Publicada el Jueves, 9 de Febrero de 2012

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergan aldi baterako zerga-tasa osagarria ezartzen duen, eta atxikipen eta kontuko sarrera jakin batzuk aldatzen dituen Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur onetsi du, UPN eta SN Parlamentu-taldeen aldeko bozekin, eta Nabai, Bildu eta I-E Parlamentu-taldeen aurkako bozekin, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan aldi baterako zerga-tasa osagarria ezartzen duen, eta atxikipen eta kontuko sarrera jakin batzuk aldatzen dituen Foru Legea.

Irakurketa bakarreko prozeduraz izapidetuta, Legearen jatorria 20/2011 Errege Lege Dekretua da, abenduaren 30ekoa, defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, zerga eta finantza arloko premiazko neurriei buruzkoa. 2012 eta 2013ko zerga aldietarako Gobernu zentralak ateratako arau horrek Foru Gobernuak aintzat hartzea egokitzat jo dituen zenbait aldaketa sartzen ditu PFEZaren gainean, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako harmonizazio-irizpide nagusietan ezarritakoaren arabera, presio fiskal baliokidea mantentzeko “beharrari” dagokionean bereziki.

PFEZaren erreforma —hasiera batean 2012 eta 2013an soilik indarrean egongo dena— Foru Erkidegoko diru-sarrera publikoak “kontsolidatzeko eta indartzeko” beharraren ondorio ere bada, defizit publikoaren helburua “eskuragarria” izan dadin, jarduera ekonomikoaren “desazeleraziorako joera nabaria” duen testuinguruan.

Hori horrela, Legeak tasa kopuruak 8tik 11ra handitzen ditu eta zerga-karga 0 eta 5 puntu bitartean igotzea ezartzen du; igoera horrekin aurten 50 milioi inguru biltzea eta, datorrenean, 65 milioi inguru biltzea espero da.

Gehienezko tasa % 49an ezartzen da “Estatuarentzat orokorrean ezarritakoa baino 5 puntu gutxiago”, eta gutxieneko tasa, errekargutik libre dauden 3.825 eurorainoko errentekin, % 13an. Kapital-errenten kasuan, igoera % 1 eta 5aren artean dabil, Estatu mailan xedatutakoaren aurrean, Estatukoa % 2tik 6ra doa-eta.

UPN, SN eta PPN Parlamentu-taldeek ez dituzte onetsi Nabai Parlamentu-taldeak (2), Bildu Parlamentu-taldeak (3) eta I-E Parlamentu-Taldeak (4) aurkeztutako zuzenketak; zuzenketon helburua zergak biltzeko gaitasuna handitzea zen, “zuzentasun horizontala eta bertikala hobetuz”, hau da, laneko errentarik handienenen zerga-ordainketa “handituz” eta “behintzat, Estatukoarekin berdinduz” kapital-errenten gaineko presio fiskala.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege Proiektuaren argitalpena (NPAO, 12. zk., 20120-2-1ekoa)