Publicada el Jueves, 18 de Febrero de 2016

Foru Gobernuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako eredu ekonomikoa egokitzea

PSNren jabeldura bati erantzunez, zeinak eredua alda dadila eskatzen baditu, egungoa ahituta dagoelako eta ahuleziek epe luzeko arreta eskatzen dutelako

Foru Gobernua "jabeturik dago Nafarroako eredu ekonomikoa egokitu beharraz", eta horregatik ari da lanean, "ez hauteskundeei begirako adabakiak diren planetan", baizik eta espezializazio adimendunerako estrategia eguneratzen.


Horrela erantzun dio Manu Ayerdi lehendakariordeak PSNko Guzmán Garmendia parlamentariari. Azken horrek Gobernuari jabeldura egin dio Nafarroako industria, ekonomia eta merkataritza ereduaren egoeraz eta merkatuak eskatzen duen modernizaziora egokitzeko ahalmenaz.


Guzmán Garmendiak esan du eredua "ahituta" dagoela, badirela "epe luzeko arreta eskatzen duten ahulezia zantzuak", eta azpimarratu du, Volkswagenen bigarren modeloa fabrikatzeko aukera bezalako "albiste onak" gorabehera, ezin direla "besoak gurutzatuta" gelditu.


"Behetik gora, guztion artean aldatu behar dugu modeloa", nabarmendu du Garmendiak. "Planak hauteskundeetarako adabakiak" direla eta "eredua aldatu beharra" dagoela esan du, eta, horren haritik, Nafarroa osoa hartuko duen hogei urterako industria eredu baten alde apustu egin du.


Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik aitortu du "nahiko ados" dagoela Garmendiak esandakoekin, "epe ertain eta luzeko gogoetaren beharra" baitago.


Zehaztu egin du lanean ari direla "ez hauteskundeei begirako adabakiak diren planetan, baizik eta espezializazio adimendunerako estrategia eguneratzen", eta ildo horretan gogora ekarri du bihar izanen dutela lehen bilera hainbat eragilerekin, gobernamendu ereduaren lehenbiziko lan-proposamena haiei aurkezteko.


Hortik ateratzen diren proposamenak planen bidez gauzatuko dira, eta ez dira izanen "plan solteak, ikuspegi globaleko plan koherenteak baizik", Ayerdiren esanetan. Zehaztu duenez, nahiz eta Gobernuak aurten hamar plan ere eginen dituen (abuzturako amaitzea espero dute), horrek ez du esan nahi plangintza hutsean ariko direnik.


Ayerdik energia sektorearen, I+G+Baren, osasunaren eta lanbide heziketaren garrantzia gogorarazi du, eta aurrean dituzten erronkei begira Parlamentuko indar guztiak ondoan izan nahi dituztela baieztatu du.


Carlos García Adanerok (UPN parlamentu-taldea) adierazi du Gobernuak neurri zehatzak noiz aurkeztuko zain daudela gaiari buruzko beren iritzia azaltzeko.


Virginia Alemanek (Geroa Bai parlamentu-taldea) adierazi duenez, bada garaia eredu sozioekonomikoari buruz hausnartzeko, "iraganeko erroreak berritu ez daitezen", eta "adostasun zabala" lortu beharra dagoela esan du.


"Benetako eredu aldaketa behar dugu", baieztatu du Arantza Izurdiagak (EH Bildu parlamentu-taldea). Beraren iritziz, plan bat egiteko diagnostikoa behar da, eta ahalik eta eragile gehienek parte hartu behar dute horretan.


Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) ohartarazi du hizpide den modernizazio motari buruzko "gogoeta sakona" egin nahi dutela, betiere gizarte sareari eutsiz lehentasun gisa, gizarte ongizatea garapen teknologikoaren gainetik kokatu baitu.


Ana Beltranek (PPN foru parlamentarien elkartea) uste du "ezinbestez" gogoeta sakona egin behar dela, nondik nora bideratu behar ote den industria eta ekonomia eredua, eta gakoa lehiakorrak izatea dela azpimarratu du.


José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) "partziala" iritzi dio PSNren proposamenari, merkatuaren eskakizunak bakarrik aipatzen dituelako, eta lurraldean sustraitutako industriaren ereduaren alde agertu da.