Publicada el Jueves, 14 de Noviembre de 2013

Parlamentuak Begoña Urien, Anai Astiz eta Koldo Amezketa Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko (S.M.P.) Administrazio Kontseiluko kide izendatu ditu

Parlamentuko Osoko Bilkurak, isilpeko bozketaren bidez, Nafarroako Enpresa Korporazio Publiko izeneko sozietateko Administrazio Kontseilurako izendatu beharreko hiru kideak hautatu ditu gaur.

Anai Astiz Medrano (40 boto), Koldo Amezketa (35) eta Begoña Urien Angulo (39) izan dira hautatuak. Lehendabiziko biek kargua errepikatzen dute eta Socialistas de Navarrak eta Aralar-Nabaik eta Bildu-k proposatuak izan dira, hirugarrena aldiz, UPNk aurkeztua. 10 boto zuri egon dira.

Parlamentu-taldeek hiru pertsonez osatutako hautagaitzak aurkezten ahal zituzten, banaka nahiz batera. Horietako bi sexu batekoak izan behar ziren eta hirugarrena beste sexu batekoa. Alabaina, PPNk eta I-Ek ez dute hala egin eta, beraz, UPNk, PSNk eta Aralar-Nabaik/Bildu-k proposatutakoak hautatu dira.

Bozketa txartelen bidez egin da, eta zenbat kide hautatu behar ziren, horrenbeste izen jar zitzakeen txartelean parlamentari bakoitzak.

Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa sortzeari buruzko Foru Legeak eta hitzarmenak xedatzen dutenez, kideen heren bat Nafarroako Gobernuak (korporazioko sozio bakarra) proposatuko du, beste heren bat Nafarroako Parlamentuak eta azken herena sozio bakarrak hautatuko du izen handiko profesionalen artean.

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa sortzeari buruzko Foru Legea onetsi zuen 2009ko ekainaren 11n. Legearen xedea “sozietate publikoek ematen dituzten zerbitzuak optimizatzea” da.

Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak sozietate publiko guztiak hartzen ditu (fundazioak kanpo geratzen dira). Sozietate horiek eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera bi jarduera sektoretan antolatzen dira: administrazioaren sektorea (interes publikokoa) eta lehiakortasunaren sektorea (izaera industriala edo merkataritza izaera duena).

www.parlamentodenavarra.es/castellano/boletines.asp
• Kideak hautatzeko arauen argitalpena (NPAO, 122. zk., 2013-10-25ekoa)