Publicada el Jueves, 13 de Febrero de 2014

Nafarroako Gobernua zerbitzu publikoak jasaten ari diren okertzeari amaiera eman diezaion premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Lan edo lansari baldintzetan egiten den aldaketa orok Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren ordezkaritzaren erdiaren babesa izan dezan eskatzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, Nafarroako Gobernua “gure erkidegoan zerbitzu publikoak jasaten ari diren okertzeari amaiera eman diezaion” premiatzen duen ebazpena onetsi du gaur.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “langile publikoen ordezkariekiko negoziazioari berriro ekin diezaion esparru guztietan”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Parlamentuak “errefusatu egiten du sektore publikoko langileei lan- eta lansari-baldintza berriak inposatzea foru dekretu eta foru agindu bidez”.

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “sektore publikoko langileen lan- edo lansari-baldintzen aldaketa oro egin dadin Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean alderdi sozialak duen ordezkaritzaren erdiaren babesarekin gutxienez ere”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek gastu murrizteko politiken eragina bikoitza dela ohartarazten du, izan ere, alde batetik, “gizartearen haustura handitzen dute, gizarte txiroago eta desorekatuago bat sortuz”, eta bestetik, “lan baldintzetan aldaketa handia eraginez, negoziazioaren bidez lortutako oreka zapuztuz”.

Horregatik, herritar guztien eta bereziki sektore “ahulenen” “bizi-kalitateari” erasotzen dioten “murrizketa eta austeritate” politika horien eraginak konpontzeko “justizia sozialaren” terminoetan krisitik ateratzeko irtenbide bat bilatzearen alde egiten da, zeinak ez duen zerikusirik “botere ekonomikoek zerbitzu publikoen aurka ematen dituzten mezuekin, azken horiek zorpetzearen eta egoera ekonomikoaren errudunak bailiran”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 9. zk., 2014-01-17koa)