Publicada el Jueves, 27 de Noviembre de 2014

Nafarroako lan elkartuko kooperatiba sozietate-txikiei buruzko foru legea aintzat hartzea onetsi dute

Kalitateko enplegua sustatzeko enpresa txikienei, 10 langile arterainoko mikroETEak, hobe egokitutako formula sozietarioen bidez

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako lan elkartuko kooperatiba sozietate-txikiei buruzko foru legea aintzat hartzea aho batez onetsi du gaur.

Talde guztiek eta atxiki gabekoek bultzatu duten lege proposamenaren xedea lan elkartuko kooperatiba sozietate-txikien ereduaren bidez mikroETEak sortuz kalitateko enplegua areagotzen laguntzea da.

Horretarako eta Europar Batasunaren proposamenaren babesean, izaera administratiboa duten betebeharrak sinplifikatzearen alde egiten da, hartara enpresa txikienen errealitatera hobe egokituko zaizkien sozietate formulak ezartzeko, bereziki hamar langilerainoko mikroETEenera.

Ildo horretan, prozedura eta tresna telematikoen garapenak posible egiten duenean, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira dokumentu elektroniko bakar batek mikro kooperatiba sozietateak eratzea ahalbidetu dezan. Behin bitartean, ekintzaileak artatzeko Guneak jarriko dira, izapidetze administratiboaz dohain arduratuko direnak.

Xedatzen denez, mikro kooperatiba sozietatea gutxienez 2 eta gehienez 10 iraupen mugatugabeko bazkide langilez osatuta egongo da, lanaldi osoan edo partzialean.

Izaera juridikoa jasotzen denetik gehienez ere 7 urteko epean, bai lanaldi osoan bai lanaldi partzialean iraupen mugatuko bazkide langile kopuru bat izan ahalko dute, baina zenbateko hori ezingo da iraupen mugatugabeko bazkide langile kopurua baino handiagoa izan.

Halaber 7 urteko epean, kontratu mugatugabea duten besteren konturako langile kopurua ezingo da bost baino handiagoa izan, beharrizan objektiboak direla-eta zifra hori hiru hilean baino gehiagoan luzatu ezingo den epean gainditu behar dutenean izan ezik. Baimen zioduna izatea beharrezkoa izango da, 30 eguneko epean alorrean eskumena duen departamentuak ebatziko duena. Isiltasun administratiboa dagoen kasuetan, baimen hori eman dela ulertuko da.

Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren zazpi urte horiek igaro ondoren, kontratu mugatugabea duten besteren konturako langileak kontratatzeko eta iraupen mugatuko bazkide langileen muga Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legeak ezartzen dituenak izango dira.

Bazkideen ekarpenei dagokienez, bi bazkidez osatutako mikro kooperatiba sozietateen kasuan % 50ekoa izango da. Besteren konturako langileei iraupen mugatugabeko bazkide langile edo iraupen mugatuko bazkide gisa sartzeko exijitu dakizkiekeen hasierako ekarpenak entitatean sartu den azken bazkide langileak derrigorrez egin dituen ekarpen totalaren hainbestekoak izango dira gehienez, egoki diren eguneraketekin, eta inoiz ez Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) argitaratu duen KPIa baino handiagoa.

Mikro kooperatiba sozietate sartzeko beste entitate bat osatu, egokitu edo bihurtzeko eskritura publikoa eta Nafarroako Kooperatiben Erregistroan izena ematea beharrezkoa izango da.

Alorrean eskumena duen departamentuak gizarte estatutuen eredu orientagarri bat onetsiko du, zeinak gobernurako, kudeaketarako eta ordezkaritzarako (administratzaile bakarra, administratzaile solidarioak edo mankomunatuak edo Artezkaritza-kontseilua) organoa osatzeko jarrai daitezkeen bideak izango dituen, lege honetan eta Nafarroako Kooperatibei buruzko 14/2006 legean aurreikusten denaren arabera. Organo hori beti bazkide langileek osatuko dute.

Artezkaritza-kontseilua aukeratzen den kasuetan, gutxienez bi pertsonek osatuko dute, lehendakariak eta idazkariak, 5 urteko epean. Adostasunak gehiengo sinplez hartuko dira eta lehendakariak kalitate botoa izango du.

Gizarte estatutuen eredu orientagarria erabiltzeak aldez aurretiko kalifikazio izapidetzetik salbuestea ekarriko du, baldin eta aldaketak egiten ez badira eta izen emateko epea 48 ordu baino gehiagokoa ez bada.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 113. zk., 2014-10-24koa)