Publicada el Jueves, 18 de Febrero de 2016

Beste autonomia erkidego batzuekin, Estatuarekin eta EBrekin "harreman normalizatuak" izatearen alde agertu da Gobernua

PPNren jabeldura bati erantzunez, zeinak "desoreka argia" ikusten baitu EAEren alde eta interes urria Aragoi edo Errioxa bezalako beste erkidego batzuekin biltzeko

Ana Ollo Gobernuko eledunak baieztatu du foru gobernuak "harreman normalizatuak" izan nahi dituela ez bakarrik auzoko erkidegoekin, baita urrutiago dauden baina interes-esparru berak dituzten beste batzuekin ere, baita Estatuarekin eta Europar Batasunarekin ere.


Gobernuak "sustatu egin nahi ditu hurbileko erkidegoekiko harremanak, Aragoi eta Errioxarekikoak alegia, eta normalizatu egin nahi ditu Euskal Autonomia Erkidegoarekiko harremanak".


Horrela erantzun dio Ollok, kontroleko Osoko Bilkuran, Ana Beltrán PPNko eledunari, azken horrek Gobernuari jabeldura egin baitio, autonomia erkidego mugakideekin –Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa eta Aragoi– izan beharreko harremanei buruz oro har aurreikusten dituen politikak eta ekintzak argitu ditzan.


"Orain arte desoreka argia ikusi dugu", hamaika bilera Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta oso bilera gutxi besteekin, adierazi du Ana Beltranek, eta erantsi du nafar askok eta askok nahi dutela harreman onak izatea Aragoirekin eta Errioxarekin.


Ana Beltranek gogora ekarri ditu foru gobernuko kideek Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta sailburuekin eta Akitaniako ordezkariekin izandako bilerak.


Zehaztu du ez diotela aurka egiten Euskal Autonomia Erkidegoarekiko sinergiak Nafarroako garapen ekonomikoaren mesedetan baliatzeari, baina "oreka" eskatu du harremanak egiterakoan.


Erkidego guztiengana ez dela interes bera erakutsi azpimarratu ondoren, kezkaturik agertu da EAErekiko "gehiegizko" loturagatik, eta aitortu du ez direla fidatzen Gobernuarekin, neurri guztiak bideratzen dituelako "bere gutxiengoaren interesetara".


"Funtsik ez duten eta errealitatetik oso urrun dauden baieztapenak" hauteman ditu Ollok Beltranen hitzaldian, eta, horiei erantzuteko, Uxue Barkos lehendakariak EAEko, Aragoiko eta Akitaniako goi ordezkariekin izan dituen elkarrizketetako batzuen edukia ekarri du gogora.


Zehaztu du agendako arazoengatik ez dela bildu Errioxako lehendakariarekin. Gonbidapena irailean egin zen.


EAEri dagokionez, aitortu du harremanak normalizatzeko ahalegina egin dela, abiapuntuko egoera ezohikoa baitzen; izan ere, Aragoirekin eta Errioxarekin bazeuden lankidetza-protokoloak ia arlo guztietan, ez ordea EAErekin.


Ollok gehitu du hizkuntza batek, historia batek, zerga sistema batek eta autogobernua Madrileko Gobernuaren erasoetatik babestu beharrak lotzen dituela EAErekin.


"Gobernu honek mugetan aukerak ikusten ditu", baieztatu du kontseilariak, eta bere "fobiak" ahazteko eskatu dio Beltrani.


Iñaki Iriarte
k (UPN parlamentu-taldea) gobernu nazionalistei egotzi die noizbait EAErekiko lankidetza galgatu izanaren errua. Buruzagi nazionalisten adierazpenetan oinarritutako "errezelo guztiz zentzuzkoa" dela esan du, eta ondoren foru gobernuari eskatu dio harreman horietan errespetua exijitu dezala.


Koldo Martínez (Geroa Bai parlamentu-taldea) erkidego mugakideekin auzo arteko eta lankidetzako harreman onak izatearen eta EAErekiko harremanak normalizatzearen alde agertu da. "Ezin gara EAE bezalako erkidego bati bizkarra emanda bizi", baieztatu du.


Maiorga Ramirezek (EH Bildu parlamentu-taldea) esan du PPk beldurra diola Euskal Herriaren nazio eraikuntzari, eta EH Bilduk nahiko lukeen zerbait dela aitortu ondoren, lasai egoteko esan dio Beltrani, ez baititu bide horretan ikusten Podemos edo I-E bezalako taldeak. “Erabakitzeko eskubidearen alde gaude, zuek herritarren gehiengoari gustatu ala ez ezartzen den naziokidetzaren ikusmolde kartzelarioa duzue”.


Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) azpimarratu du PP eta UPN tematuta daudela EAErekiko harremanak gaiztotzen, eta esan du harremanak areagotu behar direla erkidego horrekin nahiz besteekin, baita beste herrialde batzuekin ere, lankidetza "guztion onerako" delako.


Inmaculada Juriok (PSN parlamentu-taldea) beste erkidegoekiko harremanetan jarrera "proaktiboa" izatearen alde agertu da, eta "errorea" iritzi dio Nafarroa bakartzeari.


José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) azpimarratu du foru gobernuak bi talde abertzaleren eta abertzaleak ez diren beste bi talderen babesa duela, eta erantsi du PPren diskurtsoak ez duela "inolako oinarririk" haren beldurretatik harago.