Publicada el Jueves, 9 de Enero de 2014

Parlamentuak herri ekimeneko euskaltegien lana aintzatetsi du

Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea planifikatzea eskatu da, baina hezkuntzaren alorrekoaren parekidea den itun sistemari buruzko eskaerak ez du aurrera egin

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak “herri ekimeneko euskaltegien lana aintzatesten” duen “haien lanaren bidez milaka herritar euskaldundu direlako azken 40 urteetan zehar”.


Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “‘Euskaltegiei eta Gau Eskolei’ dagokien partida ahalik eta azkarren eslei dezan eta, maila berean, neurriak har ditzan 2014an gerta ez dadin aurten gertatu dena”.


Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Gizarte Politiketako Departamentua premiatzen du “Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari dagokion plangintza bat era dezan, adierazleak zehaztuz, eta noiz eta nork zer eginen duen argi azalduz”. Idatz-zati horrek, aurrekoaren era berean, UPNk eta PPNk haren aurka bozkatu badute ere, aurrera egin du.


Mozioak laugarren idatz-zati bat zuen, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin bazter geratu dena. Bertan, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Euskaltegiekin finantzazio itun sistema bat ados dezan, urteko diru-laguntzen gora beheratik ihesi, itunpeko hezkuntzaren finantziazio sistemaren pareko zerbait eraikiz”.


Zioen azalpenean, Bildu-k bultzatu duen ebazpenak 2013ko azken osoko bilkuran helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari buruzko politika orokorraren arloan egin zen jabelduraren edukia aipatzen du. Horren karietara, herri ekimeneko euskaltegiek egindako lana balioesten du, berez Administrazioarenak diren zereginak betetzeagatik.


Ildo horretan, azpimarratzen da eskaintza pribatuan “80 toki” daudela, (herriak eta auzoak) eta Gobernuak ordea, soilik ezaugarri horietako lau ikastetxe dituela (Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialak, Zubiarte eta Euskarabidea). Bildu-ren ustez, “ez dira nahikoa” euskarari buruzko legearen xedapenak betetzeko.


Proposatu duen taldeak Gobernuak alor honetan ematen duen babesa zalantzan jartzen du “nahikoa ez” izategatik. Finantzazio iraunkor eta urteroko bat eskatzen du eta euskaltegi eta gau-eskolentzako 2013rako esleipena blokeatzea –oraindik geldirik dago- “jasanezintzat” jotzen du.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 2. zk., 2014-01-08koa)