Publicada el Viernes, 8 de Enero de 2016

Ruben Velasco Frailek foru parlamentari kargua hartu du

Podemos-Ahal Duguko Eduardo Santos Itoiz ordezkatzen du

Ruben Velasco Frailek foru parlamentari kargua hartu du gaur Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren aurrean, Parlamentuaren egoitzaren Areto Instituzionalean egin den ekitaldian.


Parlamentari berriak Eduardo Santos Itoiz ordezkatzen du, iragan abenduaren 20an egin ziren hauteskunde orokorretan Diputatuen Kongresurako diputatu hautatu baitute. Ruben Velasco Fraile Podemos-Ahal Dugu Parlamentu-Taldera batuko da.


Kargu-hartze ekitaldia Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznarezek, gidatu du eta bertan Parlamentuko Mahaiko kideak, Unai Hualde Iglesias, lehendakariorde nagusia, Alberto Catalan Higueras, bigarren lehendakariordea, Maiorga Ramirez Erro, idazkari nagusia, eta Oscar Arizcuren, bigarren idazkaria, izan dira. Halaber, talde bereko Mikel Buil eta Carlos Couso eta Gorteetako diputatu hautetsia Eduardo Santos Itoiz, eta Geroa Baiko Consuelo Satrustegui Marturet parlamentaria bertaratu dira.


Ruben Velasco Frailek karguari zin egiteko honako formula erabili du “beti Nafarroako foru erregimena errespetatzea, Konstituzioari eta legeei men egitea eta foru parlamentari karguaren berezko betebeharrak leialki betetzea”. Era horretan foru parlamentari oso izateko araudi-betebeharrak bete ditu, foru parlamentari kargua izatetik eratortzen diren eskubide eta eskumen guztiak eskuratzeko.


Ruben Velasco Fraile (1971), madrildarra izatez, oso gazte zela Nafarroara bizitzera etorri zen. Salamankako Unibertsitatean Geologiako lizentzia eskuratu zuen eta Iruñeako UHUN Ingurugiro Zientziena. Egun, Burlatako udaltzaina da.