Publicada el Jueves, 21 de Abril de 2016

Ekintzailetzak garapen ekonomiko eta sozialerako duen garrantzia aitortu du Parlamentuak

Gobernua premiatzen du Ekintzailetzarako eta Gazte Enplegurako 2016-2019 Estrategia eta mendeko autonomoen ugaritzearen aurkako plana taxutu ditzan

Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, “ekintzailetzak Nafarroaren garapen ekonomiko eta sozialerako daukan garrantzia” aitortzen duen ebazpena onetsi du. UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta PSNk aldeko botoa eman dute eta Podemos-Ahal Dugu eta I-E abstenitu egin dira.

Gainera, ebazpen horretan Foru Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “ekintzailetzak Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialerako duen garrantzia aitor dezan eta konpromisoa har dezan gaur egun enpresak sortu eta sendotzea eragozten duten trabak kentze aldera landu behar diren funtsezko arloak jorratzeko, hala nola finantzabideen eskuragarritasuna, ekintzaileentzako babesa, laguntza eta jarraipena beren proiektuen bizi zikloaren eta hazkundearen faserik garrantzitsuenetan, aro digitalak enpresei eskaintzen dizkien aukeren erabilera edo arauek jartzen dituzten traben murrizketa”. PSNk eskatuta gehitu da paragrafo hori. Gehitzeko zuzenketa aurkeztu du, eta UNPk, ekimenaren titularrak, onartu egin du.

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, Foru Gobernuari eskatzen zaio "Ekintzailetzarako eta Gazte Enplegurako 2016-2019 Estrategia taxutu dezan" .

Hirugarren atal bat erantsi da, PSNk hura gehitzeko zuzenketa aurkeztu eta UPNk onartu ondoren. Bertan Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “sasiautonomoen ugaritzearen aurkako plana” egin dezala. Atal hori aho batez onartu da.

UPN parlamentu-taldeak sustatutako ebazpenak, zioen azalpenean, 12/2013 Foru Legea aipatzen du, gogorarazten du nola “Parlamentuak ekintzailetza eta lan autonomoa bultzatzeko konpromisoa hartu zuen, enplegua sortzeko aukera modura”, eta beharrezkotzat jotzen du “mendeko autonomoa bezalako figurak agertzearen aurkako borrokarekin” uztartzea babes hori.

Ildo horretan, “gazteen emantzipazio gero eta berantiarragoaren” azpian dauden langabezia tasa “dramatikoak” (%46,5) eta mendekotasun ekonomikoa (%48,5) salatu ondoren, hau ohartarazten da: “Gizartea gero eta zaharragoa da, eta horrek ongizate-estatuaren egonkortasuna mehatxatzen du”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (38. NPAO, 2016-03-18koa)