Publicada el Viernes, 10 de Octubre de 2014

Nafarroako Gobernua testuliburu eta eskola-materialen kontrola susta dezan premiatzen duen mozioa bazter utzi dute

LOMCE berriki ezartzeak eta materialak berritzeko epea zabaltzeak eragin dituzten inguruabar bereziak kontuan hartzeko eskatzen zen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin eta SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka eman dituzten botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren 2013-2017 aldirako Plan Estrategikoan jaso dezan ikastetxeen testuliburuak eta eskola materialak LOMCEri egokitzea”.

Bazter utzi den mozioak bigarren idatz-zati bat zuen non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Hezkuntzako Ikuskaritzako Zerbitzuaren programak, ikastetxeek beraiek taxututako materialak kontrolatzekoak, indartzea, LOMCEri eta Nafarroako curriculum ofizialari egokitzen zaizkiela egiaztatzeko”.

Bildu-k eta Aralar-Nabaik ordezkatze zuzenketa bat aurkeztu dute, ekimenaren titular PPNk onetsi ez duena. Bertan, “LOMCE ezartzea behin eta berriro gaitzesten zuten”. Hala, Nafarroako Gobernua premiatzen zuten “ikastetxeetan aniztasuna eta elkarbizitza sustatzera, Foru Komunitateko errealitate soziala, kulturala eta linguistikoa abiapuntu hartuta”. Gainera, Hezkuntzako Ikuskaritza Zerbitzuaren ahalegina eskatzen zuten, kasu honetan, ikastetxeen eta irakasleen autonomia errespetatuz “aholkularitza eta laguntza bultzatzeko”.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen mozioak aipatzen zuen parlamentu-talde popularrak hala eskatuta eta 2013ko azaroan onetsi zen ebazpen baten bidez Parlamentua bereziki interesatuta agertu dela ikastetxeek beraiek taxututako material didaktikoen kontrola dela eta. Horrez gain, PPNk hainbat inguruabarri erreparatuta, besteak beste LOMCE berriki ezarri delako, “ikuskatze eginkizuna indartzea gomendatzen du”.

Halaber, proposatu duen taldeak aipatzen zuenez kontrola ezartzeko beste arrazoi bat da Hezkuntza Departamentuak ikastetxeek materialak arian-arian berritzeko epea urtebetetik bi urtera handitu duela.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 95. zk., 2012-09-05ekoa)