Publicada el Jueves, 11 de Diciembre de 2014

Nafarroako Gobernua komunikabideetan euskara sustatzeari dagokionean legea betetzera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

"Lege iruzurra" deritzotena zuzentzera deitzen dute, Parlamentuak, Arartekoak eta Euskararen Aholkularitza Batzordeak eskatu duten moduan

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta PPNk haren aurka eman duen botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak “aitortzen du euskarazko hedabideek Nafarroan euskararen berreskurapen eta garapenean egiten duten lanaren garrantzia eta nafar herritarroi eskaintzen diguten zerbitzua”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “18/1986 Euskararen Legea bete dezan, euskara hedabideetan sustatzeko neurriak hartzeari dagokionez”. Idatz-zati hori eta ondorengo biak SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haien alde eman dituzten botoekin eta UPNk eta PPNk haien aurka eman dituzten botoekin onetsi dira.

Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “Parlamentuak hainbatetan egin dion eskaera bete dezan, alegia, hedabideekin hitzarmenak lantzeko, euskarazko hedabideen biziraupena eta lana modu egonkorrean ziurtatze aldera”.

Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da “aurrekontuetan euskara sustatzeko diru partida gauza dezan, eta diru-laguntza deialdia argitara dezan, diru kopuru nahikoarekin, eta ahalik eta lasterren bana dezan. Gainera, deialdia egiteko irizpideak azken urteetan erabilitakoak izan daitezela, alegia, euskara hutsez jarduten duten hedabideak lehenestea diru-laguntzak esleitzerakoan”.

Zioen azalpenean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik bultzatu duten ebazpenak Euskararen Legean xedatzen dena aipatzen du, zeinaren arabera Administrazio Publikoei dagokien “komunikabide sozial publiko eta pribatuetan euskararen presentzia mailaz maila sustatzeko diruz eta materialez laguntzeko planak gauzatzea”. Zeregin hori baina “gutxieneko betetzearen” eta “erabateko omisioaren” artean egon da.

Gauzak horrela eta Nafarroako Parlamentuak, Arartekoak eta, orain dela gutxi, Euskararen Aholkularitza Batzordeak eskatu duten moduan, mozioa proposatu dutenek eskatzen dute Nafarroako Gobernuak “euskaraz aritzen diren komunikabideekin hitzarmenak sina ditzan”, “lege-urratzea” deritzotena konpontze aldera.

Ildo horretan, azpimarratzen da eremu euskaldunean aritzen diren euskarazko komunikabideak “azken 25 urteetan gutxienez diruz lagunduak izan direnak, azken 3 urteotan diru-laguntzarik gabe geratu” direla.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 124. zk., 2014-11-14koa)