Nafarroako Gobernua hizkuntza-eskubideak betetzeko beharrezkoak diren prozedurak ezar ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute
Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Nabai-k, Bildu-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren kontra emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Ganberak “Justizia Administrazioak Botere judizialari buruzko 19/2003 Lege organikoaren irakurketa murriztailea egitean izan duen jarrera deitoratzen duen, euskaldunen hizkuntza-eskubideak betetzeko oztopo baita”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du, non Espainiako Gobernua premiatzen den “indarrean dagoen araudiari jarraiki, euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespeta ditzan, bereziki Justizia Administrazioan, haiek bermatzeko beharrezkoak diren neurri eta mekanismoak hartuz, eta horrela, Eskualdetako Hizkuntzen eta Hizkuntza Gutxituen aldeko Europako Kartaren konpromisoak betez”.
Onetsitako ebazpenak hirugarren puntu bat zuen, UPNk eta PPNk kontra emandako botoekin eta Bildu-ren abstentzioarekin bazter geratu dena. Bertan, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Euskarari buruzko Foru Legeak xedatutakoari eta gauzatzen duten arauei jarraiki, beharrezkoak diren prozedurak ezar ditzan Nafarroan bizi diren pertsona guztien hizkuntza-eskubideak betetzeko, nahiz eta horiek betetzea Estatuaren eskumena izan”. SNk, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek emandako babesa ez da nahikoa izan.
Onetsitako ebazpena Nabai-k (ekimenaren titularrak) eta Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak elkarrekin sinatutako in voce ordezkatze zuzenketa baten ondorio da.
Zioen azalpenean, Nabai-k bultzatutako ebazpenak Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legea bete dadin eskatzen du, zeina “gutxienekoen” lege bat den, “oso urrun gelditzen den nafar guztien berdintasuna hizkuntza eskubideei dagokienez bermatzetik”, “euskararen ofizialtasuna eremu euskalduna deiturikoa mugatzen duelako eta ez delako gizarteratzeko tresna erabilgarri bat”.
Horri dagokionez, proposatu duen taldeak irizten du 18/1986 Legearen izpiritua ez datorrela bat Nafarroako Gobernuak 1996an sinatu zituen adierazpenekin, esate baterako, Bartzelonako hizkuntza eskubideei buruzko adierazpen unibertsalarekin.