Publicada el Jueves, 19 de Noviembre de 2015

Parlamentuak PPNk gobernuaren lehenengo 100 egunei buruz egin duen balantzea gaitzetsi du

UPNk eta PSNk soilik babestu dute gutxiengoari mesede egin zaiola eta "garapena eta gizartearen ongizatea geldiarazi duten neurri sektarioak" hartu direla dioen testua

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin eta UPNk, PSNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin, ebazpen bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Parlamentua premiatzen zen adieraztera Nafarroako Gobernuaren lehenengo ehun egunen balantzean “nafarren gutxiengoaren interesa gehiengoaren gainetik defendatzea izan da lehentasuna, horretarako garapena eta ongizatea geldiarazten duten neurri sektarioak hartuta, esaterako aurreikusten ziren azpiegitura handiak geldiarazi eta berrikustea; ingelesa ikasteko programa geldiaraztea; euskara gaztelaniaren eta ingelesaren gainetik inposatzea, Hezkuntzako lan eskaintza publikoan argi frogatu den moduan; eta aldi berean nafarrek eta Nafarroako enpresek 2016an Espainia osoko presio fiskal handiena izatera kondenatzea”.

Bazter utzi duten mozioak bigarren idatz-zati bat du, PSNk bozkatu ez duena. Bertan, proposatzen zen Nafarroako Parlamentuak aitor zezan epe horretan Nafarroako Gobernuak “ez duela neurririk hartu enplegua sortzeko, ez nafarren ongizatea hobetzeko, ez Nafarraren garapen ekonomikoa sustatzeko, era horretan nafarren kezka eta behar handienak erantzun gabe utziz”. UPNk eta PPNk haren alde bozkatu dute, eta Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek haren aurka bozkatu dute.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen mozioak “enplegua sortzera, nafarren ongizatera eta inbertsioa eta enpresa berriak ezartzeko testuinguru egoki bat diseinatzera bideratutako neurririk ez egotea” ezinegona, kezka eta gizartearen haustura eragin duten erabakiak hartzearekin lotu ditu.

Ildo horretan, PPNren ustez “sektarioak” diren neurriak errepasatu ditu eta haien artean aipatu ditu “obra handiak geldiarazi eta berrikustea esaterako Nafarroako Ubidea eta abiadura handiko trena”; ingelesa ikasteko programa (PAI) “berrikusteko geldiaraztea”, “gure ikasleak lan bat lortzeko orduan lehiakortasunari dagokionez baldintza okerragoetan uzten dituena”; “euskara jakitea inposatzea eta euskara sustatzea gaztelaniaren eta ingelesaren kaltetan, Nafarroako biztanleen % 13ak baino ez dakien hizkuntza bat denean”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 23. zk., 2015-10-30ekoa)