Publicada el Jueves, 21 de Abril de 2016

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hizkuntza-ereduen arteko bizikidetza susta dezan

Bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan ikasteko eskubidea eta ikasle guztien arteko bizikidetzarako eskubidea uztartzeko eskatzen du

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur erabaki bat onetsi du, UPN, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu y Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “egoki diren prozedurak taxutu ditzan titulartasun publikoko ikastetxeetan elkarrekin bizi daitezen hizkuntza eredu desberdinak”.

Ildo horretan eskatzen da hezkuntza publikoaren eskaintza berrantolatzeko “bereizketa gertatu den ikastetxe guztietan, foru araudian ezarritako hizkuntza-eskaintzak jasota”.

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, berriz, Foru Gobernua premiatzen da “titulartasun publikoko ikastetxe eraiki edo sortu berriek beren eremuari dagozkion hizkuntza-eredu guztiak eskain ditzaten beren hezkuntza-eskaintzan”.

Halaber, jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “titulartasun publikoko ikastetxeetan neurriak ezar eta antola ditzan, ikastetxe publiko berean edo espazio komunak eta instalazio bera duten ikastetxe publiko ezberdinetan hizkuntza-eredu ezberdinetan ikasten duten ikasleek koordinatuta lan egin dezaten hezkuntza-komunitatearen arretan, eguneroko bizitzako esperientziak partekatuz, Bizikidetasun eta Elkarlan Plan batean oinarrituta, dagozkion hezkuntza planetan jasoko dena, eta horretara bideratutako egintza zehatzak kontuan hartuz”.

PSN parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenak baieztatzen du ikasleek eskubidea dutela “irakaskuntza bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jasotzeko”, baina eskubide hori bateragarria izan behar dela “ikasle guztien arteko bizikidetzarako eskubidearekin”, eta horretarako eskatzen da “lehenagoko politika segregatzaileen akatsak” zuzentzeko, “hezkuntza-arloko erantzuna tokian tokiko ikasleen berezitasunen arabera egokituz eta doituz”.

“Departamentuak bere joerari eusten dio, ikastetxe sortu berrietan ikasleak hizkuntza-ereduen arabera bereiztekoa. Halaxe ikusi dugu jakitera eman denean Sanduzelai auzoan DBHI berri bat eraiki behar dela D ereduko ikasleak hartzeko”. Hori dela eta, hainbat ikastetxek antolaketari buruz hartutako erabakiak eta egindako eskaerak ikusirik (Noaingo eta Sarrigurengo ikastetxe publikoetan jada gauzatu da bereizketa), garrantzitsutzat jotzen da “eskola-erakundeak ingurunera egokitu daitezen, ingurune horren osaera sozialaren isla izanez”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (53. NPAO, 2016-04-18koa)