Publicada el Viernes, 20 de Marzo de 2015

Osoko Bilkurak hilaren 26an eztabaidatuko ditu Ikerketa Batzordeak gaur onetsi dituen ebazpenak

Irizpenak nagusiki UPN, Socialistas, PPN eta I-E parlamentu-taldeen ekarpenak jasotzen ditu, hurrengo legegintzaldian Ikerketa Batzorde berri bat sortzeko konpromisoa barne

CANen desagertzeari dagokionez arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko sortu zen Ikerketa Batzordeak ondorioen irizpena onetsi du gaur, hurrengo ostegunean, hilaren 26an, Osoko Bilkurara helaraziko dena behin betiko eztabaidatu eta bozkatu dadin.


Irizpenak nagusiki UPNren, Socialistas de Navarra parlamentu-taldearen, PPNren eta Izquierda-Ezkerraren ekarpenak jasotzen ditu, “hurrengo legegintzaldian Ikerketa Batzorde berri bat sortzeko konpromisoa” barne. Ikerketa lanei berriro ekiteko hitzarmenak, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek bultzatu dutenak, UPNren aurkako botoarekin eta PPNren abstentzioarekin egin du aurrera.


Ondorioei dagokienez, UPNk eta Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak esan dutenez, Ikerketa Batzordeari esker baieztatu da CAN kreditu-entitate izatetik banku-fundazio izatera pasatzea “Europar Batasunak bultzatu duen eta Gorte Nagusiek onetsi dituzten lege aldaketei jarraiki estatuko autoritateek gidatu duten berregituratzearen ondorio” dela.


Biek esan dutenez, errotik egin den berregituratze horren adierazpen nagusia da Espainian 2010 urtearen hasieran 45 aurrezki kutxetatik soilik bik mantentzen dutela kreditu-entitate izatera.


Halaber, UPNk eta sozialistek diote ezen kutxen fundazio gehienak desagertu diren arren, CAN Fundazioaren Obra Soziala mantendu dela, eta gainera “termino absolutuetan zein per kapita terminoetan sektoreko indartsuenetakoen artean dago oraindik”.


Era berean, UPNk eta SNk Nafarroako Kutxaren (% 50 baino gehiago) eta Banka Civicaren (% 60 baino gehiago) preferenteen jabeek eta azken hori burtsara atera zenean akziodunek lortu zuten errentagarritasuna beste finantza-entitate batzuetan gertatutakoarekin kontrajarri dute, izan ere, azken horien “berregituratzeak eta erreskateak herritarrei osotara 60.000 milioi euro baino gehiago kostatu zaie”.


Hortik aurrera, Socialistas de Navarra parlamentu-taldea bereizi egiten da, besteak beste, UPNren gobernuak “Nafarroako Parlamentuaren nahiei jaramonik egin gabe” burutu zuen Nafarroako Kutxa Fundazioaren “erregulazio aldebakarra” gaitzesteko, haren eustez “Nafarroako Kutxaren ondarearen gardentasunari, kudeaketari, mantentzeari eta sustatzeari dagokionez ez baita egokia”.


Bestalde, SNk adierazi duenez UPNren gobernuak “ez du CAN xehe eta eraginkortasunez ikuskatu”, eta dokumentu jakin batzuk “ez bidaltzea edo zatiak bakarrik bidaltzeak agerian uzten duen laguntzeko gogorik eza” deitoratzen du, eta ondorioztatzen duenez “parte-hartzeak ez izapidetzeak UPNren gobernuaren erantzukizun politikoak ikertzea oztopatu du”. Azken balorazio hori (boto partikular gisa mantentzen da) irizpenetik kanpo geratu den gogoeta bakarra izan da, UPN, Bildu eta Aralar-Nabai haren aurka agertu baitira. Besteak UPNk haien alde eman duen botoarekin PPNren eta atxiki gabekoen abstentzioekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haien aurka eman dituzten botoekin onetsi dira.


UPNk irizpenean egin dituen ekarpen guztiak SNren eta PPNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haien aurka eman dituzten botoekin onetsi dira.


PPNk irizpenean egin dituen hausnarketen hasieran Parlamentuaren funtzioa defendatzen dute, izan ere, “Nafarren ordezkari legitimoa den aldetik, Nafarroako Kutxa finantza-entitate gisa desagertzeari dagokionez erantzukizun politikoak ikertzera eta mugatzera behartuta dago”.


Gobernuak CANen gainean kontrolik ez izateari dagokionez, PPN Kontuen Ganberaren azkeneko txostenean babesten da “entitatea desagertzera eraman zuen prozesuarekin bat egin zuen funtsezko une batean” Gobernuak funtzioak alde batera utzi zituela baieztatzeko. Utziera hori Espainiako Bankura ere hedatzen da, “horrek ere ez baitzuen entitatearen finantza-jarduera ikuskatzeko zeregina guztiz bete eta Nafarroako Gobernuak burututako azterlanen ondorioz, 1982 eta 2011 artean hutsalak izan ziren”.


Testuinguru horretan, adierazten denez “Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kutxa Banca Civican sartzea ez baimentzea, talde berria burtsara ateratzea eta Caixa Bankek barne hartzea ez datoz bat Nafarroako Gobernuak” 2000 urtean “Nafarroako Aurrezki Kutxaren eta Iruñeko Aurrezki Kutxaren arteko fusioan parte hartu izanarekin”.


Era berean, “Nafarroako Kutxaren Fundazioak laguntzarik eman ez izana” azpimarratzen da, haren ordezkaritza organoak “politizatzea” gaitzesten da eta era eraginkorrean kontrolatzeko gaitasun eza “dieten sistema bat ezartzeari eta kargu publikoei lotutako organo opako bat sortzeari (Batzorde Iraunkorra)” egozten zaio.


Azkenik, 2002an Nafarroako Kutxak buru izan zuen zuzendaritza taldeak egin zuen kudeaketa “oso kaltegarria” izan zela esaten da, “gerora entitatea nola desagertu zen ulertzeko osagai erabakigarri izatera bihurtzeraino”.


PPNk irizpenean egin dituen ekarpenak UPNk haien aurka eman duen botoarekin, SNren abstentzioarekin eta gainerakoek haien alde eman duten botoarekin onetsi dira.


Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak, bestalde, “argi” du “bestelako kudeaketa eta erabaki batzuekin Nafarroako Kutxak 2008ko eta 2011ko finantza-krisiei biziraun zekiekeela”. Haren ustez, desagertzearen jatorria “proiektu faraonikoaren megalomanian datza. Hazkunde eta hedatze zikloa etengabea izango zela pentsatzeak CAN fundatu zeneko xedea (Nafarroaren garapen soziala eta ekonomikoa) alde batera uztea ekarri zuen eskualdeko kutxa bat estatuko eta nazioarteko finantza-entitate batean bihurtzeko saiakeran”.


I-Eren esanetan, “Nafarroako Gobernuaren erantzukizun politikoak agerikoak dira, izan ere, hura ados egon gabe zuzendaritza eta kudeaketa taldeak ezin izango zuketen halako hedatze prozesu zentzugabea abian jarri”, Kontuen Ganberaren txostenetik ondorioztatzen denez. Horren harira, Kontuen Ganberak “hedatze planaren, aldez aurretiko erretiroen edo zuzendaritza taldearen kostuei” buruzko datuak adierazgarriak direla dio.


Azkenik, I-Ek adierazi du Ikerketa Batzordeak ezin izan duela bere xedea bete, nagusiki Nafarroako Kutxaren Fundazioari, Caixa Banki, Espainiako Bankuari edo Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) buruzko informazio ezagatik, I-Eren ustez “erabakigarria”.


I-Ek irizpenean egin dituen ekarpenak UPNk haien aurka emandako botoarekin, SNren abstentzioarekin eta gainerakoek haien alde eman duten botoarekin onetsi dira. Azkeneko lerroak soilik bazter utzi dira (gaia hurrengo legegintzaldian jorratzen jarraitzeko nahia), UPNk haien aurka eman duen botoarekin eta SNren eta PPNren abstentzioekin.


Bildu-k eta Aralar-Nabaik batetik, eta atxiki gabekoek bestetik, egin dituzten ekarpenak ondorioen irizpenetik kanpo utzi dira UPNk haien aurka eman duen botoarekin eta SNren eta PPNren abstentzioarekin. Biak hala biak, alabaina, boto partikular gisa mantentzen dira Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatu daitezen.


Ondorioei buruzko idatzian, Bildu-k eta Aralar-Nabaik Nafarroako Kutxa Fundazioak duen informazioa Batzordearen esku jartzerako “borondaterik ez izatea” azpimarratu dute, baina Kontuen Ganberak bi taldeek hala eskatuta egin duen txostena goraipatzen dute, izan ere, “egin ahal izan den azterlan bakarra da eta hortik ateratako ondorioak garrantzitsuak izan dira”.


Bildu-k eta Aralar-Nabaik Nafarroako Gobernuari “ikuskatze eta babeste funtzioak erabat alde batera utzi izana” egozten diote, izan ere, “nahitaezkoa izan arren, fusioan eta Banca Civica eratzeko prozesuan ez da baimentzerik ageri. Utziera hori Entitate Fundatzaileen Batzordera iristen da, haren agiriak aztertzetik ondorioztatzen baita inoiz ez zela baloraziorik, hausnarketarik edo eztabaidarik egin”.


Era horretan, argi utzi ondoren “ezin izan dela baieztatu CANen hainbat organotan parte-hartzeagatik Gobernuko kideei 2000 eta 2012 artean emandako dietak justifikatuta zeudenik”, adierazten da “2009 eta 2012 artean ondare galera izugarria egon zela (1003,532 milioi)” eta CAN “okerrera joatea eta gerora desagertzea” zuzendaritza taldearen kudeaketari egozten zaio, eta ez krisiari.


Ildo horretan, aipatzen dira funtsik gabeko gastuak (Viálogos, CANen bezeroentzako VIP bidaiak, Administrazio Kontseiluko kideentzako opari bereziak), justifikatzeko zailak diren eragiketa ekonomikoak, “Banca Civicaren barneko estimazioen arabera 4.000 milioi baino gehiagoko galerak” ekarri zituztenak, eta langileei egindako ordainketak “2000 eta 2012 artean 300 milioi baino gehiagoko gainkostuarekin”. Hori guztia “entitatearen ondare artistikoan gertatutako garbitzea” kontuan hartu gabe, “2011n egindako ikuskatze baten arabera, haren inbentarioan 745 pieza falta” baitira.


Atxiki gabekoek, bestalde, aitortzen dute ez daudela “Nafarroako Kutxa finantza-entitate gisa zergatik desagertu zen osotasunean eta era ulergarrian azaltzeko” moduan, “ez eta haren ondarearen eta ordainetan jaso ziren akzioen balioa 1.000 milioietan zergatik gutxitu zen azaltzeko ere, 2009an desagertu zen arte ia % 80rainokoa”.


Atxiki gabekoek arrazoi gisa eman dute ezin izan dutela “funtsezkoa zen informaziora” sarbiderik izan, eta horiek beharrezkoak zirela argitzeko “galera horietatik zeintzuk dagozkion Banca Civicari eta zeintzuei egin behar izango zitzaien aurre Nafarroako Kutxa gisa jarraitzekotan. Herritarrei oraindik ez zaie azalpen argi eta ulergarririk eman Kutxa desagertzeari eta, bide horretatik, galdu genituen 1.000 milioiei dagokienez”.


Osoko Bilkurak onetsitako ondorioak auzitegientzat ez dira lotesleak izango eta ez dute epaien ebazpenetan eraginik izango. Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta Foru Diputazioari jakinaraziko zaizkio, nahiz eta Parlamentuko Mahaiak Zerga Ministerioari helaraziko dizkion, behar denean, egoki diren jarduketak egiteko.


Onetsi diren arauek xedatzen dutenez, Batzordearen xedea da ikertzea arduradunek, Administrazio Batzordea eta Nafarroako Kutxaren Zuzendaritzako kideak, hartutako zein erabaki izan diren Nafarroako Foru Komunitatea egungo egoerara eraman dutenak, bertako finantza-tresna garrantzitsuena eta beharrezkoena galdu baitu, baita prozesu osoak eta burututako abusuek eragin dituzten erantzukizun politikoak zehaztea ere.


Ikerketa Batzordeak egokitu zaien lana amaitzean iraungiko dira, eta bestela, ekitaldia amaitzerakoan.


Ikerketa Batzordearen burua Segio Sayas (UPN) da, baina gainera Carlos García Adanero (UPN), Santos Cerdán, Juan José Lizarbe (Socialistas de Navarra), Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa (Bildu), Patxi Zabaleta, Xabi Lasa (Aralar-Nabai), Ana Beltrán eta Amaya Zarranz (PPN), Txema Mauleón, Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) eta Manu Ayerdi (atxiki gabekoa) parlamentariek osatzen dute.