Publicada el Jueves, 10 de Marzo de 2016

Nafarroako Gobernua premiatzen da bere gain har ditzan Tuterako Kontserbatorioaren kudeaketa eta finantzaketa

2014an sinatutako urte anitzeko hitzarmena laster amaituko dela eta, behin betiko konponbidea bilatu nahi da "berez Gobernuari dagokion" eginkizun horretarako

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki baten bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da “Tuterako Kontserbatorioko ikasketen %100 finantza dezan 2017ko aurrekontuetatik hasita, eta Tuterako Udalarekin negoziatzeko prozesu bat abiaraz dezan, Tuteran goi mailako musika ikasketak kalitate- eta egonkortasun-irizpideei jarraituz garatzeko eta Fernando Remacha Kontserbatorioari behar dituen egitura eta baliabideak emateko”.

Mozioak bazuen bigarren atal bat, baina atzera bota da, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen aurkako botoekin. Atal horretan Nafarroako Gobernua eta Tuterako Udala premiatu behar ziren bost hilabeteko epean konponbide bat negozia eta plantea zezaten. UPNren eta PPNren babesa ez da nahikoa izan, PSN eta I-E abstenitu egin baitira.

UPN parlamentu-taldeak sustatutako erabaki horren zioen azalpenean gogorarazten denez, laster (ikasturte amaieran) bukatuko da Nafarroako Gobernuak eta Tuterako Udalak Fernando Remacha Kontserbatorioa kudeatzeko eta finantzatzeko 2014ko ekainean sinatu zuten urte anitzeko hitzarmena. Hori dela eta, “behin betiko konponbidea” bilatu beharra planteatzen da.

Proposamenaren egilearen iritziz, “tamainarengatik, aurrekontuarengatik eta kudeaketa-ahalmenarengatik” Gobernuari dagokion ardura da Kontserbatorioarena, eta ez Tuterako Udalari, bere baliabide mugatuekin moldatu beharra baitu “kontrol egoki bat egiteko, betiere Nafarroako Gobernuaren teknikarien laguntzarekin, hori gabe ezinezkoa izanen bailitzateke guztia”.

Horregatik, “Fernando Remacha Kontserbatorioa mantendu eta hobetzea beharrezkoa da”, kontuan izanik Erriberak “musika-tradizio handia” duela, “musika eskolen arrakastak eta antolatzen diren musika-ekitaldietan herritarrek izaten duten parte-hartze masiboa erakusten dutenez”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (16. NPAO, 2016-02-12koa)