Publicada el Jueves, 10 de Marzo de 2016

Nafarroako Gobernua premiatzen da Erriberako langabezia egoerari aurre egin diezaion

Krisiak gogor jo duen eskualde horretan neurri eta jarduketa zehatzak antolatu behar dira langabeen kopurua ahal den neurrian murrizteko

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsitako ebazpen batek Nafarroako Gobernua premiatzen du “jarduketa eta neurri zehatzen sorta bat ezar dezan, Nafarroako Erriberako langabezia egoerari ahal den neurrian aurre egiten laguntze aldera, merindade horren garapen jasangarria bultzatuz”.

Zioen azalpenean, Erriberako “errealitate mingarria” gogorarazten du UPN parlamentu-taldeak sustatutako ebazpenak. Azkenaldiko gertaeren ondorioz, Buñuelgo Almston lantegiaren “itxiera” barne, “langabezia igo egin da krisi ekonomikoak bereziki kaltetutako eremu batean, eta hori guztia oztopo da garapen profesional eta pertsonalerako”.

Horiek horrela, proposamenaren egileak uste du Abiadura Handiko Trena, Tuterako Elikagaien Hiria edo Nafarroako Ubidea bezalako azpiegituren garapenak “eskualde horretan enplegua sortzen” lagun dezakeela, are gehiago kontuan hartzen badugu “Erriberaren indarguneetako bat dela bere kokaleku geografikoa —Bilbo eta Bartzelona arteko korridorea lotzen dituen Ebroko ardatza—, edo nekazaritzako elikagaien industria bera, zeinak beste sektore batzuek baino hobeki egin baitio aurre krisi ekonomikoari”.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek ordezteko zuzenketa aurkeztu dute, eta UPNk, ekimenaren titularrak, ez du onartu. Zuzenketa horretan Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “berariazko azterketa” egiteko, “Erriberako langabezia egoeraren azpian dauden arrazoiak detektatze aldera”. Eskatzen zen, gainera, beste gauza batzuen artean, “Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide berrien sorrera sustatzeko, inbertsio produktiboetarako gastu publikoa lehenesteko eta auzoko lurraldeekiko sinergia ekonomikoak, merkataritzakoak eta lan arlokoak sortzeko”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (8. NPAO, 2016-01-22koa)