Publicada el Jueves, 14 de Noviembre de 2013

Nafarroako Gobernua Parlamentuak onetsitako zenbait foru lege bete ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Gobernuari jarreraz aldatzeko eskatzen zaio, Nafarroako Parlamentuak onesten dituen legeak "behin eta berriro bete gabe uzten" ditu-eta

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko neurri urgenteei buruzko 24/2013 Foru Legea bete dezan, etxebizitza hutsen erregistroa sortzeari dagokionez”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “8/2013 Foru Legea bete dezan; horren bidez, Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen zaie Nafarroan bizi diren pertsonei”.

Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “17/2012 Foru Legea bete dezan eta ez ditzan itundu, horrenbestez, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe eta ikasgeletako irakaskuntzak, eta, hartara, kasuko ikastetxeekiko itunak alda ditzan, lege horrek xedatzen duen moduan”.

Gainera, dei egiten da “8/2010 Foru Legea bete dezan, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenari lotutako produktuen salmenta erregelamendu bidezko garapenari dagokionez” eta “seme-alaben jagoletza gurasoen bizikidetza hausten den kasuetarako arautzen duen martxoaren 17ko 3/2011 Foru Legea bete dezan”.

Amaitzeko, “Toki Inbertsioen Planari buruzko 16/2008 Foru Legea bete dezan” eskatzen da.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabaik bultzatu duen ebazpena Parlamentuak onetsitako legeak “behin eta berriro bete gabe uzteagatik” iragan urriaren 24an egindako Osoko Bilkurari dagokio. Horren karietara, azpimarratzen da beharrezkoa dela “gobernuari oraindik ere behin eta berriro eskatzea jarreraz aldatzeko eta huts egiten ez jarraitzeko”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 128. zk., 2013-11-08koa)