Publicada el Jueves, 10 de Marzo de 2016

Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma deuseztatzeko eskatzen duen erabakia onetsi du Parlamentuak

Zorrarekiko betebeharrei erabateko lehentasuna ematen dielako, beste edozein gastu publikoren gainetik, eta Nafarroak duen zerga, finantza eta aurrekontu arloko autonomiaren aurkako erasoa delako

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin, erabaki bat onetsi du, zeinaren bidez Espainiako Gobernua, Diputatuen Kongresua eta Senatua premiatzen baitira “Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma deusezta dezaten eta 2/2012 eta 27 /2013 legeak indargabetu ditzaten”.

Onetsitako erabakiaren bigarren atalean, berriz, Gobernu zentralari eskatzen zaio “arau horiek bilatzen duten helburua lor dadin ekiditeko”, alegia, “toki administrazioak erabiltzea murrizketa-politikak inposatzeko eta, finean, horiek desagerrarazteko”.

Jada hirugarren atalean, bestalde, Nafarroako Parlamentuak “erabaki hau Nafarroako Gobernuari helarazteko konpromisoa hartzen du, izan beharreko ondorioak izan ditzan”.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E parlamentu-taldeek sustatutako erabakiak zioen azalpenean azpimarratzen duenez, Konstituzioaren 135. artikuluaren erreformak, “PSOEk eta PPk sustatuak, ezartzen du zorrarekiko betebeharrek —interesek eta kapitalak— erabateko lehentasuna dutela, beste edozein gastu publikoren gainetik, eta horrek esan nahi du zerbitzu publikoak eta horien bidez bermatu nahi diren eskubideak inbertsiogileen interesak asetzearen mende gelditzen direla”.

Proposamenaren egileen esanetan, lege-aurreikuspen horrek “ondorio larri-larriak ditu administrazio publiko guztien gastu publikoaren gaineko erabakietan, are larriagoak direnak toki entitateei dagozkienetan; izan ere, zerbitzu publikoen besterik gabeko kontratazio-agentzia bihurtzen dira, aurrekontu itogarriak dituztenak, eta ezinezkoa zaie gizartearen intereseko ekimenak aurrera ateratzea eta inbertsio publikoak egitea”.

Erreformatutako artikulu hori garatuz, 2/2012 Lege Organikoak zenbait neurri ezarri ditu (aurrekontu egonkortasuna, finantza iraunkortasuna eta gastu erregela, nagusiki) “gizarte-prestazioetako gastu publikoa murriztera eta inbertsio publikoak eragoztera bideratuak”.

Lege-aurreikuspen horrek, zehazten denez, autonomia erkidegoei ere eragiten die. Hain zuzen ere galarazi egiten die “zuzenean lotzea prestatzen dituzten aurrekontuetako gastu-aurreikuspenak eta aurreikusitako diru-sarrerak, eta nahitaez lotu behar zaizkio —beren autonomiaren ageriko galerarekin— Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak prestatutako koefiziente bati. Nafarroaren kasuan, legezko aurreikuspen hori gure foru araubidearen aurkako eraso zuzena da, zerga, finantza eta aurrekontu arloko autonomia nabarmen murrizten duena”.

Finantza iraunkortasunari dagokionez, ohartarazten da 27/2013 Legeak helburu duela “toki administrazioak bihurtzea zerbitzu publikoak enpresa pribatuekin azpikontratatzen dituzten agentziak, lege-euskarria emanez pribatizazioei eta ustelkeriari”. Arau horrek “ezeztatu edo nabarmen murrizten ditu udalek hainbat arlo sentiberatan dauzkaten eskumenak; esate baterako, gizarte zerbitzuen prestazioa, sustapena eta gizarteratzea, hezkuntza, kultura, emakumearen sustapena, etxebizitza, osasungintza eta ingurumenaren babesa”.

Berriro azpimarratzen da, azkenik, Konstituzioaren 135. artikuluaren eta hura garatzen duten arauen erreformak auzitan jartzen duela “udalen eta kontzejuen bideragarritasuna, eta horiek dira, hain zuzen ere, herritarrengandik gertuen dauden administrazioak. Halaber, beste urrats bat gehiago egitea da, Nafarroak toki administrazioen esparruan dauzkan jatorrizko eskumenak zapaltzeko bidean”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (21. NPAO, 2016-02-19koa)