Publicada el Jueves, 22 de Octubre de 2015

Uxue Barkosek Nafarroako Ubidearen proiektua berrikustea beharrezkoa dela berretsi du

PSNren interpelazioari erantzun dio eta esan du ez duela "ziurtatzen kalitateko ura eta arrazoizko prezio batean izatea" eta berretsi du "Erriberaren beharrei erantzungo zaiela"

Nafarroako lehendakariak, Uxue Barkosek, baieztatu du Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ubidea “berrikusiko” duela “definituta dagoen moduan” izan ere, zehaztu duenez, azpiegitura honen bigarren faseak “ez du kalitateko ura eta Erribera zigortuko ez duen prezio batean ziurtatzen”.


Uxue Barkosek PSNk Parlamentuko Osoko Bilkuran egin zuen interpelazioari erantzun dio eta esan duenez bere Gobernuaren jarrera “zalantzarik gabe edateko, ureztatzeko eta industriarako kalitateko uraren beharrei erantzutea da, eta jarrera tinkoa izango du ur hori garestia izan ez dadin eta herritarrak zigortu ez ditzan”.


Alabaina, eztabaidatu du horren aurrean exijitzen den konponbide bakarra izatea ubidearen bigarren fasea planifikatuta dagoen moduan egitea, izan ere, “gaur ez da bermatzen azpiegitura hori diseinatuta dagoen moduan” kalitateko ura ahalbidetuko duenik herritarrak “zigortuko” ez dituen prezioan.


Barkosek ziurtatu du hori ez dela berak dioen zerbait. “Hainbat azterlanek diote eta aurreko Nafarroako Gobernuaren eta oraingo Gobernu zentralaren zenbait jarduketek diote. Gauzak orain definituta dauden moduan berrikusi behar dira. Eta azken hori aurreko Gobernuak Ministerioarekin batera proposatzen zuen”.


Horrela, Nafarroako Gobernuko buruak esan duenez, ez dira bete lehenengo faseko kontsumo-aurreikuspenak eta aurreko Gobernuak ez duen bigarren fasearen proiektua eguneratu. Era berean, “ezin izan da ziurtatu lana finantzatu ahal izateko moduan ote gauden. Horrek guztiak errealistak, zorrotzak eta serioak izatea eskatzen du. Datu horiek egin zena edo aurreikusi ez zena oso era zorrotzean berrikustera behartzen gaitu”.


Uxue Barkosek ohartarazi duenez, “eraikitzeko proiekturik ez dagoela jakinda”, Nafarroako Gobernuak 2016erako 37,3 milioi euroko kostua bere gain hartu behar du eta aurreratu du ezin duela aurrekontuen ahalegin ekonomiko hori “indartu”.


Beste kreditu bat eskatzea ez du bideragarri ikusten


Finantzazioa eskatzeko aukerari dagokionez, Barkosek oroitarazi du orain 125 milioi euroko kreditu bat dagoela, eta “haren finantzaziorako konpromisoak zailtasun handiz betetzen” ari direla “Canasaren diru-sarrerak murriztu egin direlako. hortaz, kreditu berri batean sartu nahi izatea xaloa eta arduragabea da. Zenbaitek duen presak herritarrek ura garesti ordaintzea eragiteak kezkatzen gaitu”.


Santos Cerdanek (PSN) babestu duenez, Nafarroako Ubidearen bigarren fasea “proiektu estrategiko bat da, eskualdearen orekarako funtsezkoa. Bigarren fasearen ura ez da nekazaritzarako bakarrik, baizik eta kalitateko ura behar duten udalentzat ere bai, besteak beste, Tuterarentzat, eta nekazaritzako produktuen industriarentzat. Nafarroan bizitza eta enplegua sortzen duen proiektua da”, esan du.


Javier Esparzak (UPN) Barkosek esandakoak entzun ondoren, ondorioztatu du Gobernuak ez duela krediturik eskatuko “ez duelako lehentasunik, berdin zaielako, eta hori hala da ez dutelako bigarren fasea egingo. Erantzukizuna berea ez dela esaten estali nahi izan du, baina argi eta garbi geratu zait ez dutela Ubidearen bigarren fasea egingo. Proiektu estrategiko bat da eta ez bada egiten zigorra ekarriko du, eta Erriberak ez du halakorik merezi”, gaitzetsi du.


Unai Hualdek (Geroa Bai) adierazi duenez, “azpiegiturak osotasunean izango dituen eraginak sakontasunez berrikusi behar dira aurrera egin aurretik” eta, Kontuen Ganberaren txosten bati aipamen eginez, esan du Ubidea “izugarri garestia da herritarrentzat. Aurrera jarraitzean tematzeak departamentuari eta sektoreari hipoteka izugarria ekarriko die”.


Dabid Anautek (EH Bildu) oroitarazi duenez, aurreko legegintzaldiko Nafarroako Gobernuak “zalantza ugari izan zituen azpiegitura honi dagokionez, eta horrek bigarren faseari ekin ordez, lehenengo fasea handitzea lehenestera eraman zuen”, eta esan du azpiegiturari dagokionez “kontu asko berriro ere kalkulatu beharko” liratekeela.


Eduardo Santosek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, bere jarrera da “Nafarroako Ubideari ez, baina Erriberarentzako urari bai. Ez zaigu azpiegitura honek eragiten duen gizarte eredua gustatzen: lur gutxiago, esku gutxiagotan, finantzaketa arazoak eta tasak igotzea”.


Javier Garciak (PPN) aitortu duenez, “harrigarria da Gobernuak zer-nolako ziurtasunarekin esan duen Erribera urik gabe utzi nahi duela eta Nafarroako Ubidearen bigarren fasea geldiarazi nahi duela, ez baitute beste aukerarik proposatu. Erriberak kalitateko ura izan dezan nahi baduzue, ekin iezaiozue bigarren faseari. Nafarroaren etorkizuna gabe arduragabe batzuen eskuetan uzten ari gara”.


Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) “UPNren eta PPNren eskutik entzun dituzten gisako diskurtso demagogiko eta interesatuetatik ihes egitea” defendatu du, eta esan du “Erriberako herritarrak norberaren interesetarako erabiltzen ari den norbait bada, talde horiek dira. Barkosek eztabaidatu ezin daitezkeen datuak eman ditu. I-Ek ezetz esaten dio proposatu diren baldintzetan Nafarroako Ubidea orain hedatzeari.