz gramatikalak zuzentzea badute helburu. Beste kasu guztietan, izapidetzeko onartuko dira baldin eta parlamentu-talde edo parlamentarien elkarte bakar bat ere ez bada aurka agertzen.


Eztabaida amaitu ondoren, ebazpen proposamenen bozketa eginen da. Guztiak batera bozkatuko dira, edo, eledunen batek hala eskatzen badu, banaka bozkatuko dira.