Publicada el Viernes, 26 de Febrero de 2016

'KulturAtrio' proiektua abian jarri da "JHERSen konstelazioak" erakusketarekin

Ainhoa Aznárezek, gaur goizean “KulturAtrio” proiektua aurkeztu du. Javier Hernández Soria Cascanteko artistaren “JHERSen konstelazioak” erakusketarekin jarri da abian

Parlamentu Irekiaren barneko proiektua da “KulturAtrio” izenekoa, “ia inor ibiliko ez den izen bereko web orri bat edukitzetik harago doan kontzeptua”, esan du Ainhoa Aznarezek. “Parlamentu Irekian asmo-adierazpenetatik egintzetara pasatu nahi dugu, herritarrek egiazko presentzia izan dezaten erakundeetan. Haiek, erakundeak, gu guztiok egunerokoan erabili ohi ditugun espazioak izan daitezen”.


Testuinguru horretan ulertu behar da “KulturAtrio”, beste urrats bat herriaren eta erakundearen arteko sinbiosia gauzatzeko bidean, oraingoan kulturaren alorrean. Aznarezen esanetan Parlamentuko ataria toki “zoragarria da, oharkabean pasatu ohi da baina kulturaren adierazpen guztiei aterpe emanen dien leku zabala izateko gai da. Atari hau irekitzen diegu, beraz, beren artea ezagutarazteko kulturagune handi eta ospetsuak, hainbat inguruabar direla medio, beren esku ez dituzten pertsonei”.


Parlamentuko Mahaiak duela bi aste onetsi zuen proiektua, zeinak barnean hartzen baitzuen gaur KulturAtrio inauguratu duen artistaren erakusketarekin ireki behar zela espazio hori. Javier Hernández Soria tuterarra da jaiotzez eta Cascantekoa adopzioz, “zehazkiago Cascanteko tren geltokikoa, berak aitortu baitu ezin dela leku horretatik banandu”, esan du Parlamentuko lehendakariak.


Erakusketaren inaugurazioan izan dira Parlamentuko Kultura Batzordeko kide batzuk eta Parlamentuan ordezkaritza duten talde politiko batzuen eledunak.


JHERS (Javier Hernández Soria) 1950eko ekainaren 4an jaio zen, Tuteran. Urtebete eskas zuela Cascantera aldatu zen. Zehatzago esateko, Cascantum erromatarreko tren geltokira, derrigor geldiunea egin beharreko lekua hura, Tarazonicaren bidean tarteko geltokia zelako. "Escachamatas" ere esaten zitzaion trentxo maitagarri hark Tutera eta Tarazona lotzen zituen.


Geltokian, etxebizitzaren azpian, Tarazonica trena jada geldirik zegoela, JHERSek bere lehenbiziko pintura estudioa jarri zuen. Hango aisialdi artistikoa Tuterako Santamaría hoteleko zerbitzari lanarekin txandakatzen zuen. Azkenik, geltokia utzi behar izan zuenean, estudio bat eraiki zuen aurre-aurrean. Horrek erakusten du zenbateraino izan zen JHERSentzat "bizitzako geltokia" leku idiliko hura, klasikoen gisara esanda locus amoenus hura.


JHERS artista autodidakta da, jakingura eta nekaezina. Miguel Delibesi buruzko liburuan Ramón García Domínguezek esaten zuenez, Javierri aplikatu ahal diogu haren izenburua: "Gizon bat, paisaia bat, grina bat". Paisaia haren lehenengo urratsen funtsezko parte izan zen. Hiriko paisaiak eta paisaia landatarrak, non makalak, mahatsak eta olibondoak beren presentzia biderkatzen baitute, inpresionismoari keinuka, Queilesen bazterretan, atzean Moncayo mendia, Ebro eta Bardea dituztela.

Ez dira falta, artistaren lehen garai hartatik, bodegoiak eta natura hilak, irudiak eta erretratuak. Lan iniziatiko horiek guztiak egikera bat osatzen joan ziren, eta lanerako molde horri beti nabarmendu beharko zaizkio dedikazioa eta iraunkortasuna.