Publicada el Jueves, 10 de Diciembre de 2015

Nafarroako Gobernua autogobernua eta Ogasuna defendatzera premiatu dute

Nafarroa subjektu politiko gisa defendatu dute eta dagoen desafioa subiranotasun fiskalaren aurkako erasoetan eta politika birzentralizatzaileen ondorio kaltegarrietan kokatu dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k eta EH Bildu-k haren alde eman dituzten botoekin, UPNren Podemos-Ahal Duguren eta PPNren abstentzioekin, eta PSNk eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “gure autogobernua eta ogasuna defenda ditzan, Nafarroaren foru araubidea eta eskubide historikoak ezagutzen bide ez dituztenek edo onartu nahi ez dituztenek hainbat esparru politikotatik egindako eraso ororen aitzinean”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Parlamentuan “ordezkatutako alderdi politikoek konpromisoa hartzen” duten “gure erkidegokoak ez diren foroetan soilik hartutakoak diren eta gure autogobernuari eragin diezaioketen erabakiak ez onartzekoa”.

PPNk gehitze-zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren titular den Geroa Bai-k onetsi ez duena. Bertan Nafarroako Gobernua premiatzen zen eta Ganberan ordezkatutako alderdi politikoak konprometitzen zituen “zerga alorrean dugun autonomia defendatu eta babestera, eta garapen ekonomikora, enplegua sortzera eta nafarren ongizatea hobetzera bideratzera ”.

Zioen azalpenean, Geroa Bai-k bultzatu duen ebazpenak UPNk eta PPk datozen hauteskundeen harira sinatu duten akordioa aipatzen du. Ildo horretan, arbuiatzen du “Rajoyren inbestiduraren alde bozkatzeko konpromisoa” jasotzen duela “ordainetan, Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra kenduta”.

Testuinguru horretan, proposatu duen taldeak dio beti defendatu dutela “Nafarroa subjektu politiko gisa” eta “dagoen desafioa” “subiranotasun fiskala jasotzen ari den erasoetan” eta “politika birzentralizatzaileen ondorio kaltegarrietan” kokatu du, dagoeneko kalte larria egin baitute “toki administrazioan, hezkuntzan, finantza-autonomian eta eskualdatzeke dauden eskumenak lekualdatzean, besteak beste”.

Esandakoan sakonduta eta “gero eta berekoiagoa eta jakobinoagoa den Estatua gure autogobernua mugatzen duena” dela azpimarratu ondoren, ohartarazi du ildo horretan jarraituz gero “kostua oso handia izanen litzateke. Ordaindu beharreko lehenengo pieza laugarren xedapen iragankorra izanen litzakete, baina zer gertatuko litzateke Hitzarmen Ekonomikoarekin berarekin edo lehen xedapen gehigarriarekin?”, arau horretan jasotzen dira eskualde foralen eskubide historikoen babesa eta errespetua, eta horiek eguneratzea Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuen esparruan kokatzen da.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 32. zk., 2015-11-20koa)