Publicada el Jueves, 19 de Mayo de 2016

Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die kolpe militarraren eta diktadura frankistaren biktima guztiei

Espainiako gobernuaren jarrera gerorazale eta oztopatzailea salatzen da, ez baitie erantzun Frankismoaren aurkako Argentinaren Kereila dela-eta egin zaizkion errekerimenduei

Parlamentuko Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur aho batez zeinaren bidez “bere elkartasuna adierazten baitu kolpe militarraren eta ondorengo diktadura frankistaren biktima guztiekiko”.

Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat badauka, non, halaber, UPNren eta PPNren aurkako botoekin, Foru Parlamentuak “egungo Espainiako Gobernuaren eta Justizia Ministerioaren jarrera gerorazale eta oztopatzailea salatzen baitu; izan ere, luzamendutan eta oztopoak jartzen aritu dira frankismoan gertatutako zenbait krimenen ustezko arduradunei ikerketa-deklarazioak hartu eta zenbait diligentzia egite aldera egindako errekerimenduei erantzuterakoan”.

Era berean, Nafarroako Parlamentuak “Espainiako Estatuko gobernuei —gaur egungoari eta etorkizunekoei— exijitzen die giza eskubideei buruzko nazioarteko araudia errespeta eta ardura osoz bete dezaten, bai eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordea bere errelatore berezien bidez urterik urte egiten ari den gomendio guztiak zorrotz bete ditzaten ere”. Puntu horretan UPNk eta PPNk berriro eman dute aurkako botoa.

Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek eta Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean, aditzera ematen da Argentinak eta Espainiak sinatuta duten zigor arloko estradizio eta laguntza judizialari buruzko itunaren “urraketa larri” bat gertatzen ari dela, eta horri dagokionez, salatzen dute ez zaiola erantzunik eman Frankismoaren aurkako Argentinaren Kereila dela eta egin zaion eskakizunari, zeren eta “etenarazi baitu diktadura frankistan zeharko zenbait gertakari direla-eta inputatutako 19 pertsonaren galdeketa”, eta hori, haien iritzian, “prebarikazioaren balizko delitua izan daiteke”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (59. NPAO, 2016-04-29koa)