Publicada el Jueves, 10 de Diciembre de 2015

Ikasleak onartzeari buruzko araudia aldatzeko mozioa bazter utzi dute

Arrazoi gisa esaten zen indarrean dagoen eredua prozeduretan zaharkitua eta iluna izateaz gain, ez zuela bermatzen eskolatzea askatasun, berdintasun eta justizia sozialeko baldintzetan egitea

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, Geroa Bai-ren, EH Bildu-ren eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “alda dezan unibertsitatez bestelako irakaskuntzak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeari buruzko gaur egungo araua”.

Horretarako, Nafarroako Gobernua premiatzen zen "Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak lurralde osoan eskumena izango duela berrestera. Aldi berean, eta erakundeak eta eginkizunak ez biderkatzeko, batzorde nagusi horri Iruñerriko eskolatzea bereziki esleitzea, bai eta prozesuan gerta daitezkeen erreklamazioen ebazpena, hala berariaz esleitutako eremuko erreklamazioena, nola gainontzeko eskolatze batzorde eskualdekoetan izaten direnena”.

Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Eskualdeko eskolatze batzordeak sortzera: Tuterakoa, Tafallakoa, Lizarrakoa, Zangozakoa eta Baztan-Bidasoakoa. Hala ere, hori ez da eragozpen izanen beste eskolatze batzorde batzuk abian jartzeko, tokikoak nahiz eskualdekoak, hori egitea beharrezkoa bada prozesua errazteko eta ziurtatze aldera ikasleek berdintasunezko sarbidea izanen dutela ikastetxe publikoetan nahiz itunduetan”.

Halaber, eskatzen zen “Batzordeen osaera zehaztea. Paritarioa izanen da: batetik, Hezkuntza Departamentuko eta/edo udal ordezkariak, eta, bestetik, eskola-komunitatearen ordezkariak: ikastetxe publikoetako eta itunduetako zuzendaritza-taldeetako kideak (bi), ikastetxe horietako gurasoak (lau) eta arlo publikoko eta itunduko irakasleen erakunde sindikalak (bi)”. Batzorde guziek izan beharko zuketeen, “hizpidearekin baina hori besterik gabe, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko ordezkari bat edo eskualdeko orientabide zerbitzuetako ordezkari bat, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat, eta gizarte-zerbitzuetako ordezkari bat, desabantaila soziokulturala duten ikasleen eskolatzerako”.

Horrez gain, jasotzen zenez, Eskolatze Batzorde Nagusia izanen zen “ikasle berriek ikastetxeetan izena emateko epeak finkatuko” zituena, “bai lehendabizikoz eskolatzen diren ikasleentzat, bai beste ikastetxe batzuetatik datozenentzat; lehentasun-irizpideak ezarriko zituena baldin eta ikastetxe batean ikasi nahi dutenak gehiago badira ikastetxe horrek dituen ikaspostuak baino, eta batzorde horrek onetsiko ditu aipatutako prozesurako prozedura eta dokumentazioa. Ulertzen da aurrekoak ikastetxe guztiei eragiten diela, eta unibertsitatekoaz bestelako eskolatze guztiari, maila eta etapa guztietan, funts publikoekin ordainduak badira, salbu eta Haur Hezkuntzako lehen etapari, hau da, 0-3 tarteari”.

Ildo horretan zehazten zenez, “hezkuntza-plangintza eta kasu bakoitzeko ikaspostu-kopuruaren finkatzea ez da Batzorde Nagusiaren eskumenekoa izanen, baina bai, ordea, horren publizitate orokorra egitea eta informazioa ahalik eta komunikabide gehienen bidez zabaltzea, eskolatze-prozesuaren berdintasunaren eta gardentasunaren berme modura”.

Horren karietara, azpimarratzen zenez “familien eskolatze-bermea prozesu informatizatu baten bidez gauzatuko da, besteak beste. Prozesu hori bat bakarra izanen da eta Hezkuntza Departamentuan zentralizatua egonen da, nahiz eta horretarako sarbidea egonen den edo eskabideak aurkezteko modua izanen den Nafarroako edozein ikastetxetatik, edozein gailu pribatutik, pertsonala izan edo familiarra, Hezkuntza Departamentutik bertatik, udal-bulegoetatik edo informazio orokorreko zentroetatik, horretarako on line programa ireki bat erabiliz, sarbide libre eta errazekoa, izapide administratibo askotarako jada egiten den moduan”.

Era berean, ohartarazten zen “Hezkuntza Departamentua izanen da, eta ez beste inor, onartuen zerrendak argitaratuko dituena; horretarako, aldez aurretik, Eskolatze Batzorde Nagusiaren adostasuna beharko du, eta, kasua bada, eskualdeko edo tokiko eskolatze batzordearena”.

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “eskaerak ikaspostuak baino gehiago badira, honakoak soilik erabiltzen ahalko dira erabakitze-irizpide gisa: familiaren egoitzaren hurbiltasuna, edo, bestela, modu justifikatuan, gurasoen edo tutoreen lantokiaren hurbiltasuna (% 40, gehienez); distantziaren proportzioa GPS bidez neurtuko da; eta anai-arrebak izena emanda izatea eskaera egindako ikastetxean (%30)”.

Izquierda-Ezkerrak gehitze-zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren titularrak, PSNk onetsi duena. Bertan Nafarroako Parlamentua premiatzen zen “unibertsitatez bestelako ikasleak onartzeari eta eragin-esparruei buruzko eskolatze araudia alda dezan, Iruñaren eta Iruñerriaren zonifikazio berri bat gauzatuz eta ikasleen onartzeari buruzko dekretu berri baten bidez, non ikaspostuak banatzerakoan lehenetsiko diren ikastetxea ikaslearen etxebizitzatik gertu egotea eta ikasleen hezkuntza-ulermena, bizikidetza eta gizarteratze irizpideak”.

Geroa Bai-k, EH Bildu-k eta Podemos-Ahal Duguk ordezkatze-zuzenketa bat aurkeztu dute in voce, PSNk onetsi ez duena. Bertan eskatzen zen “indarrean dagoen araudia aldatzea, ikasleen eskolatzea eta zonifikazioa inguru hurbilean egin dadin leheneste aldera, hezkuntza-konpentsazioaren, bizikidetzaren eta sozializazio irizpideei jarraiki ikasleak edo haien familiak jatorri, erlijio, sexu, gaitasun edo beste edozein egoerarengatik baztertuak ez izateko”.

Zioen azalpenean, PSNk bultzatu duen ebazpenak dei egiten zuen “hezkuntza-sisteman sartzeko prozesua modernizatu eta arintzera”. Izan ere, PSNren ustez, haren “informazioaren gardentasun eta argitasunaren, betebeharren eta epeen” arabera bermatzen da hein handi batean eskolatzea askatasun, berdintasun eta justizia sozialeko baldintzetan egitea”.

Ildo horretan, proposatu duen taldearen arabera, indarrean dagoen sarrera-sistema, “prozeduretan zaharkitua eta nahiko iluna” da eta “ez du irizpide objektiborik ikastetxe publiko eta itunduetan ikasi nahi dutenak gehiago badira ikastetxe horiek dituzten ikaspostuak baino”.

Horretarako, sarbide araudi berri bat eskatzen zen, halako moduz non ikastetxe publikoetako eta pribatu-kontzertatuetako ikaspostu eskuragarriak abiapuntu hartuta, Hezkuntzako Departamentua gai izango den “eskolaratze egoki eta parekide bat bermatzeko, hezkuntza-laguntza premia berezia duten ikasleena barne, premia hori arrazoi pertsonal, sozial edo kulturaletatik eratortzen den kontuan hartu gabe”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 25. zk., 2015-11-06koa)