Publicada el Jueves, 28 de Noviembre de 2013

Espainiako Gobernua Melillako muga-perimetroan jartzen ari diren hortz-hesia berehala kentzeko agin dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Neurria etika eta moral orotatik at dagoela jotzen da, zeinak etorkinak etsitzea ez lortzeaz gain, giza eskubideen alorrean atzerapauso deitoragarri bat dakarren

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bilduk, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNk haren aurka emandako botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “Melillako muga-perimetroan paratzen ari den kontzertina izeneko hortz-alanbrea berehala kentzeko agin dezan, etorkinez osotasun fisikorako kaltegarria izateagatik”.

Onetsi den ebazpenak bigarren puntu bat du, non Espainiako Gobernua premiatzen den “jatorriko herrialdeekiko garapenerako lankidetzako politikak berreskura ditzan; izan ere, immigrazioak pertsona horiek beren herrialdeetan bizi duten egoera desesperatuarekin zerikusia dauka”.

Onetsi den ebazpenak hirugarren puntu bat zuen, soilik SNren babesa jaso duena; bertan, Espainiako Gobernua premiatzen zen “bestelako neurri batzuk har daitezen; esate baterako, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako profesionalen zuzkidura areagotzea Melillako mugan, edo Marokorekiko lankidetza eraginkorra hobetzea, Melillatik hurbileko itxaronaldi jendetsuak ekiditeko”. UPNk ez du bozkatu eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka egin dute.

Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek idatz-zati hori kentzea xede zuen zuzenketa bat aurkeztu dute, izan ere, haien ustez “estatuaren segurtasuna ziurtatzea poliziak kontrol handiagoa ezartzearekin lotzeak berriro ere immigrazioa kriminalizatzea dakar”; alabaina, ekimenaren titular den Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak ez du onetsi.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen ebazpenean “deitoratzen du lehentasuna eman dakiela Europar Batasunaren segurtasun politikei, ezen ez pertsonen bizitzari”. Gainera, azpimarratzen du kontzertinak berriro ezartzeagatik etorkinek ez dute etsiko eta “atzerapauso bat izanen da etorkinen eskubideen arloan”. Halaber, hainbat erakunde eta adituren iritziak bere egiten ditu eta neurri hori “etika eta moral orotatik at” dagoela dio.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 132. zk., 2013-11-15ekoa)