Publicada el Jueves, 27 de Junio de 2013

Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko neurri urgenteei buruzko Foru Legea onetsi dute

Hutsik dauden etxebizitzen parkeak murrizteko eta hipoteka-betearazpen prozesuan dauden etxebizitzak aldi baterako bahitu ahal izateko neurriak aurreikusten ditu, kaleratzeak saiheste aldera

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko neurri urgenteei buruzko Foru Legea onetsi du gaur. Legea Osoko Bilkuran osatu da, horretarako testua sustatu dutenek sinatu duten zenbait zuzenketa gehituz. 

Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai, I-E eta atxiki gabekoek aurkeztu duten Foru Legearen xedea da “etxebizitzaren eginkizun soziala bermatzea, hartara, egun duen merkatuaren legeei atxikitako kontsumorako ondasun izaera gaindituta, Konstituzioaren 47. artikulua betetzeko, horretarako lurzoruaren erabilera interes orokorraren arabera arautzeko beharrezkoak diren arauak sustatzeko gai izanen den ekintza publiko bat erabiliz”.

Horretarako, “espekulazioa saihesteko” eta etxebizitza “duin eta egoki” baterako eskubidea ziurtatzeko jabetza pribatuarekiko eskubidea mugatzen duen eginkizun sozialarekin bat, are gehiago “larrialdi ekonomiko eta sozialeko” egoera batean, arauak hainbat neurri proposatzen ditu hutsik dauden etxebizitzen parke “neurrigabea” gutxitze aldera.

Azken helburua “nahikoa ez den eskaintza eta prezio desegokiak” direla-eta ase gabeko eskariari erantzutea da. Horretarako, halaber, “gehienbat kaleratzeak direla-eta hipoteka betearazpenetatik eratorritako etxebizitzen pribatizazio prozesu ugariak” mugatuz.

Horretarako, Legeak etxebizitzak hutsak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu, desjabetzeko zenbait arrazoi definitzen ditu eta etxebizitza arloko ikuskarien esku uzten ditu “ikertzeko, egiaztatzeko eta espediente zigortzaileak abiarazteko” zereginak. Ildo horretan, bi urteko epea ezartzen da etxebizitza hutsik mantentzeagatiko arau-hastea burututzat hartzeko.

Gainera, arauak Gobernuari sei hilabeteko epea ematen dio etxebizitza hutsen zerrenda bat abian jartzeko. Halaber, hutsik dauden etxebizitzen zergapetze bat ezartzea jasotzen du, zeinak udal zergaren oraingo zenbatekoa bikoiztuko duen. Azken horrek, hutsik dauden etxebizitzen zergari dagokionak, araudi izaera hartuko du eta horretarako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatuko da, zeina bereizi izapidetzen baiten.

Bestalde, kaleratze prozesuan dauden banku entitateen etxebizitzak aldi baterako, gehienez ere 5 urterako, bahitzeko aukera aurreikusten da. Era horretan, ukitutako familiak epe horretan eta “haien diru-sarreren % 25a gaindituko ez duen gizarte alokairu bat ordainduz” higiezinean geratu ahalko dira.

“Gizarte intereseko” derrigorrezko desjabetze honen onuradun izan ahalko dira haien diru-sarrerak batuta Efektu Anitzeko Errenta Adierazlea 3 aldiz gainditzen ez duten familia unitateak. Alabaina, familia unitateak hiru kide dituen kasuetan, aipatu muga 3,25ean jartzen da, lau dituenean 3,50ean eta bost kidetik aurrera dituenean kide bakoitzarengatik 0,25 gehituko da.

Bestalde, etxebizitza babestuak ordainean ematea baimentzen da, baldin eta hipotekei ezin bazaie aurre egin edo aurre egiteko zailtasunak badaude. Era horretan, haiek jasotzeko zeuden mugak aplikatzeak sortutako arazoak saihestuko dira.

Etxebizitzak alokairu publikoko burtsetan jartzea sustatze aldera, haien titularrentzako zenbait onura jasotzen dira, bai pertsona fisikoentzat, bai juridikoentzat. Besteak beste, aipatzen dira etxebizitza hutsa deklaratzeko prozeduren esparruan epea kentzea, hartara egiazko biztantze egoera justifikatzeko; eta titularrari errenta ordaintzeko bermea, higiezina bitartekotza programan sartuz (maizterrek hala nahi izanez gero, haiek mantenduz), hipoteka-kreditu bat ordainean emate bitartez eskuratutako etxebizitzen kasuan, hipoteka-subrogazioaren edo antzeko negozio juridiko baten bidezko salerosketa.

Gainera, maizterren segurtasun juridikoa bermatze aldera, administrazioari etxebizitzen alokairua kudeatzeko baimena ematen zaio, bere kasa nahiz “ezein entitate publikoren, parte-hartze publikoa duten elkarteen, irabazi asmorik gabeko fundazio eta entitateen” bitartez.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 53. zk., 2013-05-21ekoa)