Publicada el Jueves, 25 de Octubre de 2012

Neurri fiskalak eta zenbait zerga aldatzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk kontra emandakoekin, Neurri fiskalak eta zenbait zerga aldatzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.

Nabai parlamentu-taldeak aurkeztu duen Foru Lege proposamenak zerga alorrean “premiazko” neurri batzuk hartzea proposatzen du; esaterako, Sozietateen gaineko zergan kenkariak mugatzea, errenta altuenen zerga-tasa handitzea eta kapitaleko errenta eta laneko errenta zerga-oinarri bakar batean bateratzea.

PFEZari dagokionean, proposatzen da gehieneko zerga-tasa % 49tik % 56ra igotzea, lau tarte berri sartzea eta zerga-oinarri bakar batean laneko errentak eta kapitaleko errentak bateratzea, bai eta etxebizitzagatiko gehienezko kenkaria 200.000 eurora murriztea ere.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionean, zerga-tasa murriztuagoa % 25ean mugatzea proposatzen da; beste alde batetik, 15 urtetik 3 urtera murrizten da subjektu pasiboek egun duten epea, aurreko zergaldietako likidazio-oinarri negatiboen murrizketak aplikatu ahal izatekoa. Horrek guztiak “hobari, kenkari eta arinketen mordoiloarekin bukatzea” du helburu, zeinak zerga-tasak jaisteari lotuta, enpresek “arauak ezartzen duen zerga-tasatik oso urrun” dagoen zerga-tasa bat izatea ahalbidetzen baituen.

Era berean, Kapital aldakorreko inbertsio kolektiboko sozietateei (SICAV) jasotzen zuten trataera berezia deuseztatu nahi da (% 1eko zerga-tasa dute), Sozietateen gaineko Zergaren zerga-tasa izateko. Gainera, SICAV horietarako kapitala eratzeko eta handitzeko operazioetarako Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan jasotzen den salbuespena indargabetzea aipatzen da.

Ondareari gaineko Zergari dagokionean, 200.000 eurora murrizten da zergatik salbuetsita dagoen ohiko etxebizitzaren balioa, eta likidazio-oinarria salbuetsita dagoen gutxienekoagatik zerga-oinarria 300.000 euro murriztearen emaitza izanen dela aipatzen du.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 75. zk., 2012-09-25ekoa)