Publicada el Jueves, 23 de Mayo de 2013

Konpromiso sozialeko proiektuei aplikatzekoak zaizkien pizgarri fiskalak arautzen dituen Foru Legea onetsi dute

Gizarte entitateei babesa eman nahi die, herritarren konpromiso handiago bat bultzatuz, laguntza eta gizarteratze programen inpaktua handitzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, PPNk eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, Bildu-ren eta Aralar-Nabairen abstentzioekin eta I-Ek haren aurka emandako botoarekin, ‘Konpromiso sozialeko proiektuaren’ zigilua lortzen duten proiektuei aplikatzekoak zaizkien pizgarri fiskalak arautzen dituen Foru Legea onetsi du gaur.

Arauaren xedea da laguntza fiskala ematea gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren eta berdintasunaren arloan jarduerak gauzatzen dituzten proiektuei, betiere “eraginkortasun-, efizientzia- eta gardentasun-eskakizunak” betetzen badituzte.

Horretarako, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko indarreko 10/1996 Foru Legean xedapen gehigarri berri bat txertatu da, egokiro bereizteko eta “hobetzeko”, batetik, “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzen duten proiektuetarako pizgarriak, eta, bestetik, legearen gainerako artikuluetan ematen diren beste pizgarri fiskalak. Xedapenean, halaber, zigilua lortzeko prozedura arautzen da.

Era horretan, toki entitateei babes guztia eman nahi zaie, hartara, herritarren “mobilizazio eta konpromiso” handiago bat bultzatuz, “pertsona eta kolektibo ahulenen garapenean, autonomian eta gizarteratzean” eragiten duen proiektu ororen inpaktua handitzeko.

“Konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua jaso ahal izateko prozedurari dagokionez, kontseilariaren foru aginduaren bidez urtean behin egindako deialdian oinarrituta, betebeharrak zein esku-hartze ildo nagusiak ezarriko ditu. Halaber, gizarte entitateek eta aipatu zigilua jaso lezaketen programa eta proiektuek betebehar eta ildo horiek definitzen lagunduko dute.

Ebazpen horretan zehaztuko da, halaber, kasuan kasuko proiektua irabazi-asmorik gabeko zein entitatek gauzatuko duten, bakarka nahiz beste batekin edo batzuekin elkarlanean. Entitate horiek “proiektuan aurkeztu den jarduera ez den beste jarduera independente bat ” egiaztatu beharko dute.

Laguntzak jaso dituzten entitate onuradunek proiektuak abiarazteko funts “minimoak” ez izateagatik proiektu horiek gauzatzen ez badituzte, haiek “berregiteko” aukera izanen dute, betiere dagokion ekitaldiaren deialdian zehaztutako esku-hartze ildo nagusietara egokitzen badira eta dagokion organo kudeatzailearen onespena badute.

Hala ez bada, emaileei haien diru-laguntza bueltatu beharko diete, era horretan, pizgarri fiskala galduz. Ez itzultzeak berriz ere ‘konpromiso sozialeko’ zigilua jaso ahal izateko orduan entitatea “gaitasungabetzea” ekarriko du.

Programak eta proiektuak zehazteaz gainera, foru aginduak esku-hartze horiek gauzatzeko esparrua zehaztuko du, halako moldez non soilik Foru Komunitatetik antolatutako proiektuek jaso ahal izanen baituten ‘konpromiso sozialeko’ zigilua.

Zigilua lortzen duten proiektuak Parlamentuko Gizarte Politiken batzordean aurkeztu beharko dira onesten direnetik hiru hilabeteko gehienezko epean.

Onura fiskalei dagokienez, Legeak pertsona fisikoei zein juridikoei zuzendutako hainbat onura jasotzen ditu. Lehengoei dagokienez, PFEZan % 40 kuotatik kentzea baimentzen da, baita konpromiso sozialeko proiektuak gauzatzen dituzten entitateekin izenpetutako lankidetza hitzarmenen ondorioz ordaindutako zenbatekoen portzentaje hori bera ere.

Bestalde, pertsona juridikoek bi onura fiskal izango dituzte. Batetik, zerga-oinarria zehazteko, dohaintzan emandako zenbatekoak eta konpromiso sozialeko proiektuak finantzatzera bideratutako lankidetza hitzarmen gisa ordaindutako zenbatekoak kengarritzat hartuko dira. Bestetik, kuota likidoari % 20ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute.

Zerga-oinarriari kendu ahal zaion zenbatekoak ez du kentze hori egin aurreko zerga-oinarriaren % 30 gaindituko, ez eta negozio zifraren zenbateko garbiaren milako 3a ere.

“Bateraezina” izanen da xedapen gehigarri honetan araututako onura fiskalak eta foru lege honetan ezarritako gainerakoak zenbateko berberetarako jasotzea. Gainera, bi beharkizun bete beharko dituzte: ekarpenak eta dohaintzak egiazkoak direla eta benetan erabili direla egiaztagiriekin frogatzea, eta ezarritako eredu eta epeekin jakinaraztea zerga arloko administrazioari.

Gizarte Politiketako kontseilariak urtean urteko ekainaren 30a baino lehen aurreko ekitaldiko emaitzen memoria bat helarazi beharko du, zeinak finantzaketa jaso duten proiektuen zerrenda eta haien zenbatekoa jasoko dituen, bai eta tributu-figura eta kontzeptu gisa xehatutako onura fiskalen zenbatekoa ere.

Horrekin guztiarekin, lege honen baliagarritasuna “ebaluazio etengabean” egotea bilatzen da, hartara, gehitutako “onura fiskalak egokitu, handitu edo kentzeko”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 34. zk., 2013-03-27koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 50. zk., 2013-05-13koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 50. zk., 2013-05-13koa)