Publicada el Jueves, 14 de Junio de 2012

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzko Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk alde emandako botoekin eta Nabai-k, Bildu-k eta I-Ek kontra emandakoekin, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzko Foru Legea onetsi du gaur, besteak beste lanaldia luzatzea eta, oro har, 65 urterekin derrigorrez erretiroa hartzea jasotzen dituena.


Arauaren helburua da Legez hartutako tributu neurriak osatzea Nafarroako Ogasunaren bilketa ahalmena indartzeko, izaera antolatzaileko beste batzuekin, “gastuak murriztera” bideratuko direnak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen “lan-baldintzak aldatuz”.

Kontuan harturik uztailaren 1ean indarrean sartzea aurreikusten diren neurri horien zergatia “aurrekontuen eta ekonomiaren egoera” dela, neurri gehienen indarraldia 2012. urtera mugatzen da. Aurrerago aztertuko da hurrengo ekitaldietarako hedapen “osoa edo partziala” izateko aukera.


Zehazki, Legeak lan-baldintzetan eragiten duten zortzi neurri jasotzen ditu, igaro den otsailetik indarrean sartutako beste lau antolamendu-neurriei batzen zaizkienak. Horiekin, Nafarroako Gobernuak I kapituluan (langileak) 25 milioi euro inguru aurreztea aurreikusten du. Kapitulu horrek 2011n 1.156 milioi euroko gastua suposatu zuen; oraingo ekitaldirako aurrekontuetan ordea, 1.143 milioi esleitu zaizkio.

1.- Nahitaezko erretiroa 65 urte beteta, salbuespenak salbuespen (70 urteak arte soilik pentsio-eskubidea sortu ez denean, zerbitzuak emateko ezinbestekoa denean eta irakasleen kasuan ikasturtea bukatu arte). Hiru hilabeteko epea ematen da, nahitaezko erretiroa hartzeko adina beterik, gaur egun jardunean dauden langileek erretiroa eskatzeko (eskatu ezean ofiziozkotzat joko da).

2.- Elementu aldakorren ordainketa etetea, oporraldiei dagokiena (jaieguneko lana, gaueko lana eta bertan egon beharreko guardiak eta guardia lokalizatuak).

3.- Familia laguntza etetea diru-sarrerarik ez duen ezkontidearentzat edo bikotekide egonkorrarentzat.

4.- Lanaldia luzatzea Administrazio Publikoetako langileei, oro har sektore publikoarentzat hartutako neurriei jarraiki. Urtean 1.628 orduko lanaldia finkatzen da (egun 1.592 ordukoa) eta era berean gainontzeko lanaldietan aplikatzen (goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan aritzen direnentzat 1.493 ordukoa; lanaldi malgua dutenentzat -basozainentzat- 1.548 ordukoa; gauetako txanda finkoa dutenentzat 1.571 ordukoa; goiz eta arratsaldeetako txanda dutenentzat, igande eta jaiegunetan lan eginda, 1.590 ordukoa; eta lanaldi zatitua dutenentzat, igande eta jaiegunetan lan eginda, 1.605 ordukoa).

Urteko lanordu kopuruaren banaketa Administrazio bakoitzak egin ahal izanen du beharren arabera. Zenbait kolektibok eta esparruk dagokin Mahaian beharrezko negoziazioa egiteko aukera izanen dute. Nafarroako Gobernuak foru agindu berri bat argitaratuko du izaera orokorreko egutegiarekin.

5.- Dietak kentzea, zerbitzua dela-eta egin beharreko bidaien kalte-ordain gisa ezarritakoak. Justifikatutako gastuen zenbatekoa baizik ez da itzuliko.

6.- Prestazioak mugatzea, osasun publikoak barne hartzen ez dituenak eta erabilera berezia osasun-laguntza sistemari heltzen dioten funtzionarioek aitortuak dituztenak, besteak beste optika eta odontologia (onuraduneko eta urte naturaleko 200 euroko muga).

7.- Sindikatuko liberatuei buruzko neurriak: gaur egun sindikatuek duten ordu kreditua %10 murriztea, indarrean dagoen araudiak, bai Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan bai Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan, ezartzen duen kredituen gainetik dagoena; bai eta haien ohiko jardunez gain zerbitzu gehigarriak eta ezberdinak egiteagatik aurreikusitako konpentsazioak ezabatzea.

8.- Goi-karguei buruzko neurriak: funtzionario diren goi-kargu ohientzako osagarri pertsonala murriztea, dagokion mailaren hasierako soldata %10eraino; bizi- eta istripu- aseguruak indarrik gabe uztea; soilik funtzionarioentzat den erabilera bereziko osasun laguntzako zerbitzutik ateratzea; eta seguritate sozialean kotizatzea ezeztatzea, lansaritik deskontatua izango dena.

Bi in voce zuzenketa Osoko Bilkuran
Osoko Bilkurako eztabaidan, UPNk eta SNk bi in voce aldatze zuzenketa atera dituzte aurrera. Lehenengoa, funtzionarioen lanaldia enpresa publikoen zerbitzura dauden langileenarekin eta goi-karguenarekin parekatzeko; halako moduz non bi kolektiboek astean 37,5 ordu lan egingo dituzten, egun baino 50 minutu gehiago alegia.

Parekatze hori, alabaina, aldi baterako izango da enpresa publikoen langileentzat; izan ere, etorkizunean “beste hitzarmen kolektibo eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren berariazko batean edo enpresa publiko desberdinen berariazko hitzarmen kolektibo zehatzetan lanaldiaren iraupena eta gainerako lan-baldintzak arautzen diren arte” bakarrik egongo da indarrean. Zuzenketa horrek UPNren, SNren eta PPNren babesa jaso du, Bildu-ren eta I-Eren abstentzioa eta Nabai-ren kontrako botoa.

Onetsitako bigarren zuzenketaren helburua da abenduaren 13ko 21/2010 Foru Legeak osasun mentalaren esparruan langileen egokitzearen inguruan ezarritako aldaketa ezabatzea, sindikatuekin “bat etorriz”, gaiari Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideako arloko Mahaian ekiteko asmoz.

Hortaz, ezeztatzen dira Nafarroako Osasun Mentalari buruzko 21/2010 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarria, Osasun Mentalaren Zuzenbidearen egitura ezartzen duena; 5/1999 Foru Aginduaren 1.go eta 2. artikuluak, Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden langileen dietak eta kilometrajea direla-eta kalte ordainak xedatzen dituena, bai eta, dagokionean, toki entitateei buruzko araudiena ere. Bigarren zuzenketa honek UPNren, SNren eta PPNren aldeko botoak izan ditu, Bildu-ren abstentzioa eta Nabai-ren eta I-Eren kontrako botoak.

Nabai-k (3), Bildu-k (9), PPNk (8) eta I-Ek (8) aurkeztutako zuzenketak ez dira aurrera atera.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege Proiektuaren argitalpena (NPAO, 55. zk., 2012-06-01ekoa)