Publicada el Jueves, 11 de Octubre de 2012

11/1998 Foru Legea, Batxilergoa, gradu ertaineko heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena, onetsi dute

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak ekainaren 3ko 11/1998 Foru Legea onetsi du gaur, Batxilergoa, gradu ertaineko heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena.

SN, NaBai, Bildu-Nafarroa eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek onetsitako Foru Legearen alde bozkatu dute; UPN eta PP parlamentu-taldeek ordea, kontra bozkatu dute.

Onetsitako Foru legeak gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoaren inguruko araudi berri bat du, zeinaren arabera “ezin izanen dute egin foru lege honetako 1. artikuluan araututako itunik sexu bakar bateko ikasleak soilik onartzen dituzten ikastetxeek, edo sexuaren arabera bereizitako taldeetan irakasten dutenek, edo modu batera edo bestera baterako hezkuntzaren printzipioa aplikatzen ez dutenek”. Onetsitako testua Izquierda-Ezkerra taldearen ekimena izan zen, eta Osoko Bilkuraren aurreko irakurketa bakarraren prozeduraren bidez onetsi da. Testu originalari 2. bis puntua txertatu duen zuzenketa bat gehitu zaio, zeina Foru Legearen osotasunaren alde egin duten taldeek sinatu eta onetsi duten.

Gaur onetsi den Foru Legeak artikulu bakarra du eta honakoa dio:

Artikulu bakarra. Xedapen gehigarri bat gehitzen zaio uztailaren 3ko 11/1998 Foru Legeari, zeinak arautzen baitu Batxilergoko ikaskuntzak, maila ertaineko prestakuntza-zikloak eta gizarte-bermeko programak ematen dituzten gizarte-ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa. Hona:
 

“1. Ezin izanen dute egin foru lege honetako 1. artikuluan araututako itunik sexu bakar bateko ikasleak soilik onartzen dituzten ikastetxeek, edo sexuaren arabera bereizitako taldeetan irakasten dutenek, edo modu batera edo bestera baterako hezkuntzaren printzipioa aplikatzen ez dutenek.
 

2. Halaber, ezin izanen dute itunik egin Foru Komunitateko administrazioarekin sexu bakar bateko ikasleak soilik onartzen dituzten haur, lehen edo derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikastetxeek, edo sexuaren arabera bereizitako taldeetan irakasten dutenek, edo modu batera edo bestera baterako hezkuntzaren printzipioa aplikatzen ez dutenek.
 

2.bis. Alabaina, aurreko puntuek adierazten dituzten itunak Nafarroako Gobernuaren adostasunaren bidez luzatu ahal izango dira, soilik ikastetxe horietan matrikulatuta dauden ikasleek egiten ari diren derrigorrezko hezkuntza-etapak finantzatu arte jarraitu ahal izan dezaten bermatzeko”.
 

3. Erabat deusezak izanen dira xedapen honetan ezarritakoaren aurka ematen diren egintza guztiak”.

Foru Legearen zioen azalpenak honakoa dio:
 

“Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 1.1 artikuluak ezartzen duenez, Espainiako hezkuntza-sistemak, Konstituzioaren balioei jarraiki antolatuta eta Konstituzioan aitortutako eskubideekiko eta askatasunekiko errespetuan oinarrituta, jarraibide izanen du “eskubide-berdintasunaren eta aukera-berdintasunaren garapena, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorraren sustapena”. Printzipio horrekin bat, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeari buruzko 84. artikuluko 3. idatz-zatian xedatzen du ez dela diskriminaziorik izanen honako arrazoi hauengatik: jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia, edota beste edozein egoera edo zirkunstantzia pertsonal edo sozial”.
 

Auzitegi Gorenak oraintsu azaldu duenez –uztailaren 23ko 5492/2012 eta uztailaren 24ko 5498/2012 epaiak–, “sexuen arabera bereizitako hezkuntza-sistemaren zilegitasuna onartzen bada ere, administrazio eskudunarekin funts publikoen bidezko finantzaketa itundu ahal izatetik bazter gelditzen dira ikastetxe horiek. Ondorio hori heldu da 2/2006 Lege Organikoko 116.1 artikulutik, ondokoa xedatzen baitu: “Lege honetan doakotzat ezarritako irakaskuntzak eskaintzen dituzten eta 108. eta 109. artikuluetan xedatutakoaren esparruan eskolatze-premiei erantzuten dieten ikastetxe pribatuak itun-erregimenari lotu ahal zianen zaizkio, legez ezarritako baldintzetan”. Artikulu horretako 2. idatz-zatiak, berriz, hauxe xedatzen du: “Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikastetxeen artean, egoera ekonomiko txarrean bizi diren ikasleak dituztenek eta hezkuntza-sistemarako interes pedagogikoa duten esperientziak egiten dituztenek izango dute itun-erregimenari lotzeko lehentasuna. Nolanahi ere, lehentasuna izango dute, arestian adierazitako irizpideak betez gero, kooperatiba-erregimenean eratuta dauden eta erregimen horretan diharduten ikastetxeek”. Ituna egitea ahalbidetzen duten irizpide horien artean ez da inolaz ere aipatzen ikastetxeak baterako hezkuntzaren sistemari atxikitzea. Baina argi dago ezen, aldez aurretik, 2/2006 Legeko 84. artikuluak, zeinak espresuki aipatzen baitu “ikasleen onarpena”, itunak egin ahal izatetik bazter utzi dituela sexuen arabera bereizten dituzten ikastetxeak, 3. idatz-zatian debekatu egiten baitu sexua dela-eta diskriminatzea ikasleen onarpena, eta diskriminazio hori aurretiazkoa da, ituna egin ahal izateko gainontzeko baldintzak baino lehenagokoa; eta argi dago, orobat, “sexuen arabera bereizitako hezkuntzaren aldeko hautua egiten duten ikastetxe horiek itunak egin ezin izateak ez duela gurasoen inolako eskubide konstituzionalik ere ukitzen, zeren eta gurasoek ikastetxea libreki hautatzeko eskubidea mantentzen baitute, ez eta ideario edo izaera berekiko ikastetxeak sortzeko titularrena ere, eta ez da zenbait ikastetxek, legeak ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, itunik egin ezin izateagatik urratzen Konstituzioko 27. artikuluko 9. idatz-zatia ere”.
 

Halaber, lege organiko horretako hogeita bosgarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, “eskubideen eta aukeren berdintasuna bultzatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzeko, hezkuntza-etapa guztietan baterako hezkuntzaren printzipioa garatzen duten zentroek lehentasuna izango dute Lege honetan jasotako aurreikuspenen aplikazioan, Espainiak izenpetutako nazioarteko hitzarmenetan xedatutakoa aparte utzi gabe”.
 

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoko 24. artikuluak –“Berdintasun-printzipioa hezkuntza-politikan barneratzea”– hezkuntza-administrazioei agintzen die ondoko jarduketak egitea, besteak beste, euren eskumenen esparruan: “proiektuak eta programak garatzea, xede dutenak hezkuntza-erkidegoko pertsonen artean suspertzea baterako hezkuntzari eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarriari buruzko printzipioen ezagutza eta zabalkundea”.


Xedapen horiek hezkuntzari buruzko foru-araubidean jasotze aldera eta itunpeko ikastetxe pribatuetan baterako hezkuntzaren printzipioa bultzatzen dela eta ikasleak onartzeko prozeduran sexuarengatiko diskriminaziorik ez dagoela ziurtatze aldera, bidezkoa da berariazko xedapen bat jasotzea, hezkuntza-itunak egin ahal izatea horren arabera baldintzatuko duena”.

www.parlamentodenavarra.es
Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 70. zk., 2012ko irailaren 7koa)