Publicada el Jueves, 26 de Abril de 2012

Parlamentuak Aurrekontu, tributu eta finantza arloko presako neurriei buruzko abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege-dekretua arbuiatzen duela adierazten duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur, SN, Nabai, Bildu eta I-Ek alde emandako botoekin eta UPN eta PPNk kontra emandakoekin, ebazpena onetsi du zeinaren bidez Ganberak “arbuiatzen duen Aurrekontu, tributu eta finantza arloko presako neurriei buruzko abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege-dekretua. Izan ere, Parlamentuaren ustez, neurri horiek ez dute balio krisi ekonomiko larriari aurre egiteko; aitzitik, lanpostu gehiago suntsitzea eta langabezia areagotzea ekarriko dute.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du, zeinetan, halaber, Nafarroako Gobernuak adierazten duen “banku publiko bat berreskuratzearen alde dagoela, gai izanen dena kreditua helarazteko familiei nahiz enpresa txikiei eta ekonomia errealaren zerbitzuan egonen dena, ez ekonomia espekulatiboaren zerbitzuan”.

Era berean eta hirugarren atal batean, Parlamentuak adierazten du “gizarte-murrizketen aurka dagoela, eta oinarrizko zerbitzu publikoak sendotzea exijitzen du, hala nola osasuna, hezkuntza edo mendekotasuna”.

Mozioak azken puntu bat zuen, UPN, SN eta PPNk kontra emandako botoekin baztertu dena, Parlamentuak Nafarroako Gobernuari exijitu ziezaion “zerga-erreforma oso bat onestea, gehikortasunaren eta justizia fiskalaren printzipioekin bat, Euroguneko zerga-presioaren batez bestekoan jarriko gaituena, zergak igoko dizkiena errenta handiak dituztenei, enpresa-irabaziei, ondare handiei eta kapital-errentei, eta zerga-iruzurraren aurkako borroka eraginkor eta globala abiaraziko duena”. Nabai, Bildu eta I-Ek alde bozkatu dute.

Zioen azalpenean, I-Ek bultzatutako mozioa “merkatuaren kolpeaz” mintzo da eta, horri dagokionez, aipatzen du dekretu horrek 2010eko maiatzetik aplikatu izan diren “murrizketa-politiken bidea jarraitu eta areagotzen” duela. Gainera, dioenez, neurri horiek “ez dute defizitaren arazoa konpontzen, eta ez dute enplegua sortzen laguntzen. Hasitako bideak atzeraldira eta depresiora eraman gaitzake”.

Horregatik, eta “ekonomia produktiboa eta enplegua sustatzeko” asmoz, “borondate politikoa” eskatzen da iruzur fiskalari aurre egiteko eta; bestalde, laneko errenten eta PFEZaren bidezko diru-sarreren gaineko presioa orekatuko duen bidezko neurriak eskatzen dira; lan-errentak eta kapital-errentak jasaten dutena baino “askoz handiagoa” baita.

Gainera, “100.000 milioi gehigarriko abal berria” ere zalantzan jartzen da, “familiei eta enpresei kreditua eman gabe jarraitu” arren eta ezarri zenetik “lehenengo aldiz”, lanbide arteko gutxieneko soldata izoztu arren bankuei eman baitzaie.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 13. zk., 2012-02-03koa)