Nafarroako Gobernua premiatzen da Osasunari buruzko Lege berria egin dezan
Osasun eredu unibertsala, parte hartzekoa, berdintasunezkoa eta kalitatezkoa zehaztu eta blindatu behar du, oinarrizko osasun laguntza erdigunean jarrita
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen baten bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroarako Osasunari buruzko foru lege berri bat taxutu dezan”.
Lege horrek, ebazpenaren arabera, honako alderdi hauek jaso beharko ditu gutxienez ere: osasun arloko esku-hartzeen arauketa berria; osasun arloko udal eskumenak; erkidegoaren parte-hartzea, ibilbide laburra izan duten kontsulta-organoak aldatuz eta horiek gardentasunaren eta osasun gobernu onaren arauetara egokituz; osasun-eskualdeen antolamendu berria (egungo antolamendua 22/1985 Foru Legean dago jasota); O-NOZen oinarrizko egituraren eta hura osatzen duten organo guztien definizioa; gure osasun sistemaren printzipio gidari berriak (osasun laguntzaren unibertsaltasuna, sarbide-berdintasuna, oinarrizko laguntza erdigunetzat izatea, profesionalen parte-hartzea, sektorearteko lankidetza, gardentasuna eta gobernu ona, eta abar).
Lege berriak xedetzat hartu beharko du, halaber, “Osasungintza Publikoaren kontzeptua eta eskumenak hedatzea, bertan larrialdiak, landa inguruneetako laguntza, laguntza soziosanitarioa eta laguntza aringarria sartuta; osasun laguntzaren kalitatearen arauketa; telemedikuntzaren arauketa; eta oinarrizko osasun laguntzako ekipoen birdefinizioa”.
PSN parlamentu-taldeak sustatutako ebazpen horren zioen azalpenean ohartarazten denez, badira 25 urte 10/1990 Legea indarrean jarri zenetik eta arau berri bat egin beharra dago, “datozen 20 urteetarako Nafarroako osasun eredua zehaztu eta gotortuko duena”, eta bertan jaso behar dira “esparru berriekin bat datozen printzipio gidari berriak, zeinek itxuratuko baitute osasun eredu unibertsal bat, kalitatezkoa eta berdintasunezkoa sarbideari dagokionez, eta aldi berean baita gardena, parte-hartzailea eta erdigunean oinarrizko osasun laguntza ipiniko duena”.
Proposamenaren egileak legegintzako teknikaren inguruko arrazoiak ere aipatzen ditu, dela 25 urte hauetan gertatutako arau-aldaketen transposizioa egiteko, dela 10/1990 Legearen hainbat alderdiren konpilazioa eta testu berria egiteko, sakabanatuta baitaude foru agindu eta dekretu ugaritan eta are legeetan.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 32. zk., 2015-11-20koa)